Azken eguneratzea: 2013/07/04

Eusko Jaurlaritzak lehenengo Ibiltur MICE 2012 azterlanaren ondorio garrantzitsuenak aurkeztu ditu. Azterlan horrek Euskadin antolatutako kongresu eta konbentzioetara datozen turisten portaera ikertzen du.

Batez beste ia hiru egun igarotzen dituzte Euskadin

  • Turista horien egonaldiak negozioetan utzi duen eragin ekonomikoa 44 milioi eurokoa izan da
  • Inkestatuen %92k bikaintasuneko satisfazio-indizeekin baloratu dute euskal hiriburuetan egindako egonaldia.
  • Gehiengo handi batek (%68k) aisialdi ekintza gehigarriak egin ditu edo egiteko asmoa du kongresura etortzen direnean. Jarduera arrakastatsuenak city break edo hiriko jarduerak eta enogastronomiarekin lotutakoak dira.
  • Gehienek (%59,2) ziurtasun osoz esan dute itzuliko liratekeela Euskadira aisialdi arrazoiengatik eta %28,2k esan du litekeena dela itzultzea

Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzak eta Basquetour agentziako zuzendari nagusi Arantza Madariagak aurkeztu dituzte Euskadin antolatutako kongresu eta konbentzioetara datozen turisten portaerari buruzko lehenengo “Ibiltur MICE2012”azterlanaren ondorioak. 

Txosten hori bi urterik behin egingo da, eta lehenengo hau osatzeko 775 elkarrizketa pertsonal egin zaizkie 2012ko ekainaren eta 2013ko martxoaren bitartean Euskadin antolatutako kongresu nahiz konbentzioetan parte hartu duten turistei. Guztira, 29 kongresu egin dira: 9 Bilbon, 12 Donostian eta 8 Gasteizen. Kongresu eta konbentzio horien erdiak Estatu mailakoak izan dira eta gainerakoak nazioartekoak. Hirika, Bilbon nazioarteko 5 egin dituzte, Donostian 4 eta Gasteizen 5.

Hauek dira azterlanaren helburu nagusiak:

  • Euskadin antolatutako kongresu eta konbentzioetara datozen turisten profil sozio-ekonomikoa aztertzea
  • Bisitaren egituraketa aztertzea
  • Kongresua edo konbentzioa egin den hiriari buruzko satisfazio-maila globala nahiz zehatza neurtzea
  • Aisialdiaren analisia sakontzea Euskadira kongresu eta konbentzioetara datozen turisten artean

Euskadiko Turismoaren Behatokiak (Basquetour) egin du azterlana, zeinaren helburua baita Euskadiko jarduera turistikoaren jarraipena egitea eta informazioaren nahiz ezagutzaren kudeaketa adimenduna bultzatzea, Euskadi jomuga adimentsu eta artikulatua izan dadin eta mundu mailako erreferente bihurtu dadin.

Euskadiko Turismoaren Behatokiak datu estatistiko ofizialak eta inkesta propioak erabiltzen ditu analisiak eta azterlanak egiteko. Aurkeztu berri duen “Ibiltur MICE” azterlanaz gain, gehiago ere egiten ditu, besteak beste “Ibiltur AISIALDIA” saila.

2012ko “Ibiltur MICE” azterlanak oso datu positiboak ematen ditu inkestatutako turisten portaerari buruz, eta batez ere beren satisfazio-mailari buruz.

Hona hemen atera diren ondorio garrantzitsuenak:

1.- Euskadin antolatutako kongresu eta konbentzioetara etortzen diren turisten profil sozio-ekonomikoa

  • Euskadin antolatutako Kongresu/Konbentzioetara etortzen diren ia denak Estatukoak dira (nagusiki Kataluniakoak eta Madrilekoak) eta %12 baino ez da atzerritarra.
  • Gehienak 30 eta 50 urte bitartekoak dira.  %58,1 emakumeak dira eta %41,9 gizonak.
  • Ia denek goi-mailako ikasketak dituzte (%90,2).
  • Bertaratuen %82k 3 izar edo gehiagoko hoteletan hartzen du ostatu, kongresua ostatatu duen hirian bertan

2.- Turista horien perspektiba orokorra

  • Ekitaldira etortzeko arrazoi nagusia kongresuaren egitarau zientifikoa izaten da (%77,4). Hala ere, arrazoi hori ohikoagoa da Estatutik datozen turisten artean.
  • Badaude beste argudio batzuk, lehenengoarengandik urrun geratzen direnak baina nabarmenak ere:  zein hiritan den ekitaldia (%25,5) edo zein erkidegotan (%23,4), kasu honetan Euskadin.
  • Indar gutxien duen parametroa kongresuaren beraren egoitza da (%18,5). %9,9rentzat egitarau sozialak edo aisialdi jarduera osagarriek ere badute garrantzia

Hiriaren erakarpen gaitasunari dagokionez, Donostia nabarmentzen da beste bien gainetik, kasu honetan bertaratuek 6,78ko puntuazioa eman diotelarik 0tik 10erako eskalan.  Gasteizek ere antzeko parametroak ditu (%6,69) eta Bilbo bien azpitik geratzen da (%3,36).

Elkarrizketatutako gehienek (%59,1) aitortu dute lehenagotik ere ezagutzen zutela hiria, batez ere estatukoen kasuan (%64,6). Azken horien kasuan, bostetik batek ezagutzen zuen jomuga. Aldez aurreko bisita horiek aisialdiagatik egindakoak izan dira gehienbat; Donostiaren kasuan %86,3, Bilboren kasuan %53,6 eta Gasteizen kasuan %41,2.

Batez beste ia hiru egun igarotzen dituzte Euskadin. Kolektibo horren %81ak Kongresuak/Konbentzioak irauten duen denborako egonaldia egiten dute eta %18,9ak beste gauren bat igarotzen dute aisialdi arrazoiengatik.

Atzerritarrak dira jomugan gau gehien egiten dituztenak (4,14 batez beste); Estatuko bisitarien batez bestekoa, aldiz, 2,79 gauekoa da.

Gauak igarotzeko aukeratzen diren establezimenduak ekitaldia antolatzen den hirian bertan egoten dira. Hala ere, 3 gau baino gehiagoko egonaldien kasuan, gehiagotan erabiltzen dira hiriburuak ez diren beste herri batzuetako establezimenduak.

 3.- Jomugan egiten duten gastua 

Elkarrizketatuen arabera, “gastu ofizial” handiena (izen-ematea, joan-etorria eta alojamendua) izen-ematearen kostua izaten da: 287,62 euro pertsonako batez beste. Joan-etorriengatiko gastuak 162,04 eurokoak izan dira eta ostatuarenak 84,44 eurokoak.

Elkarrizketatuen egonaldiak negozioetan utzi duen eragin ekonomikoa 44 milioi eurokoa izan da. Hiriburuka banakatuz gero, eragin handiena Bilbon izan dute, 25,5 milioi eurokoa zehazki. Donostian eragina 16,7 milioikoa izan da eta Gasteizen, berriz, 2,5 milioi eurokoa.

“Gastu ofizialen” ataletik kanpo, gastu handienak jatetxeetan egiten dira, gastu ofizial horietatik kanpoko gastuen ia erdia hain zuzen (%47,6). Alor honetako gastu handiena Donostian egiten da (%64,9).

Aitzitik, aipatzekoa da proportzioan zein gastu txikia egiten den museoak ikusteko, erakusketak bisitatzeko, e.a. (%3,3koa, egonaldia 3 gau baino luzeagoa bada %5,6ra igo daiteke). Erosketen portzentajea %12koa da (egonaldiaren arabera handitzen dena) eta jomugarako garraioarena %11koa (egonaldiaren arabera murrizten dena).

4.- Kongresua/konbentzioa egin den hiriaren balorazioa

Balorazioak oso positiboak eta nahiko homogeneoak dira hiru hiriburuetan. Nota onarekin gainditu dituzte aztertutako aldagaiak:

Inkestatuen %92k adierazi du hiriko egonaldia positiboa izan dela eta bikaintasuneko satisfazio-indizeekin baloratu du egindako egonaldia.

Aipatzekoak dira (%85etik gorako satisfazio-indizeekin) besteak beste hirien garbitasun orokorra, jendearen izaera eta adeitasuna, hiriko segurtasuna eta arkitektura nahiz monumentu eskaintza.

Aitzitik, hauek dira portzentaje txikienak lortu dituzten adierazleak, nahiz eta denak dauden %60ren gainetik: eskaintza komertzialaren eta aisialdi edo entretenimendu eskaintzaren kalitate-prezio erlazioa.

Hiru hiriburuen artean oro har Donostia da ongien baloratzen dena 8,31ko puntuaketarekin, Bilbok 8,09 puntu lortu ditu eta Gasteizek 7,63.

Joera orokorra positiboa da, baina atzerritarrek eta jomugan 2 gau baino gehiago igarotzen dituztenek ematen dituzte balorazio onenak.

Kongresua/konbentzioa antolatu duen hiria beste bilera batzuetarako gomendatuko ote luketen galdetutakoan, inkestatutako ia guztiek esan dute gure hiriak gomendatuko lituzketela negozioetarako turismo-jomuga gisa eta kasu honetan ere, bikaintasuneko gomendio indizeak erregistratu dira. Elkarrizketatuen %52,2 jomugaren gomendatzaile aktibo edo sustatzaileak dira eta 0tik 10erako eskalan batez beste 9 edo 10 puntu eman dizkiote hiriari; %41 gomendatzaile pasiboak dira eta 7 edo 8 puntu eman dizkiote eta %5ak, berriz, hiriaren aurkako jarrera du eta 7 puntu baino gutxiago eman dizkiote.

Gomendioekin jarraituz, Donostiak %70 inguruko gomendio indize garbia lortu du (sustatzaileen eta aurkakoen arteko kenketa); Bilbok %34 ingurukoa eta Gasteizen kasuan, indize hori %30ekoa izan da.

Amaitzeko, atzerritarren artean gomendio indizea apalagoa da (%48,9 Estatukoen kasuan, %37,6 atzerritarren kasuan).

5.- Kongresu/konbentzioetara datozen turisten aisialdia:

Hauek dira atal honetako ondorio garrantzitsuenak:

Gehiengo handi batek (%68k) aisialdi ekintza gehigarriak egin ditu edo egiteko asmoa du kongresura etortzeaz gain. Jarduera arrakastatsuenak city break edo hiriko jarduerak eta enogastronomiarekin lotutakoak dira. Hirugarren tokian, baina lehenengoarengandik urrun, kultur jarduerak ageri dira.

Emaitzak hirika sailkatuz gero, Donostia da datu onenak lortu dituena (jendearen %97k hirian aisialdi jarduerak egin ditu edo egiteko asmoa du). Jarraian Gasteiz dator (%65) eta, azkenik, Bilbo (%46,9).

Zenbat eta luzeagoa izan jomugako egonaldia eta zenbat eta gazteagoak izan bertaratutakoak, orduan eta ohikoagoa da aisialdi jarduerak egitea.

Aisialdiko alternatibei buruzko informazioa nola jaso duten ere galdetu zaie inkestatuei. Ia erdiak adierazi du ekitaldiaren hiriari buruzko informazioa aurretiaz jaso zutela eta portzentaje hori are handiagoa da atzerritarren eta hirian 2 gau baino gehiago ematen dituzten turisten kasuan.

Era berean, aipatzekoa da turistek egiten dituzten aisialdi jardueren %26 kongresuak/konbentzioak berak antolatutakoak direla eta, programatutako jardueretatik kanpo, era horretako ekintzak egin nahi dituzten turistek Interneten bilatzen dute informazioa nagusiki. Honez gain, informazio iturri garrantzitsuak dira baita hiriari buruzko aurretiazko ezaguera eta hurbileko pertsonen gomendioak. Hoteletan eta ekitaldien egoitzetan aisialdia jarduerei buruzko informazio eskaintzak turistek hoietaz gehiago gozatzea eta euren egonaldia luzeagoa izatea erraztuko luke.

Bestalde, kongresu/konbentzioetara datozen turisten %14k beste herri batzuk ere bisitatzen ditu aisialdi alternatibez gozatzeko, nagusiki hiriburuak: Bilbo (%38,6), Donostia (%34,9) eta Gipuzkoako kostako hiriak (%30,3).

Euskadik eskaintzen dituen aisialdi jardueren inguruko igurikapenei dagokienez, elkarrizketatu ia guztiek esan dute beren igurikapenak bete dituztela (%83,7) edo gainditu dituztela (%11,4), eta atal honetan Bilbo da emaitza onenak lortu dituen jomuga, bertaratutakoen %16k esan baitu igurikapenak gaindituta itzuli dela. Donostian zifra hori %10ekoa da eta Gasteizen %3,8koa.

Halaber, hiriak Kongresu/konbentzioen egoitza gisa eta aisialdi jomuga gisa duen pertzepzioaren konparaketa egin da. Adierazle honi dagokionez, Bilbo da hiri orekatuena, izan ere antzeko puntuaketa lortu du aisialdi jomuga gisa (elkarrizketatuen %34,4k gomendatuko lukete) eta negozio jomuga gisa (%34,9). Donostiaren kasuan, hiria aisialdirako gomendatzen da gehien (%79,5) eta Gasteizen kasuan kongresu/konbentzioetarako (%29,3).

Euskadi berriro bisitatzeko asmoa aisialdiko arrazoiengatik

Gehienek (%59,2) ziurtasun osoz esan dute itzuliko liratekeela Euskadira aisialdi arrazoiengatik eta %28,2k esan du litekeena dela itzultzea. Portzentajea handiagoa da inolako aisialdi jarduerarik egin ez dutenen artean.

Hirika, Bilbok ditu daturik onena, inkestatuen %64,6 ziurtasun osoz itzuliko bailitzateke hirira eta %28,7k dio litekeena dela itzultzea. Donostiaren kasuan, %54,4 dira ziurtasun osoz itzuliko liratekeenak eta %30,6k dio litekeena dela itzultzea eta Gasteizi dagokionez, %49,5 ziurtasun osoz itzuliko lirateke eta %40,4k dio litekeena dela itzultzea.