Segurtasun Sailak Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamenduaren dekretu-proiektua argitaratu du

2017.eko ekainak 09

Entitateek, erakundeek, elkarteek, organizazioek eta herritarrek 20 egun izango dituzte EHAAn argitaratzen denetik aurrera

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Joko eta Ikuskizunen zuzendari Aitor Uriartek Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamenduaren zirriborroa aurkeztu dute, eta gaur eman dute argitara erakundeen, sektoreen, elkarteen eta tartean diren gainerako kolektiboen alegazioak eta ekarpenak jasotzeko.   

Egingo den erregelamenduak lagundu behar du ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak gauzatzen direnean eraginpeko pertsonen segurtasuna bermatzen, erabiltzaileen eta hirugarrenen eskubideak errespetatzen eta aisiarako eskubidea eta herritarrek dituzten gainerako eskubideak era baketsuan bateratzen. Bestalde, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legea erabiltzean segurtasun juridiko handiagoa eskaintzea du helburu, aipatutako legeko manuak zehaztuz.

Zirriborroak kontuan du askatasun-printzipioaren eta segurtasun- eta bizikidetza-printzipioaren arteko beharrezko oreka, segurtasun- eta higiene-baldintzak eta jarduera horietan eska daitezkeen beste betebehar batzuk zehaztean, hala nola, ordutegiak, sarreren salmenta, onarpen-baldintzak edo gaikuntza-tituluak, eta mantentze-lanak, ikuskapena eta kontrola.

Proposatutako testuan aldatu egin da ikuskizun publikoen, jolas-jardueren eta lokalen katalogoa, hain zuzen ere, kontzeptu edo nomenklatura tradizionala saihesteko, ez baita oso erabilgarria gaur egun, ezta etorkizunerako ere, eta sailkapen balioaniztunagoa, malguagoa eta, aldi berean, deskribatzaileagoa eskaintzen du.  

Kategoria zabalak deskribatzen dira, hain zuzen ere, segurtasunari, erabiltzaileei eta bizikidetzan duten eraginari dagokienez ezaugarri berberak dituzten jarduerak kategoria berean sartuta egon daitezen. Esate baterako, 98 lokal-motak (ikuskizunetako 38 eta jolas-jarduerako 60) 18ra murriztu dira.  

Sarreren salmenta

Testu arautzaileak zehaztasunez heltzen dio sarreren salmentari, eta, bereziki, Internet bidezko salmentari, azken urteotan nabarmen egin baitu gora.  Erregelamenduan argi eta garbi zehazten da zer den zuzeneko salmenta eta zer den komisiodun salmenta, eta azken honen kasuan mugak jartzen dira eta Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzaren baimenarekin egin beharko da. Era horretara, lortu nahi da segurtasunik eza saihestea eta sarrerak garestiago saltzea eragoztea, legez berariaz debekatuta baitago hori egitea.  

Atal honetan jaso da, bestalde, debekatuta dagoela sarrerek prezio ezberdinak izatea jatorria, arraza, sexua edo erlijioa dela eta.  

Adingabeak babestea

Proposatutako zirriborroaren beste alderdi azpimarragarri bat adingabeen babesa da.  Legean ikuskizun eta jolas-jardueretara sartzeko adingabeentzat ezarrita dauden mugez gainera, testu arautzailean ikuskizunak eta jolas-jarduerak sailkatzeko jarraibideak ematen dira, adingabeak horietara sartzeko gomendioak zehaztuta.  

Onartzeko kontrola

Erregelamenduan definitzen dira eta jasotzen dira erregimen bereziko establezimenduek zein baldintza bete behar dituzten, eta ñabartzen dira egituren sendotasunari eta segurtasunari eta higieneari dagokienez bete behar dituzten baldintzak, bai eta ikuskizunetan eta jolas-jardueretan sartzeko eta egoteko baldintzak ere, bereziki adingabeak babesteari dagokionez. Era berean, zehazten dira zein ikuskizunek izan behar dituzten sarrera, segurtasuna edo ekitaldi jakinetara egokitzeko zerbitzuak, beren ezaugarrien eta aforoaren arabera.   

Atal horretan ezartzen da onarpen-zerbitzuko langileek gaikuntza espezifikoa beharko dutela eta Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak emango duela. Gaikuntza hori lortu ahal izateko, Zuzendaritzak EHAAn argitaratutako ebazpen baten bidez arautuko ditu proba teorikoen, praktikoen eta psikoteknikoen moduluak, bai eta horien edukia eta horiek aldizkakotasuna ere.  

Kronograma

EHAAn gaur argitaratu ondoren eta Eusko Legebiltzarrera igorri ostean, dekretuaren proiektua argitara emango da erakundeek, elkarteek, kolektiboek eta herritarrek, oro har, egoki iritzitako alegazioak eta ekarpenak egin ditzaten. Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluari, Jokoaren Kontseiluari, Babes Zibileko Batzordeari, Emakunderi eta abarri ere eskatuko zaizkie dagozkien txostenak.

Behin txostenak eta alegazio edo ekarpenak jaso ondoren, banan banan aztertu eta erantzungo dira, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren txostena egiten denean Gobernu Kontseilura igorriko da hark ohar dezan.  

Azpimarratu behar da argitara emateko fasearen aurretik, aurreko urtearen amaieran Segurtasun Sailak garapen-dekretuari buruzko aurretiazko kontsulta publikoa tramitatu zuela herritarrek arauak egiteko prozeduran parte-hartzeko prozesua hobetzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenaren, 133. artikuluan xedatutakoari jarraituz.  

 

Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko erregelamenduaren zirriborroa