Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila

Euskadiko saltokien erreleboa bultzatu du Berriz Enpresak

Argitalpen-data: 


      Berriz_enpresa.jpeg

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kanpaina bat abiarazi du Berriz Enpresaren programa ikusarazteko, merkataritzaren, ostalaritzaren eta ostatuaren sektoreetan belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzak Eusko Ganberen lankidetzarekin bultzatzen du programa, alde batetik, negozio finkatua duenari eta hori transmititu nahi duenari laguntzeko, eta bestetik, negozio bat erosi nahi duten ekintzaileei laguntzeko.

Enpresa transmititu nahi duenarentzat, programak laguntza integrala eskaintzen du: erosle potentzialen bilaketatik hasi eta negozioaren balorazio ekonomikoan laguntzea, negozioa sustatzea, salmenta-dosierra egitea eta itxiera-prozesu osoan laguntzea.

Ekin nahi dutenentzat, Berriz Enpresak bide bat eskaintzen ondokoetarako: beren profil profesionalarekin bateragarriak diren negozioak identifikatzea, bideragarritasuna aztertzea, aholkularitza juridikoa, enpresa-plana egiten laguntzea, finantzaketa bilatu eta eskuratzea, eta abian jartzeko prozesu osoan zehar laguntzea. Negozio bat abian jartzeko ez baita beti zerotik hasi behar.

Programaren ezagutza zabaltzeko, kanpaina bat egin da prentsan, irratian eta telebistan. Lehen ekintzak ekainean hasi dira, eta urte amaierara arte luzatuko. Helburua da transmititu daitezkeen negozio gehiago erakartzea eta eskatzaile gehiagorengana iristea. Kanpainaren zati handi bat kasu arrakastatsuen testigantzetan oinarritzen da. Kasu horietan, merkatariek, erakundeetako ordezkariek eta ekintzaileek beren bizipena partekatu dute, plangintza, aholkularitza eta laguntza instituzionalaren bidez tokiko negozioen jarraipena nola bermatu daitekeen azaltzeko.

 

Belaunaldien arteko erreleboa eta ekintzailetza komertziala

Teknologia berriek, bilakaera soziodemografikoak eta kontsumo-ereduen aldaketek sektorea eta merkataritza-enplegua eraldatu dituzte. Soldatapeko enpleguak gora egiten duen bitartean, enplegu autonomoak behera egiteko joera du. 2024an merkataritza sektoreko enplegua % 0,6 hazi da, baina sektore horretako autonomoak % 2,2 murriztu dira.

Horregatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila ekintzailetzari eta enpresa-transmisioari laguntzeko programa guztiak indartzen ari da. Hori da Berriz Enpresa programaren kasua, ibilbide luzea egina duena, edo aste honetan onartu diren ekintzailetza komertzialerako laguntza berriak, euskal merkataritzari 2,42 milioi euro emango dizkienak.

Javier Hurtado sailburuak aurkezpenean gogorarazi duenez, “gero eta sektore zaharragoa dugu, eta negozio bat hasteko asmoa duten pertsona guztiei laguntzeko programak sustatu behar ditugu. Laguntza berrien eta enpresen transmisiorako programen bidez egiten dugu, besteak beste, Berriz Enpresaren bidez, jardunean diren negozioen jarraipena bermatzeko. Sektorearen zahartzea errealitate bat da, baina belaunaldien arteko erreleborako eta tokiko merkataritzaren jarraipenerako aukera gisa ere ikusi behar da”.

/www.berrizenpresa.com/

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)