Argitalpen-data: 2016/06/17
Andoaingo Eskola Agenda 21
Andoaingo Aita Larramendi Ikastola, Leizaran, Ondarreta eta La Salle-Berrozpe ikastetxeetako LH, DBH eta Batxilergoko ikasleek 2015-16 ikasturtean “Herri jasangarria” gaia landu zuten Eskola Agenda 21aren baitan, eta egindako sentsibilizazio eta ikerketa jardueretan lortutako emaitzak, ondorioak, proposamenak eta konpromisoak 2016ko apirilaren 28an ospatu zen udalbatzan aurkeztu zituzten. Saioa udalbatza aretoan egin zen, eta bertan, alkateak, zinegotziek eta ingurumen teknikariak parte hartu zuten. Ziklo bakoitzeko ikasleak egokitutakoa irakurri ondoren, ikasturtean egindakoaren informazio guztia biltzen duen txostena alkateari entregatu zioten. Udal ordezkariek ikasleek esandakoa arretaz entzun ondoren, alkateak hartu zuen hitza. Iaz betetako eta bete gabeko konpromisoen berri eman zuen, ikasleek esandakoa kontuan hartuko duela eta bere esku dagoen oro egingo duela adierazi zuen, eta egun martxan dauden proiektuen inguruko nondik norakoak azaldu zituen. Gainera, datorren urtean ikastetxeekin eta ikasleekin elkarlanean egingo duten proiektuaren berri ere eman zuen.