Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eskola Kirolaren Euskal Batzordeak "Kirol hastapena: errendimendu, osasun, kirol ohitura eta garapen integralerako jarraibideak" izeneko ikerketa kaleratu du

Argitalpen-data: 

  • Eskola Kirolaren Euskal Batzordearen enkarguz EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko irakasle talde batek egin du txosten teknikoa nazioarteko hainbat ikerketa abiapuntutzat hartuz
  • Haurrek kirolaz gozatzea, lehiakortasuna alde batera uztea, kirol eta jarduera fisiko desberdinetan aritzea eta umeen inguruak horretan duen eragina azpimarratzen ditu, batez ere, azterlanak

Eusko Jaurlaritzako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirol zuzendariek osotzen duten Eskola Kirolaren Euskal Batzordeak Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko irakasle talde bati kirol hastapenen inguruko ikerketa egitea eskatu zion. Helburua kirol praktikan hasteko adinak eta jarduera bakarrean edo anitzetan hasteak 6-16 urte arteko ikasleen kirol errendimenduan, osasunean, kirol ohituretan eta garapen integralean dituen esanahien eta inpaktuaren inguruko ebidentzia zientifikoa ezagutzea izan da. Horretarako 2020ko maiatzera arte argitaratutako hainbat lan zientifiko berrikusi eta alderatu dira.

Ikerketak bederatzi galdera nagusi planteatu ditu eta horien erantzunak biltzen ditu, beti ere, haurren kirol errendimendua, osasuna, kirol ohiturak edo etorkizuneko parte-hartzea eta garapen pertsonala erdigunean jarriz:

  1. Kirol espezializazio goiztiarrak nola eragiten du?
  2. Kirol praktikan hasteko adinak zer eragin du aipatutako alorretan?
  3. Kirol motaren arabera, zein da kirol jarduera egituratuan hasteko adinik egokiena?
  4. Zein da kirol mota ezberdinetan lehiatzen hasteko adinik egokiena eta kirol motaren arabera, zenbat lehiaketa jardunaldi dira egokiak ikasturte bakoitzeko?
  5. Kirol jarduera anitzetan hasteak nola eragiten die haurrei?
  6. Zenbateko kirol praktika da egokia kirol motaren arabera?
  7. Zein ezaugarri eduki behar ditu kirol hastapeneko programa batek?
  8. Kirol hastapeneko programa batean zehazki zein kirol diziplina praktikatzea izan daiteke interesgarri?
  9. Kirol motaren arabera, noiz jakin daiteke parte-hartzaile batek kirol baterako talentua duela eta zeintzuk dira talentua dela jakiteko adierazleak?

Galdera guzti horiei erantzuna bilatzea izan da ikerketan parte hartu duen ikertzaile taldearen helburua eta  zazpi ondorio nagusi bildu dituzte:

  • 13 urte azpitik kirol bakarrean espezializatzeak ez du bermatzen kirol horretan goi errendimenduan jardutea, lesio fisiko eta psikologiko garrantzitsuak edukitzeko arriskua asko handitzen du, kirol ohituretan modu negatiboan eragin dezake eta gabeziak sor ditzake kirolari gazteen garapen integralari dagokionez.
  • 13 urte azpitik kirol aniztasunean jardutea onuragarria da etorkizunean goi errendimenduan jarduteko, lesio fisiko eta psikologikoen prebentzioaren gakoetako bat izan daiteke, kirol ohituretan modu positiboan eragin dezake eta haur eta gazteen garapen positiboa susta dezake.
  • Transferentzia inter-espezifikoari dagokionez, hau da, baliokidetzat har daitezkeen jarduera fisikoen eta kirolen artean transferentzia positiboa eman daiteke.
  • Transferentzia ez-espezifikoari dagokionez, jarduera fisiko eta kirolak praktikatzeak egunerokotasuneko abilezia emozional eta sozialen eraldaketan eragin dezake. Era berean, landu nahi diren egunerokotasunerako abileziak esplizitatzeak jarduera fisiko eta kirolen efizientzia handitzen du.
  • Adin goiztiarrean adin kronologikoaren gainetik espezializatzeak eta atsedenak ez errespetatzeak osasunean ondorio negatiboak izan ditzake.
  • Kirol talentua garatzen joan behar den ezaugarri dinamikoa da eta horretarako kirolariaren makro (kirol federazioak, hezkuntza sistema, komunikabideak, etab.) zein mikro (eskola, familia, kideak, etab.) inguruneari erreparatu behar zaio.
  • Kirol hastapeneko programak errendimendurako ibilbideaz gain, osasunean, kirol ohituretan eta haur eta gazteen garapen positiboan jarri behar luke azpimarra, ikusita %1-2a besterik ez dela iristen goi errendimenduko kirolari izatera.

 

Ikerketak erakundeentzat, kirol arduradunentzat, familientzat edo kirol heziketa emango duten profesionalentzat gomendioak eta eginbeharrak zehazten ditu.

Administrazio publikoari dagokionez, alderdi bakarrera bideratutako kirol hastapeneko programak ugariak izan arren, ebidentzia zientifikoek diotenaren arabera, ez dituzte kontuan hartzen haur eta gaztetxo guztien askotariko interes eta betebeharrak. Hori dela eta adin tarte desberdinetarako proposamenak biltzen dira:

  • 13 urte arte kirol aniztasunean, berariazko jolasean eta dibertsiora bideratutako jarduera fisikoetan aritzea
  • 13 eta 15 urte artean kirol diziplina kopurua murriztu eta berariazko praktika kopurua handitu arren, adin tarte horretan ere 2-3 diziplinatan parte hartzen jarraitzea sustatzea
  • 15 urtetik aurrera kirol nagusian espezializatzea (errendimenduari begira) edo bestela, gustuko duen aisialdiko jarduera fisiko eta kirolean jardutea bultzatuko da.

Haur eta gazteen kirol praktikak beti ere lehiakortasunetik aldenduta eta ume eta gaztearen gozamena kontutan hartuta egitea gomendatzen da.

Ikastetxeei, kirol klubei eta enpresa pribatuei ere luzatzen dizkie gomendioak ikerketa honek. Jarduera fisiko eta kirol desberdinak egiteko aukerak eskaintzea eta dibertsioa erdigunean jartzea da, hemen ere, aholku nagusietako bat. Gainera, “talentua” duten haurren hautaketa 14-15 urtetik aurrera egitea proposatzen da. Haurren parte hartzea eta jokoaren gain duten autonomia errespetatu beharra ere azpimarratzen du azterlanak, baita haurren beharrak ulertu eta lehenestea ere. Entrenatzeko modu desberdinak eta entrenatzaile desberdinak ezagutzea ere onuragarria litzatekela ondorioztatzen da “Kirol hastapena: errendimendu, osasun, kirol ohitura eta garapen integralerako jarraibideak” ikerketan.  Entrenatzaileak eta hezitzaileak ere etengabe formatzen jarraitzearen garrantzia ere azpimarratzen da.

Guraso eta familien atalean ikuskera tradizionalak alde batera utzi eta seme-alabek jarduera fisiko eta kirolean jardunez ahalik eta gehien gozatzea sustatzea izan behar da beraien betebeharra. “Haur eta gazteek interesa duten jarduera fisiko eta kiroletan aritzeko aukera dutela somatu behar dute etxean”. Ikerketak haurren inguruan daudenek beste kirolariekin, entrenatzailearekin, epaileekin…eduki behar duten jarrera eredugarria izan behar dela aipatzen du eta kirolari gazteek beraien esperientzietatik ikasi eta gozatu behar dutela gaineratzen du. Bestalde, garaipenaren presiotik aldentzea eta haurrek aisialdi mailan edo lehiaketan jardun nahi duten errespetatzea ere gurasoen betebeharren artean kokatzen ditu azterlanak. 

Aditu taldea

“Kirol hastapena: errendimendu, osasun, kirol ohitura eta garapen integralerako jarraibideak” txosten teknikoa Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza saileko irakasle aditu talde batek garatu du: Oidui Usabiaga Arruabarrena; Javier Yanci Irigoyen; Asier Los Arcos Larumbe; Nagore Martinez Merino; Josune Rodriguez Negro; eta Asier Gonzalez Artetxe.