Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Arabako Errioxako ardoen prezioek errekorrak hautsi dituzte nazioarteko merkatuetan

2019.eko otsailak 09

5,73 euroko prezioa lortu dute litroko, jatorri izendapena duten ardoen batez bestekoa baino prezio askoz handiagoa, alegia.

Uztaberri Egunaren barruan, Arantxa Tapia sailburuak berriro erakutsi du exekutibo autonomoa kalitateko elikagaiak babesten dituela, tartean ardoa, zeina leku nabarmenean baitago produktu horien artean.

2015az geroztik, 32,7 milioi bideratu dira ardogintza produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko ekintzetara eta sektorea hobetzeko inbertsioetara.

La Puebla de Labarcako herrian egin da Uztaberri Egunaren hamabosgarren edizioa, non upategiek beren ateak irekitzen dituzten azken mahats bilketak eman dituen ardo gazteak ezagutarazteko. Eusko Jaurlaritza Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak presiditu ditu ekitaldiak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz ondoan zuela, eta Arabako Errioxako ardoen esportazioek pasa den ekitaldian eduki duten bilakaerari buruzko datu batzuk eman ditu bertan.

Tapiak azaldu duenez, Arabako Errioxako ardoak batez besteko prezio gero eta handiagoan esportatzen dira, eta “nazioarteko merkatuetan errekorra hautsi dute, litroko 5,73 euroko preziora iritsi baita, jatorri izendapena duten ardoek Espainian duten batez besteko prezioa nabarmen gaindituta. Merkatuen arabera, azpimarratzekoa da gure ardoak ondo dabiltzala Belgikan, izan ere, bosgarren herrialdea da dagoeneko, garrantziaren aldetik, %11,5 baino gehiago hazi ondoren. Erresuma Batua, berriz, beste muturrean dago, merkatu hori nabarmen kaltetu baita brexitak eragindako segurtasunik ezagatik".

 Eusko Jaurlaritzatik, Tapia sailburuak adierazi du “gogor ari gara lanean gure kalitateko elikagaien posizionamendua sustatzeko, tartean ardoarena, kalitateko produktuen artean leku nabarmenean baitago, merkatuko gama ertain-altuan, kontsumitzaile exijenteen eta informatuen premiak asetu nahian. Enpresak ere ahalegin handia egiten ari dira zentzu horretan, beren produktuaren kalitatea eta bereizgarriak landuz, eta horretarako gure babesa dute, bai babes instituzionala, bai antolakuntzako eta finantzarioa. Gure helburua da ardoa gure mugetatik haratago sustatzea eta sektorean inbertsioak egiten laguntzea, merkatuaren eskarietara hobeto egokitzeko eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean eta, beraz, Euskadiko ekonomian ere zati nagusi diren enpresa hauen lehiakortasuna eta etekin globala areagotzeko”.

Ardoen esportazioari buruzko 2018ko datuak

2018ko lehen 11 hilabeteetan, Arabako Errioxako ardoen prezioek %5 baino gehiago egin zuten gora, eta litroko 5,73 euroko preziora iritsi ziren, hau da, jatorriko izendapena duten ardoen kategorirako Espainian dagoen batez besteko prezioa baino zenbateko askoz handiagoa, horiena 3,60 eurokoa izan baitzen. Ardo beltzek eta gorriek markatu zuten prezioen igoera hori, izan ere, euskal ardo esportazioen motorra dira eta jada beren prezioa 6 eurokoa da litroko. Ardo zuriak, berriz, 3,34 euroko prezioan saldu ziren, 2017ko lehen 11 hilabeteetan zegoena baino prezio pixka bat txikiagoan.

Azpimarratu daiteke Izendapen hau duten ardoak ondo dabiltzala Belgikan, izan ere, Belgika da orain bosgarren merkatua, garrantziaren aldetik, %7,5 baino gehiago hazi ondoren. Herrialde horretan sortutako diru sarrerak, ordea, %11 baino gehiago hazi ziren. Beste muturrean Erresuma Batua dugu, zeinak Arabako Errioxako ardoen lehen helmuga izaten jarraitzen baitu, ardo zurietan zein beltz eta gorrietan, jaitsiera nabarmena esperimentatu duen arren. Lehen 10 merkatuen artean, guztirako salmenten %80 merkatu horietan egin baita, Suediak, Kanadak eta Estatu Batuek baino ez zuten prezioa jaitsi. Suitzan ez zuten prezioa aldatu, eta gainerako seietan eta, batez ere, Txinan, berriz, prezioa igo zuten.

Sektore honetan ere igarri da Brexitaren inpaktua nazioarteko merkatuan eragiten ari den ezegonkortasuna. Hala, Erresuma Batuan euskal ardoen esportazioak %6,6 egin zuen behera, bolumenean, litro kopurua 50,6tik 47,3ra igarota. Fakturazioa gutxiago jaitsi zen; %5,3 egin zuen behera, 179,8 milioi euroko kopururaino.

Halere, kuota galdu arren, Arabako Errioxako ardoek Euskaditik gehien saltzen diren ardoak izaten jarraitzen dute, argi eta garbi. Izan ere, exportatutako euskal ardoen bolumenaren ia %52 dira, eta haien guztirako balioaren %71 baino gehiago.

Sustapenerako laguntza finantzarioa

Pasa den urtearen bukaeran, ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan sustatzeko eta ezagutarazteko ekintza eta programetarako eta ardogintzaren sektorea hobetzeko inbertsioetarako laguntzak 2019-2020 aldirako iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako agindua onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak.

Laguntza horiek oso interesgarriak dira ardogintzako enpresentzat eta oso baloratuta daude sektorean, zeinak ahalegin ekonomiko handia egiten baitu bere sustapenerako. Kalkulatzen da 2019-2020 kanpainiarako laguntzen zenbatekoa 7.500.000 eta 8.000.000 euro artekoa izango dela, aurkeztuko diren inbertsio proiektuen arabera. Aurreko bi ekitaldietakoa baino pixka bat handiagoa da zenbateko hori, eta aurreikusten diren inbertsioak, berriz, 16 milioi euro baino gehiagokoak izango dira.