Ertzaintzak ekintza-plan bat diseinatu du gizaki-salerosketaren biktimengana hurbiltzeko, konfiantza sortzeko eta delituari aurrea hartzeko

2017.eko abenduak 14

Prostituzio-lekuetan liburuxkak banatuko ditu salaketa jartzeko edo babesa eskatzeko erreferentziako 677.999.555 telefono-zenbakiaren berri emateko

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Sexu-esplotaziorako gizaki-salerosketaren aurkako ekintza plana aurkeztu du gaur goizean. Sailburuarekin batera izan dira aurkezpenean Arabako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuaren buru Iñaki Arteaga, Bilboko Ertzain-etxeko Zentroaren buru Patricia Martínez de Musitu eta Pertsonen aurkako delituen ataleko buru Hugo Prieto.Ertzaintzak beste urrats bat eman nahi izan du plan honekin, Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2013ko abenduaren 18an onartutako ebazpenari jarraituz, gizaki-salerosketaren biktimengana hurbiltzeko, diagnostiko zehatza egiteko eta biktima izan daitezkeenen konfiantza lortzeko asmoz, delituari aurrea hartu ahal izateko.

Gizaki-salerosketaren eta sexu-esplotazioaren delituak estrategikoak dira Segurtasun Sailarentzat eta Ertzaintzarentzat, kontuan hartuta XXI. mendeko esklabotza eta emakumeen eta adingabeen giza eskubideen eta duintasunaren aurkako erasorik larrienak direla mundu osoan.  Premisa hori abiapuntutzat hartuta, Emakunde buru duen erakundeen arteko esparruan, eta erakundeekin, elkarteekin eta GKEekin lankidetzan eta udaltzaingoekin koordinatuta, Ertzaintzak lan bateratu bat egin du, eta hortik sortu da, hain zuzen ere, Sexu-esplotaziorako gizaki-salerosketaren aurkako ekintza plana.  

Ertzaintzak urteak daramatza Sexu-esplotaziorako gizaki-salerosketaren delituaren aurka lanean, eta orain arte ikerketaren ikuspegitik jardun du. Salaketa baten edo delitu-egoera baten berri izaten zuenean, biktima askatzeko eta gaizkileak atxilotzeko jarduten zuen, eta orain, ekintza-planarekin, prebentzioaren esparrura hedatuko da bere jarduna.

Ertzaintzako ikerketa-taldeek 24 ikerketa burutu dituzte azken 15 urteotan; horietatik 18 Bizkaian, 8 Araban eta 1 Gipuzkoan. Orotara 45 biktima askatu eta 47 pertsona atxilotu edo ikertu dituzte.  Datuak aztertuta, ondorioztatzen da % 46 afrikarrak direla jatorriz, % 44 hegoamerikarrak eta gainerakoak txinatarrak eta europarrak. Nazionalitate berekoak dira atxilotutako pertsonak ere.

Ertzaintzak zailtasun eta oztopo ugari izaten ditu era horretako delituak ikertzen dituenean, eta horien artean azpimarratu behar dira zailtasun legalak eta ekonomikoak, delitugintzarekin zerikusia dutenak eta biktimen mugikortasun geografikoa.

Ertzaintzak 2014tik, Inteligentzia Bulego Nagusiaren bitartez, prebentzioaren ikuspegitik ere lan egin du delitu honen aurka, eta sexu-esplotaziorako gizaki-salerosketa hautemateko eta neutralizatzeko ekintza-plan bat prestatu du.

Eusko Jaurlaritzak, Emakundek eta Ertzaintzak, polizia integral gisa, bete-betean parte hartzen duten sexu-esplotaziorako gizaki-salerosketaren aurkako Europako estrategian, eta 2016an sortu zen Ertzaintzaren barruan gizaki-salerosketaz arduratzeko talde egonkorra, arazoari hiru ikuspegitatik heltzen diona. Herritarrak babesteko arlotik, prostituzio-lekuetara joan eta arlo horrekin zerikusia duten datuak jasotzen ditu; Inteligentziatik EAEko prostituzioaren egoerari buruzko diagnostikoa egiten du, ustezko delituak aztertu eta hautemateko; eta, azkenik, Ikerketaren arlotik delituak neutralizatzen ditu eta biktimei arreta ematen die.     

Planaren helburua

Ertzaintzaren ekintza-planaren helburuak dira gizaki-salerosketari prebentzioaren esparrutik heltzea, biktima babestea eta gaizkilea auziperatzea, eta beti biktimei arreta emanez eta biktimak errespetatuz, horixe izanik, berez, garrantzizkoena.

Horretarako, prostituzioaren munduarekin zerikusia duten datu guztiak zehatz-mehatz biltzen ari da, eta fenomenoari buruzko mapa bat egingo du errealitatea zein den sakontasunez jakiteko eta, era horretara, gertatzen ari diren delituak hauteman eta gaizkileak atxilotu eta biktimak askatu ahal izateko.

Ekintza-planaren lehenengo esperientzia pilotua Irungo Ertzain-etxearen eragin-eremuan gauzatu zen 2016an, eta Errenteriako, Gasteizko eta Muskizeko ertzain-etxeen eragin-eremuan 2017an. Gizaki-salerosketa hauteman ahal izateko, prostituzio-lekuetara joan behar zen, eta horixe egin da.

Denbora honetan, Ertzaintza prostituzioan diharduten 372 pertsonarengana hurbildu ahal izan da aipatutako lau demarkazio horietan (209 Gasteizen, 102 Irunen, 37 Errenterian, 24 Muskizen). Horietatik % 94 atzerritarrak ziren, ia gehienak emakumeak, eta 3 gizonezkoak eta 8 transexualak. Lau demarkazio horietako datuak hartuta, egiaztatu da 10.000 biztanleko 6,81 pertsonak dihardutela prostituzioan.

Gaur egun, Segurtasun Departamentua eta Ertzaintza Ekintza Plan hau Ertzain-etxe guztietara zabaltzeko ahaleginean murgilduta daude, prostituzioan diharduten pertsonengana hurbiltzeko xedearekin, ondo asko jabetuta giza talde ahula dela eta Euskadiko hiritargoaren beste edozein taldek bezala Ertzaintzaren errespetoa eta babesa izan behar dituela.

Planaren garapenak berezko ditu, prostituzioa ematen den lekuetara jo, horretan diharduten pertsonekin harremanetan jarri, komunikatu eta jasan ditzaketen arriskuei aurre egiteko segurtasun gomendioak helaraztea. Horretarako, ekimenotan diharduten ertzainek eskura izango dituzte zabalkunderako, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, portugesez , errumanieraz eta txineraz argitaratutako diptikoak, segurtasun gomendioekin eta laguntzarik behar izanez gero erabili ahal izango duten telefono zenbakiarekin, 677 999 555.