Hogeita hamabost urte bete dira Ertzaintzako Trafiko Unitateak abian jarri zirenetik

Argitalpen-data: 

Motoristak.jpg

Trafikoarena izan zen, erakundeak zaintzekoarekin batera, Ertzaintzak bere gain hartu zuen lehenengo eskumena

Bihar beteko ditu Ertzaintzak hogeita hamabost urte Euskadiko errepideetan. 1983ko otsailaren 14an ekin zioten bere lanari Bizkaiko Trafiko Lurralde Unitateko lehenengo ertzainek, eta berehala jarraitu zieten Gipuzkoakoek eta Arabakoek. Trafikoa kudeatu eta arautzeko eskumenak eta erakundeen egoitzak –autonomikoak nahiz foralak– zaintzekoak izan ziren sortu berria zen Ertzaintzak bere gain hartu zituen lehenengo segurtasun-lanak.

 

Hainbat urte lehenago, frankismoaren aldia amaitu eta demokrazia berrezarri ondoren, Gernikako Estatutua onartu zen, eta horrekin Eusko Jaurlaritza berreskuratu zen eta, Jaurlaritzaren baitan, Herrizaingo Saila sortu zen. 1980an, Jaurlaritza berriak hogeita hamaseiko Ertzañaren espiritua berreskuratu zuen eta Euskadiko Polizia Autonomoa sortu zuen, eta horren baitan bildu zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako Mikeleteak eta Arabako Miñoiak. Erakunde horiek eta Tokiko Polizia Kidegoak elkartuta, euskal polizia sortu zen.

Ertzaintzaren baitan sortu ziren lehenengo unitateak izan ziren trafikoko hiru lurralde unitateak, lurralde historiko bakoitzeko bat. Errepide nagusietara hedatu izanari esker ikusi zuten euskal herritarrek Ertzaintza estatuko polizia-kidego ezberdinak ordezkatzen ari zela, eta gainerako eskumenen kasuan (herritarren segurtasuna, ikerketa kriminala, ordena publikoa, eta abar) ordezkapen hori pixkana egin zen Ertzaintzaren ertzain-etxeak ireki ahala, eta prozesua 1995eko irailean amaitu zen, Ertzaintza Gasteizera iritsi zenean.

Trafikoko Lurralde Unitateak gaur egun

Trafikoko Lurralde Unitateen lana, hasieratik, errepide nagusietako (autopistak, autobideak eta errepide nazionalak) trafikoa zaintzea eta arautzea izan da, eta herriarteko eta hiri eta herrietako gainerako errepideak udaltzaingoen eskumenekoak izan dira. Unitateen jarduera-kopuruaren adibide moduan aipatu behar da iaz, 2017an, unitateek guztira 5.335 istripu artatu zituztela, Autonomia Erkidego osoan izandakoen % 44, alegia.

Gaur egun Ertzaintza zortzi mila agentek, gizon-emakumek, osatzen dute, eta horietatik bostehun inguru, apur bat gehiago, hiru trafiko-unitateetakoak dira. Unitate horien baitan, lurraldeen araberako agenteen banaketa ez da biztanleriaren araberakoa, beste faktore batzuen araberakoa baizik, eta faktore horietan sartzen dira errepide nagusien kilometro kopurua eta lurralde bakoitzean zirkulatzen duen trafikoaren dentsitatea, ibilgailu astunak eta nazioarteko garraioa barne direla. Unitateetako agenteen % 42k, beraz, Gipuzkoan dute lanpostua, % 34k Bizkaian eta % 24k Araban.

Errepideetako zirkulazioaren segurtasuna zaintzeaz eta errepide nagusietan izaten diren istripuak artatzeaz gainera, unitateetako ertzainek beste zeregin ugari izaten dituzte, eta, horien artean, abiadura, alkoholaren eta drogen kontsumoa eta segurtasun-uhalaren eta kaskoaren erabilera kontrolatzen dituzte, ibilgailu astunen takografoak ikuskatzen dituzte, garraio berezietan laguntzen dute, kirol-probak zaintzen dituzte, bide-segurtasunaren aurkako delituengatik izapideak instruitzen dituzte, eta abar.