Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2019ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3268

AGINDUA, 2019ko ekainaren 26koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena. Horren bidez, toki-erakundeei beren artxibo-sistema martxan jarri edo sendotzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri, eta 2019ko ekitaldiko deialdia egiten da.

EAEko Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) sortu zen, eta horri dagokio bere barruan dauden artxibo zerbitzuen planak homologatzea eta koordinatzea. Aipatu legearen 74. artikuluaren arabera, aplikazio-esparrutik kanpo daude Estatuaren titulartasuneko artxibo-zerbitzuak, eta lurralde historikoetakoak. Artxibo-zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio-ondarearen erregelamendua onartzen duen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuak 3. artikuluan ezartzen du euskal herritarren dokumentu-ondarearen eremua, dokumentuok diren garaikoak direla; adibidez, toki-erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentuak; alegia, udalerriak, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoko toki-erakundeak. Dekretu horrek berak, halaber, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren egitura, onurak, atxikipena eta funtzioak ezartzen ditu. 22. artikuluan EAEko udal- eta toki-administrazioko artxibo-zerbitzuak Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean nola sar daitezkeen xedatzen da.

Administrazioko erakunde bakoitzean artxibo-sistema bat ezartzea eta martxan jartzea oinarrizko baldintza da egoki jardun dezan, informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea denez.

Agindu honen asmoa epe luzeko prozesua jarraitzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioari artxibo-sistema sendo eta efikazak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare horren gain duen erantzukizuna egoki betetzen dutela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio-, informazio- edo kultura-mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua izateko.

Hori dena aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere, dokumentu-funts guztiak antolatzen hasteko, eta artxibo-zerbitzu publiko egonkorra sendotu eta finkatzerakoan zerikusirik duten administrazio guztiak elkarrekin jarduteko.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen IV. tituluaren I. kapituluaren, «Artxibo-zerbitzuak», 73. eta 75. artikuluak, eta artxibo-zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentu-ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen 232/2000 Dekretuaren II. kapituluak, «Artxibo-zerbitzu publikoak», artxibo-zerbitzuaren definizioari eta egitekoei buruz xedatzen dutenaz gain, eta agindu hau egoki aplikatu eta garatzeko, artxibo-sistematzat hartzen da artxibo historikora heldu bitartean administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren harat-honaten emaitza. Artxibo-sistema lortzeko egin behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, udal bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo-sistemaren proiektutzat. Eta, azkenik, honako hau hartuko da artxibo-programatzat: udal artxibo-sistemarako proiektuari jarraituz, urtebeteko epean edo epe laburragoan, osorik edo zati batean, behin betiko proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako programa.

Halaber, kontuan hartu dira dirulaguntzen arloko hiru arau nagusietan jasota dagoena: oinarrizko biak, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzen erregelamendua onartzen duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua.

Aipatu behar da deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoaren barnean dagoela (toki-erakundeentzako dirulaguntzak, beren artxibo-sistema martxan jarri edo sendotzeko). Plan hori Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez onartu zen. Halaber, 2019ko maiatzaren 5an onartu zen Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren Dirulaguntzen 2019 urterako Plan Estrategikoaren barne dago, eta plan hori zein bestea sailaren webgunean argitara eman ziren (www.euskadi.eus).

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea dirulaguntzak emateko erregimena arautzea da, 2019ko ekitaldian programak garatzeko. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta egon beharko dira, artxibo-sistema propio bat ezartzea edo sendotzea izan beharko dute helburu, edo artxibo-sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea.

2.– Agindu honen ondoreetarako, artxibo-sistema lortzeko egin behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, toki-erakunde bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo-sistemaren proiektutzat. Ildo horretan, artxibo-sistema esango zaio administrazio-kudeaketa eta udal-agirien artxibo historikora arteko fluxua egituratzearen emaitzari. Artxibo-programa esango diogu, aldiz, artxibo-sistemarako proiektuari jarraituz, aurtengo ekitaldian, osorik zein zati batean, artxibo-sistemarako proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzera bideratutako jarduerari edo jardueren multzoari.

3.– Dirulaguntza horietarako, guztira, berrehun eta laurogeita hemezortzi mila (298.000) euro erabiliko dira.

2.– artikulua. Erakunde onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira EAEko toki-erakundeak; alegia, udalerriak, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak eta udalerria baino lurralde-eremu handiagoko toki-erakundeak. Horiek legez eratuta eta dagozkien erregistroetan edo administrazio-erroldetan inskribatuta egon beharko dira.

2.– Dagokien zigorrak ezartzen duen aldian, ezingo dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden pertsona edo erakunde eskatzaileek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrena urratuz sexuaren ziozko edozein bereizkerian erortzeagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.

3.– Ezingo dira onuradun izan zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez dituztenek. Halaber, Dirulaguntzen Erregelamendu Nagusiaren 22.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, dirulaguntza-eskaera aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari aipatu inguruabarrak zuzenean egiaztatzeko. Hori bai, eskatzaileak berariaz uko egin ahal izango dio baimena emateari. Kasu horretan, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera aurkeztu beharko du aipatu alderdien egiaztagiriak.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Dirulaguntza jaso ahal izango dute proiektu edo programa mota hauek:

a) Udal- eta kontzeju-artxiboen funtsen antolamendua (kontzeju-artxibo deritze nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmena duten udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeenei).

b) Artxibo-sistemak ezartzea eta sendotzea.

c) Tresna deskribatzaileak sortzea edo hobetzea, hala funtsen deskribapena sustatzen duten programen bitartez, nola tresna deskribatzaileak informatizatzeko programen bitartez, hedapen-politika efikaza izateko.

d) Dokumentu-funtsak baloratzea eta aukeratzea, betiere funtsak kontserbatzeko edo suntsitzeko politika orokor baten atal gisa.

e) Kultura-zabalkunderako artxibo-jarduerak.

f) Artxibo-zerbitzu mankomunatuen mantentze-lanak.

g) Lehenespenez, 50 urte edo gehiago dituzten artxibo-dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzeko jarduerak, betiere antolatuta badaude eta euskarri informatikoan inbentarioa badaukate. Proiektu horiek betiko gordeko den artxibo digitala sortu beharko dute, baita dagozkien kopia digitalak ere. Kopia horiek agindu honen A) eranskinean jasotako preskripzio teknikoak bete beharko dituzte.

f) Dirulaguntzen xede diren programak 2019an gauzatu beharko dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, artxibo-dokumentuaren, artxibo-funtsaren eta dokumentazio-bildumaren definizioak EAEko Kultura Ondarearen Legean, uztailaren 3koan, jasotakoak izango dira.

3.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu ezaugarri hauetakoren bat duten proiektuak edo programak:

a) Dokumentu-funtsak zaharberritzekoak.

b) Dokumentu-funtsak transkribatzekoak.

c) Orain eta etorkizunean artxibo-funtsak kontserbatzeko edo eskuratzeko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituztenak.

d) Artxibo-lokalak hobetzekoak (obrak, apalategiak erostea, etab.).

e) Sexu bientzako tratu-berdintasuna bermatzen ez dutenak.

4.– Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 29. artikuluaren arabera, onuradunek dirulaguntza jaso duten jarduketa guztiak azpikontratatu ahal izango dituzte. Kasu horretan, aipatu legearen 31. artikuluan xedatutakoa hartu beharko da kontuan.

4. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko eskabideen aurkezpen-epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoz soilik aurkeztu ahal izango dira, eta kontsultak eta prozedurari loturiko izapideak ere bitarteko horiez egingo dira.

a) Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoez izapidetzeko argibideak egoitza elektronikoan daude eskura: www.euskadi.eus

b) Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.

3.– Eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduta egon beharko dira. Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentuak eskura daude egoitza elektronikoan (artikulu honen 2.a) apartatuan adierazitako helbidean).

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan eta eskabidetik eratorritako jarduketetan, Euskararen Erabilera Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

5.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren administrazioaren erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta justifikazioak, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluko erregistro elektronikoetan ere.

6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria xehatua, aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa adierazita.

b) Aurkeztutako proiektua edo programa eta artxiboko lokalen deskribapena, eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (bertakoak nahiz kanpotik etorriak).

c) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta laguntzaren egoera aipatuta; alegia, ezetsita, ebazteke edo baietsita, eta zenbatekoak (agiria, beste informazio-iturri batzuk).

5. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeaz.

6. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietatik batzuk falta balira edo horietan forma-akatsak baleude, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak baleude, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa konpontzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela, betiere, dagokion ebazpena aldez aurretik emanda. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, erakunde eskatzaileetako batek modu presentzialean aurkezten badu eskabidea, hura bitarteko elektronikoz zuzentzea aginduko zaio. Horretarako, zuzenketa egin den data hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.

7. artikulua.– Kalifikazio-batzordea.

1.– Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa. Batzorde berak ebaluatuko ditu, halaber, Agindu honetako hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrexek prestatuko du dagokion ebazpen-proposamena, eta Kulturako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamenean, hala badagokio, honako hauek jasoko dira: erakunde onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa eta xedea, baita eskabide ezetsiak eta horiek ezesteko arrazoiak ere. Onartu ez diren dirulaguntzak eta ez onartzeko arrazoiak ere adieraziko dira.

2.– Kalifikazio-batzordea kide hauek osatuko dute:

Batzordeburutza: Mikel Aizpuru Murua jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburu izango da.

Bokalak:

– Borja Aguinagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren (Irargi) arduraduna.

– Juan Carlos Soto Perez jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoaren arduraduna, batzordearen idazkari-lanak egingo dituena.

– Itziar de Azua Brea andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren (Irargi) teknikaria.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta esleipen-irizpideak.

1.– Dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Aurkeztutako eskabideak alderatzea izango da prozedura, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Horretarako, lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta dirulaguntza jaso dezakeen aurrekontuaren % 50era arteko dirulaguntza esleituko dira puntuazio altuena lortu duen eskabidetik hasita, eta puntuazioari jarraikiz, harik eta 1. artikuluan xedatutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten proiektuei edo programei bakarrik emango zaie laguntza.

2.– Dirulaguntza-eskabideen ebazpen-proposamena egiteko eta dirulaguntzon zenbatekoa zehazteko, kalifikazio-batzordeak kontuan hartuko ditu irizpide hauek (dagozkien haztapenekin):

a) Sendotasun zientifikoa duen programa edo proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak baloratuko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (% 50).

Irizpide hauen arabera puntuatuko da:

– 30 punturaino, artxibo-zerbitzuaren mantentze-lanak egiteko urteko proiektuetarako edo programetarako: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea, agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.

– 50 punturaino, artxibo-sistemak ezartzeko edo epe luzera sendotzeko proiektuetarako edo programetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza, eta abar), hauek hartzen badituzte barnean: agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibategietako agiriak web-atarien bidez hedatzea...

b) Artxibo-zerbitzu askotarikoek esku hartzen duten eta elkarlanean diharduten proiektua edo programa izatea (% 15).

Irizpide hauen arabera puntuatuko da:

– 0 puntu, esku-hartze bateraturik ez dagoen proiektuei edo programei.

– 5 puntu, kontzejuetarako artxibo-sisteman sartutako proiektuei edo programei.

– 7 puntu, bi udaletako artxibo-zerbitzuk esku hartzen duten proiektuei edo programei.

– 10 puntu, eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuen proiektuei edo programei, kasuan kasuko eskualdeko edo mankomunitateko hiruzpalau artxibo-zerbitzu barne hartzen dituztenei.

– 15 puntu, eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuen proiektuei edo programei, kasuan kasuko eskualdeko edo mankomunitateko bost artxibo-zerbitzu edo gehiago barne hartzen dituztenei.

c) Estandar terminologikoen erabilera sustatzea tresna deskribatzaileetan (inbentarioak, gidak, katalogoak, zerrendak, etab.), deskribapen motakoak (fitxak betetzeko arauak, izendapenak eta abar) edo sailkapen motakoak (sailkapen-taulak, atalen, serieen eta abarren izendapenak) (% 15).

Irizpide hauen arabera puntuatuko da:

– 0 puntu, estandarizazio-sistemei aipamenik egiten ez dieten proiektuei edo programei.

– 10 puntu, mota deskribatzaileko oinarrizko estandarrak barne hartzen dituzten proiektuei edo programei.

– 10 puntu, sailkapen motako oinarrizko artxibo-estandarrak barne hartzen dituzten proiektuei edo programei.

– 15 puntu, deskribapen eta sailkapen motetako estandar terminologikoak (sailkapen-koadroak, dokumentu-serieak, sailak, etab.) barne hartzen dituzten proiektuei edo programei.

d) Proiektuak edo programak barne hartzea estandar deskribatzaileen garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (% 20).

Adierazle hauen arabera puntuatuko dira:

– 0 puntu, euskara erabiltzen ez duten proiektuei edo programei.

– 5 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

– 10 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

– 15 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan, eta erabiltzaileentzako arreta eta artxibategietarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).

– 20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Proiektu edo programa bakoitzak gehienez dirulaguntza jaso dezakeen aurrekontuaren % 50eko dirulaguntza jasoko du, BEZa barne.

2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, proiektu edo programa bakoitzeko ezin izango da 20.000,00 euro baino gehiagoko dirulaguntza eman, inolaz ere.

10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak ematea bateragarria izango da helburu bererako beste administrazio batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru sarrera publiko edo pribatu batzuekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

11. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kulturako sailburuordeari dagokio, Kalifikazio Batzordeak proposatuta.

2.– Ebazpenean zehaztuko da laguntza eman den edo ez, eta eman denean, zein erakundek jasoko duen, zein den aurrekontua onartu eta laguntza jasoko duen proiektua eta zenbateko laguntza jaso duen. Onartu ez diren dirulaguntzak eta ez onartzeko arrazoiak ere adieraziko dira. Eskabide ezetsien kasuan, ezespenaren zergatiak ere adierazi beharko dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

3.– Ebazpena egoitza elektronikoko (www.euskadi.eus) ohol elektronikoan argitaratuko da, eta bitarteko elektronikoz jakinaraziko zaien bana-banaka prozeduran interesa duten erakundeei. Ildo horretan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikara, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela EAEko administrazio nagusiaren egoitza elektronikoan. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Interesdunari bestela egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

4.– Ebazpenean jasoko dira onartutako eskabideen balorazioa eta, oinarri arautzaileetan ezarritako onuradun izateko baldintza administratibo eta teknikoak bete arren, deialdian zehaztutako gehieneko kreditu-zenbatekoa gainditzeagatik onetsi ez diren eskabide guztien zerrenda ordenatua, eskabide horietako bakoitzari deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera eman zaion puntuazioa adierazita. Kasu horretan, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen erakunde eskatzaileari edo eskatzaileei ematea dirulaguntza, baldin eta onartzen badu edo badute. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuaketa-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko zuzkidura izan balitz. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die erakunde interesdunei, dirulaguntza-proposamen horri hel diezaioten 10 eguneko epe luzaezinean. Behin erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.

5.– Gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da dirulaguntzei buruzko prozedura ebazteko eta erabakitakoa interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita. Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatzen diren ondoreetarako.

6.– Pertsona edo erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunen betebeharrak:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

d) Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.

e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.

h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren babesa beren-beregi adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.

j) Edozein formatuko argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dira. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.

k) Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutako betez, ez da hizkuntza modu sexistan erabiliko eta ez da sexuaren araberako rolik eta estereotiporik egongo diruz lagundutako proiektuetan eta programetan.

m) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntza-arloan aplikatzeko diren gainerako lege-xedapenak, batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.

13. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.

2.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, helbide elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

15. artikulua.– Justifikatzeko eta justifikazio-agiriak aurkezteko epea.

1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek 2020ko urtarrilaren 15era arte aurkeztu ahal izango dituzte justifikazio-agiriak; tartean, hauek:

a) Diruz lagundutako programa edota proiektu bakoitzaren helburua betetzeari buruzko justifikazio-memoria.

b) Idazkariaren, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, egindako gastuei buruzkoa, egoitza elektronikoan erabilgarri dagoen eredua erabilita:

http://www.euskadi.eus/web01-tramite/eu/

c) Hala egokituz gero, diruz lagundutako proiektu edo programa bakoitzaren garapenean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mende dauden informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.

d) Xede bererako gainerako laguntzen zerrenda, agindu honi loturiko dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean jada eman zitzaizkiola ez bazekien, b) apartatuaren url-an ageri den ereduarekin bat.

3.– Laguntzen justifikazioari dagokionez, Dirulaguntzen gaineko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan, legearekin bat datozenetan eta legearen erregelamenduan ezarritakoa aplikatuko da.

16. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen eta programen jarraipena.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua zer nola gauzatzen ari den ikuska dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi beste argibide eskatzeko eskubidea izango du.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, dagokion kasuan, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen orokor batek ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzen Lege Orokorraren (38/2003, azaroaren 17koa) 37. artikuluan xedatutakoak.

Baldintza horietarik bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio EAEko Diruzaintza Nagusiari, honako hauek aurretiaz betez: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kontura diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua.

XEDAPEN GEHIGARRIA: DATU PERTSONALAK BABESTEAREN ARLOKO INFORMAZIO-KLAUSULA

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Xedea: Toki-erakundeei beren artxibo-sistemak martxan jartzeko edo jada dituztenak sendotzeko emandako dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: Interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).

– Hartzaileak: Arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: Eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, hala nola tratamendua mugatu zein aurkaratzeko. Ikus informazio gehigarria.

– Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: www.euskadi.eus/rgpd/0095806

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 26a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

A) ERANSKINA
PRESKRIPZIO TEKNIKOAK

1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, eta deskribapen-fitxa bakoitzari –digitalizazio-unitatetzat hartuko da– bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroarekin (Irargi) koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-gailuen kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera. digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.

2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskanerrarekin edota argazki-kamerarekin egingo da, agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuta egoteko.

3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira; kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.

4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5.600 x 3.700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntza edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa hartuko da. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuak –hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.–, era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak (Irargi) ezarritako preskripzio teknikoak kontuan izanda.

5.– Digitalizazioa beti «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.

6.– Digitalizazioaren emaitza gisa, honako hauek emango zaizkio Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) digitalizatutako irudi bakoitzeko:

6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.

6.2.– Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio-mastertzat hartuko da.

6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3.266 x 2.100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.

6.4.– Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.

7.– Artxibo-funtsek entzunezko edo ikus-entzunezko dokumentuak badituzte, honako hauek entregatuko zaizkio Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi):

7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.

7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.

7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.

8.– Halaber, item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat entregatuko zaio Euskadiko Dokumentu Ondare Zentroari (Irargi), PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezkoa den konpresioa –ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa– aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da PDF fitxategi eratorriko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea; horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.

9.– Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) kopiak entregatzeko/biltegiratzeko formatua:

9.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio-akatsak ezabatzeko.

9.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.

9.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztietan edukia jakiteko behar den informazioa jasoko da: zenbakia, izenburua, edukia eta sorrera-data.

9.4.– Orobat, gomendagarria da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana