Argitalpen-data: 2016/06/17
Astigarragako Eskola Agenda 21
Astigarragako Herri Eskolako ikasleak 2015-16 ikasturtean “Energia eta mugikortasuna I” gaia landu zuten Eskolako Agenda 21aren baitan, eta egindako sentsibilizazio eta ikerketa jardueretan lortutako emaitzak, ondorioak, proposamenak eta konpromisoak 2016ko apirilaren 12an ospatu zen udalbatzan aurkeztu zituzten. Saioa udalbatza aretoan egin zen, eta bertan, alkateak, zinegotziak eta ingurumen teknikariak parte hartu zuten. Ziklo bakoitzeko ikasleak egokitutakoa irakurri ondoren, ikasturtean egindakoaren informazio guztia biltzen duen txostena entregatu zioten alkateari. Udal ordezkariek ikasleek esandakoari arretaz entzun ondoren, alkateak hartu zuen hitza, eta ikasleek esandakoa kontuan hartuko duela eta bere esku dagoen oro egingo duela adierazi zuen. Gainera, egun martxan dauden proiektuen inguruko nondik norakoak azaldu zituzten.