Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Katillotxu I eta V multzo megalitikoak hesi berria du

KT-PAN_01.JPG

2021-07-15

  • Busturialdeko Agiri elkarte arkeologikoaren eskariz, Katillotxu I eta V multzo megalitikoan hesi berria ezarri dute Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuaren eskutik
  • Duela 12 urte egindako indusketa lanen ostean instalatutako itxituraren ordez, paisaian integratutako hesi berri bat jartzeko beharra zegoen
  • Eusko Jaurlaritzaren kultur ondare izendapena duen Sollubeko estazio megalitikoaren barruan daude Katillotxu I eta V trikuharriak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zerbitzuak finantzatu du Mundakako Katillotxu I eta V monumentu megalitikoen hesi berria. Busturialdeko Agiri elkarte arkeologikoak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren Lankidetza-Kontseiluan aurkezturiko proposamenaren ondotik egin da hesia.

Agiri elkarteko kide Juan Carlos López Quintana-ren esanetan, 2009an egindako indusketa arkeologikoen ondoren ezarritako itxitura perimetrala hondatuta zegoela ikusirik, beharrezkoa zen hesi berri bat jartzea. Hiru arrazoi nagusi aipatu ditu horretarako: batetik, monumentu-multzo garrantzitsua da (Eusko Jaurlaritzaren monumentu-multzo izendapena du); bestetik, bibliografiaren ikuspegitik garrantzi akademikoa duen monumentua da; eta, azkenik, Urdaibaiko ibilbide megalitikoaren barruan dago.

Paisaian ahalik eta inpaktu txikiena duen itxitura ezarri nahi izan da; hala, monumentu-multzoa dagoen eremutik pasatzen den pistaren zatia bakarrik hesitzea eta aztarnategiaren gainerako zatia 30 cm-ko altuerako piboteekin mugatzea erabaki da. Ekainaren 21ean amaitu ziren hesi berria jartzeko eta eremua garbitzeko lanak.

Sollubeko estazio megalitikoa

Sollubeko estazio megalitikoa kultur ondare gisa dago izendatua −Eusko Jaurlaritzak ematen duen babes-mailarik altuena−, eta honako monumentu hauek osatzen dute: Katillotxu I, Sollubeko Iturria eta Añabusti trikuharriak eta Katillotxu II, V, VI, Pakatene eta Urkidi tumuluak; Neolito-Kalkolito garaikoak. Megalitikoko adierazpen horiek Bermeo, Busturia, Mundaka eta Sukarrietan daude, Agiri elkarte arkeologikoak sortutako Urdaibaiko ibilbide megalitikoaren barruan.

AGIRI Arkeologia Elkartea

AGIRI Arkeologia Elkarteak hainbat ikerketa-proiektu zuzendu eta koordinatu ditu, bereziki, Urdaibaiko eta Gorbeiako eremu geografikoetan. Urdaibaiko Biosfera Erreserbari dagokionez, Katillotxu I eta V (Mundaka) trikuharrietan, Pareko Landako aire libreko kokalekuan (Bermeo-Busturia) eta Santimamiñe (Kortezubi), Atxagakoa (Forua) eta Kobeaga II (Ispaster) kobazuloetako aztarnategietan egindako lanak azpimarratu behar dira. 2005az geroztik, Mendebaldeko Saharako proiektu batean ari dira parte hartzen Agiriko kideak, Andoni Sáenz de Buruagaren zuzendaritzapean.