Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2024ko apirilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1874

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 10ekoa, Justiziako sailburuordearena, espetxe arloko lan eta ikerketari 2024ko ekitaldian «Francisco Javier Gómez Elósegui» saria emateko deialdia egiten duena.

2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2023ko maiatzaren 30ean argitaratutakoak (101. zk.), espetxe-arloko lanari eta ikerketari emandako «Francisco Javier Gómez Elósegui» saria sortu eta arautzen du.

«Francisco Javier Gomez Elósegui» sariaren helburua da ibilbide pertsonal edo profesionalarekin giza eskubideen defentsan eta espetxeetako gizarteratze- eta birgizarteratze-lanetan aparteko merezimenduak dituzten pertsonak edo kolektiboak jendaurrean aitortzea eta saritzea, bai eta espetxe-arloko diziplina anitzeko ikerketa sustatzea ere.

Francisco Javier Gomez Elósegui, espetxeetako psikologoa, bere bizitza profesionalean espetxeak gizatiartzeko eta birgizarteratzeko eta preso guztien giza eskubideak zorrotz errespetatzeko ahaleginean nabarmendu zen, eta ETAk 1997ko martxoaren 11n hil zuen.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduan jasotzen da sari hau ematea. Agindu horren bidez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen da.

Era berean, aurrekontu-zuzkidura 10 1413 13 451 22/1236 partidari dagokio, «Espetxeen arloko ibilbide eta ikerketaren saria» kontzeptupean, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean jasoa.

Sariaren urteko deialdia sailburuordearen ebazpen bidez egiten da, lehen aipatutako 68/2023 Dekretuak ezartzen duen moduan. 68/2023 Dekretuak berezko araubide juridikoa du, dirulaguntzei aplikatzen zaienaz bestelakoa; izan ere, 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak berak dirulaguntzaren kontzeptutik kanpo uzten ditu mota horretako deialdiak –onuradunak eskatu gabe ematen direnak–.

Hala ere, 68/2023 Dekretuaren artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulura eta VII. tituluko III. kapitulura aipamen espezifiko ugari egiten dira. Dekretu hori indargabetu egin da Euskadiko Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen xedapen indargabetzailearen bidez.

68/2023 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak adierazten du 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan xedatutakoa aplikatuko dela Dekretuan berariaz arautzen ez den guztian.

Beharrezkoa da 68/2023 Dekretu Arautzailea egokitzea eta aldatzea, dagoeneko indargabetuta dagoen arau batera egiten dituen berariazko igorpenei dagokienez. Egokitzapen hori egin bitartean, agindu honek deialdi honi aplikatu beharreko araubide juridikoa jasotzen du azken xedapenean.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen xedea da «Francisco Javier Gomez Elósegui» saria emateko 2024ko ekitaldirako deialdia egitea, jendaurrean aitortzeko giza eskubideen defentsaren eta espetxeetako gizarteratze- eta birgizarteratze-lanen arloan egindako jarduera nabarmena, espetxe-arloko «Francisco Javier Gómez Elósegui» saria sortu eta arautzen duen 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan aurreikusia.

Bigarrena.– Saria ohorezko sari batek, jendaurreko aitorpen batek eta diru-kopuru batek osatuko dute. Zenbatekoa ordainketa bakarrean egingo da, saria eman ondoren; 10.000 eurokoa da. Epaimahaiak «ex aequo» saria zenbait hautagairi ematen badie, zenbatekoa proportzionalki hainbanatuko da horien artean. Saridunak uko egin ahal izango dio sariaren diru-hornidurari, hargatik eragotzi gabe ohorezko saria eta aitorpen publikoa onartzeari eustea.

Hirugarrena.– Francisco Javier Gómez Elósegui saria sortu eta arautzen duen 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan aipatzen diren pertsonek eta erakundeek aurkeztu ahal izango dituzte hautagaitzak, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako edozein bide erabiliz.

Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoak erabiliz kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak. Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona fisikoek bide presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute. Kanal horietako edozein erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan erabili behar denik, eta edozein unetan alda daiteke.

Hautagai-zerrenda inprimaki normalizatuan beteko da, ebazpen honen eranskinean jasotzen den ereduaren arabera. Inprimaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko zehaztapenak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223602

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1223602

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bosgarrena.– Epaimahaiaren osaera honako hau da:

a) Lehendakaria: espetxe-legeria betearazteko eskumena duen Sailburuordetzako titularra.

b) Bokalak:

– José Luis de la Cuesta Arzamendi jauna. Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria

– Vicenta Alonso andrea, Bizkaiko Espetxeko zuzendaria.

– Marian Moreno andrea, Gipuzkoako espetxeko psikologoa.

– Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako zuzendaria.

c) Idazkaria: Justiziako zuzendaria, hitzarekin baina botorik gabe.

Seigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua aipatzen dira 2024ko Francisco Javier Gomez Elósegui sarirako deialdia egiten duen Ebazpen honetan eta 2023ko maiatzaren 16ko 68/2023 Dekretuan, eta aipamen horien ordez, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeko aginduak jarriko dira.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 10a.

Justiziako sailburuordea,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala