Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak agerraldia egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, eskola-adineko kirolaren arloan 2/2023 Legea garatzeko hartuko dituen neurriak azaltzeko. Azaldu duenez, eskola-kirolaren kudeaketa bere osotasunean Eusko Jaurlaritzari ez dagokion arren, "belaunaldi gazteenetan kirola eta jarduera fisikoa bultzatzea etorkizunean eraiki nahi dugun Euskadiren aldeko inbertsioa da”. Era berean, etorkizuneko helburuetako bat Euskadi Europako herrialde aktiboenetako bat izatea dela gogorarazi du.
Agerraldian, Gorka Iturriaga zuzendariak azaldu du Eusko Jaurlaritzaren lana, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan, Euskadiko Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko martxoaren 30eko 2/2023 Legearen barruan kokatzen dela. Lege horretan, alderdi askoren artean, eskola-kirola aipatzen da, eta, Iturriagak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza dagokion horretan ari da lanean, hau da, jarduera fisikoaren eta eskola-kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak, kirol-diziplinako araubidea eta lehiaketak arautzen, bai eta etorkizunerako eredua proposatzen ere.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak azaldu duenez, hori ezin du Eusko Jaurlaritzak bakarrik egin, eta, horregatik, inplikatutako gainerako erakundeekin eta eragileekin lankidetzan lan egingo duela azpimarratu du. Horrela, belaunaldi gazteenetan, zehazki eskola-adinean daudenetan, kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko abian dauden ekintza batzuk zerrendatu ditu.
- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskal Kontseiluaren Dekretuaren izapidetzea amaitzea.
- Eskola Kirolari buruzko 125/2008 Dekretua berritzea.
- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Kontseiluaren barruan Legean aurreikusitako Unibertsitate Kirolaren Euskal Azpibatzorde bat sortzea.
- Jarduera fisikoan eta kirolean edozein arrazoirengatiko indarkeria, intolerantzia eta diskriminazioa prebenitzeko lanean jarraitzea.
- Eskola-adinean dauden gazteen presentzia sustatzea goi-mailako kirolean.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)