Segurtasuneko sailburuak trafikoko gorabeheren kudeaketa arinduko duten erremintak baliatzearen aldeko apustua egin du

2018.eko azaroak 28

  • Teknologiak Euskadiko trafikoaren kudeaketan duen eragina aztertu dute nazioarteko adituek

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Euskadiko trafikoan izaten diren gorabeheren kudeaketa arinduko duten kudeaketa aurreraturako erreminta teknologikoak baliatzearen aldeko apustua egin du gaur. Beltrán de Herediak horixe esan du ‘Trafikoaren kudeaketa aurreraturako berrikuntza globala Euskadin’ jardunbide profesionala irekitzeko ekitaldian. Jardunaldiak nazioarteko hamar bat aditu elkartu ditu, eta mugikortasun autonomoan eta seguruan aplikatutako azken aurrerapen teknologikoak eta egungo paradigmak planteatzen dituen erronkak azaldu dituzte.

“Trafiko fluxuen eta intentsitateen monitorizazio sektorizatua denbora errealean egiteko kudeaketa aurreraturako erreminta teknologikoak erabiltzearen aldeko apustua egiten dugu. Helburua erantzuteko denborak arintzea, erabakiak azkarrago hartu ahal izatea eta eguraldi txarra denean eta negualdian gorabeherak errazago kudeatzea da” esan du Segurtasuneko sailburuak jardunbide profesionalaren inaugurazio-ekitaldian, Trafiko Zuzendaritza teknologia eta kontzeptuak berritzeko garrantzi handiko prozesu batean murgilduta dagoela esan ondoren.

Segurtasun Sailaren arduradunak, bere esku-hartzean, balioetsi egin du Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Txurdinagako Zentrotik egiten den “zaintza, ohartarazpen eta informazio” lana, eta, aldi berean, eskertu egin du “Ertzaintzako Trafikoko unitate zentralek eta lurralde-unitateek egunero egiten duten lana”, bide-segurtasunari egiten dioten ekarpen erabakigarria kontuan hartuta.

Testuinguru horretan, “gaur eta aurrera begira Euskadiko trafiko-arazoei konponbidea emateko erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia” ere azpimarratu nahi izan du sailburuak.

Era berean, Estefanía Beltrán de Herediak Trafiko Istripuetako Biktimen Euskal Erregistroa sortzeko dekretua, duela gutxi onartu dena, eta Trafiko Zuzendaritzak ‘Don´t be Dummy- Zuk ez duzu ordezkorik’ programaren bidez geletan egiten duen sentsibilizazio-kanpaina ere azpimarratu ditu.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera arduratu da gaurko jardunbide profesionalean parte hartu duten ehun bat pertsonari ongietorria egiteaz. Inaugurazioko txostena Alexander Grous London School of Economics and Political Science ikastetxeko irakaslearen eta ikertzailearen esku egon da. Bide-segurtasunaren eta horren ebidentzien eragin sozioekonomikoaren inguruko ikuspegiei buruz hitz egin du, eta hurrengo txostenetarako hurbilketa eta testuinguru gisa balio izan du.

Jardunaldia Xabier García Ramsdem kazetariak gidatu du, eta hiru bloke izan ditu. Lehen blokea, “Mugikortasun paradigma berriak dakartzan erronka teknologikoen inguruko hausnarketa” izan da, eta Iñaki Eguiara (Eusko Jaurlaritzako Trafiko Ikerketa arloko arduraduna), Jonathan Americo (Tom Tom enpresako Smart Cities produktuen zuzendaria) eta Maximilian Eichorn (Siemens konpainiako Negozio Estrategia eta Garapen Saileko zuzendari globala) izan dira parte hartu dutenak. Hirurek mugikortasuneko modu berriei buruz hitz egin dute, eta teknologia berriak garraioaren etorkizuna nola aldatzen ari diren azaldu dute.

Kafea hartzeko tartearen ondoren, bigarren blokeari ekin zaio: “Teknologia autonomoaren eragina gizartean. Aplikazio meteorologikoen ezarpena trafikoa era adimentsuan kudeatzeko. Bidaiatzeko modu berriak”. Bloke horretan hainbat adituren hitzak entzuteko aukera izan dute bertaratu direnek; parte hartu duten adituak izan dira: Iñigo Larraondo (IDOMeko ITS negozio zuzendaria) Jorge Muñoz eta Alfonso Arbeteta (Volvo Car Corporation-eko Prentsa eta Kanpo Komunikazio zuzendaria eta Euskarri Teknikoaren arduraduna, hurrenez hurren) eta Santiago Gaztelumendi (Tecnalia R&I-ko Meteorologia Arloko zuzendaria eta Euskalmeteko koordinatzailea). Aditu horiek garraio-sistema adimendunez eta berrikuntzak trafikoaren kudeaketan duen balioaz hitz egin dute.

Hirugarren mahaiaren izenburua “Adimen artifiziala versus giza adimena. Etorkizun ezezaguna mugikortasun konektatu, autonomo, partekatu eta seguru baterako” izan da, eta parte-hartzaileak izan dira Antonio David Masegosa (DeustoTech-en Research Fellow eta Ikerbasqueko ikertzailea) eta Javier Echeverría (Ikerbasqueko ikerketa irakaslea). Aurrerapen teknologiko horiek guztiek gizarteari sortuko dizkioten erronkak aztertu dituzte.