Osasun Saila

Gaur izan dira Osakidetzako 3.535 plaza eskaintzen diren 2018/19ko LEP-en lehen azterketak

2022-06-18

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak LEP hau antolatzeko Osakidetzak eginiko ahaleginaren balioa nabarmendu du; LEP horren bidez, egonkortasun handiagoa eskaini nahi zaio plantillari

UPV/ EHUren Vitoria-Gasteizko Elurreta Ikasgelategian izango da, gaur eta bihar (ekainaren 18a eta 19a), Osakidetzaren 2018/2019ko LEPen azterketen lehen deialdia; 3.535 plaza eskaintzen dira.  LEPa bi fasetan banatzen da, eta, hartan, 38.654 pertsona izango dira lehen faseko 1.611 plazen hautagai. Lehen fase honetan, Lehen Mailako Arretarekin lotuta dauden kategoriak jasotzen dira, “hura sendotzeko eta egonkortasun handiagoa emateko”; hala, bertan daude Familia Medikuntzarako 332 plaza eta Pediatriarako 51 plaza.

 

Hori horrela, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak LEP hau antolatzeko Osakidetzak eginiko ahaleginaren balioa nabarmendu du. Hura Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak, oro har, enplegu publikoaren egonkortasunerako eta kalitaterako duten konpromisoaren eta borondatearen erakusgarrietako bat da. “Badakigu Osakidetzako onena bertako profesionalak direla. Haien egoera finkatu eta hobetu nahi dugu”, esan du. Gainera, Sagarduik animo-mezua bidali nahi izan die egunotan EAEko Osasun Zerbitzuan plaza bat jabetzan lortzea helburu duten pertsona guztiei.

 

LEHEN FASEA: DATA, LEKUA ETA ESPEZIALITATEA

2018/19ko LEPean 3.535 plaza eskaintzen dira, eta prozesua bi fasetan banatu da. 2018-2019ko LEPen lehen faseko azterketak ekainaren 18an eta 19an izango dira, Vitoria-Gasteizko UPV/EHUren Ikasgelategian, eta uztailaren 2an eta 3an, BECen. (Ikus datari, lekuari eta espezialitateari buruzko xehetasunak).

 

38.654 izangai, guztira, Osakidetzaren 2018-2019ko LEPeko lehen faseko 1.610 plazetarako. (Ikus espezialitateen araberako izangaiei buruzko xehetasunak).

 

Bigarren fasekoak aurtengo udazkenean izango dira.

 

LEHEN MAILAKO ARRETA

 

Guztira, 3.535 plaza, LEPen bi fasetan banatuta; guztira, 19 kategoria dira, besteak beste,  Lehen Mailako Arretakoak. Haiei lehentasuna eman nahi izan zaie, ahalik eta plaza kopuru handiena egonkortzen saiatzeko. Osakidetzak gogorarazten du LEPen bidez plantillak finkatu eta egonkortasun handiagoa eman ahalko zaiola Lehen Mailako Arretari, bai eta osasungintza-sistema osoari ere.