Trafiko Zuzendaritzaren Neguko Bidezaintza Plana (NBP) zortzi aldiz aktibatu da azarotik apirilera bitartean, eta ez da aparteko arazorik sortu Euskadiko errepide-sarean

Argitalpen-data: 

elurra.JPG

Azken urteotako zifrarik txikiena

Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak zortzi aldiz aktibatu du azarotik apirilera bitartean Neguko Bidezaintza Planaren segimendu eta informazio fasea, elur-maila 1.000 metrotik behera jaitsi izanaren ondorioz. Beste 6 aldiz abiarazi behar izan du fase operatiboa elur maila 700 metrotik behera jaitsi izanagatik.

2014/15 neguan 9 aldiz aktibatu behar izan zen fase operatiboa, 2015/16 neguan 8 aldiz, eta 2016/17 honetan, berriz, 6 aldiz. Aktibatzeen kopurua ere jaitsi egin da, orotara, aurreko ekitaldiekin alderatuta: 2014/15 aldian 12 aktibatze egin ziren, 2015/16 aldian 11, eta 2016/17an 8.

Udazkenari udakoak ziruditen tenperaturekin eman zitzaion hasiera, eta lehenengo elurra 2016ko azaroaren 6tik 8ra bitartean egin zuen, elur-maila 800 metro inguruan kokatu zen eta tenperaturak nabarmen jaitsi ziren (maximoa 8 gradukoa izan zen Vitoria-Gasteizen eta 10 gradukoa Bilbon eta Donostian hilaren 7an), prezipitazioak iraunkorrak izan ziren eta txingor-ekaitzak izan genituen. Elurrak eta izotzak ez zuten inolako arazorik sortu Euskadiko errepide-sareko zirkulazioan, nahiz eta euri-prezipitazioek, une batzuetan ugariak izan zirenek, ohi baino istripu gehiago eragin zituzten autoak errepidetik atera izanaren eta talken ondorioz.

Bigarren elurtea 2016ko azaroaren 23an eta 24an izan zen, elur-maila 400-600 metro artean kokatu zen eta fase operatiboa aktibatu behar izan zen, beraz.  Prezipitazio oso ugariak eta iraunkorrak izan ziren, barrualdean tenperaturak 9ºC-koak izan ziren eta kostaldean 12ºC-koak hilaren 23an. Azazeta, Opakua, Bernedo eta Vitoria mendateak itxita egon ziren kamioientzat eta artikulatuentzat, eta autoek kateak edo neguko gurpilak erabili behar izan zituzten 23 goizean. Herrera, Zaldiaran eta Gatzaga mendateak itxita egon ziren ibilgailu guztientzat 23 goizean. Gorabeherarik adierazgarriena N-1ean izan zen, Tolosa parean, errepidea moztuta egon baitzen ordu eta erdian (13:54tik 15:26ra bitartean) Vitoria-Gasteizerako noranzkoan kamioi batek “guraizea” egin zuelako, eta 13 km-ko auto-ilarak sortu ziren. A-15 errepidea ere moztuta egon zen, Iruñerako noranzkoan, Andoaindik, 2 ordutan (12:38tik 14;39ra bitartean 23an), Nafarroako zatian metatutako elurra makinekin garbitzeko lanen ondorioz. Eta, azkenik, N-121A errepidea, Iruñerako noranzkoan, 2 orduz itxi behar izan zuten (11:00etatik 13:56ra bitartean, hilaren 23an) hainbat kamoi errepidean gurutzatuta geratu zirelako Belateko tuneletan (Nafarroan), eta horrek ikaragarri zaildu zuelako elurra kentzeko makinen lana.

Hirugarren aldiz elurra 2017ko urtarrilaren 13tik 22ra bitartean egin zuen, elur-maila 600-700 metroan kokatu zen eta hasieran prezipitazioak iraunkorrak izan ziren. Elur-maila 400-500 metrora arte jaitsi zen larunbat goizean (hilaren 14an), eta prezipitazioak pixkana baretzen joan ziren astelehen arratsaldetik (hilaren 16tik) aurrera. Fase operatiboa 2 aldiz aktibatu bazen ere (13tik 15era bitartean eta asteartean, 17an), elurrak ez zuen gorabehera aipagarririk sortu Euskadiko errepide-sarean.  Hala ere, prezipitazioek lur- eta harri-jauziak eragin zituzten, besteak beste, AP-68an, Ugao-Miraballes parean, 17 goizaldean: metatutako urak lurra melatu izanaren ondorioz behera etorri zen 12 metro luze eta 8 metro zabaleko lur-ezponda, eta AP-68 autopistako eskuineko eta erdiko erreiak moztu behar izan zituzten Bilborako noranzkoan asteartean, hilaren 17an. Egindako euriaren ondorioz ur-putzuak sortu ziren, esate baterako, BI-735 errepidean, Erandio parean, eta ez zen errepide horretatik zirkulatzerik izan hilaren 17ko (asteartea) goizaldean. Araban bigarren mailako errepide ugari hartu zituen urak, besteak beste, A-3310 (Minbredo parean), A-2622 (Pobes parean) eta A-2212 (Ribabellosa parean), eta zirkulazioa etenda geratu zen asteartean, 17an. Gipuzkoan behera etorri zen N-634 errepideko tunel bateko sabaia Zarautz eta Getaria artean hilaren 17ko 16:30ean, eta sortu ziren auto-ilaren ondorioz ordezko pasabide bat egokitu behar izan zen ondorengo orduetan. Gipuzkoan ere izan ziren lur-jauziak, esate baterako, GI-627 errepidean, Aretxabaleta parean, eta hainbat zuhaitz handi ere erori ziren bigarren mailako errepide-sarean.

Laugarren elurtea otsailaren 5etik 9ra bitartean egin zuen, elur-maila 600 metro inguruan kokatu zen, prezipitazio ugariak izan ziren eta haizearengatik alerta laranja izan genuen hilaren 3an, 4an eta 5ean. Aurreko elurtean bezala, fase operatiboa bi aldiz aktibatu zen (hilaren 5ean eta 7tik 8ra bitartean). Hilaren 5ean, ia egun osoan zehar, Bernedo mendatea itxita egon zen ibilgailu guztientzat, eta Urduñakoan autoek bakarrik zirkulatu ahal izan zuten kateak jarrita edo neguko gurpilekin; Opakuan kamioiek kateak edo neguko gurpilak behar izan zituzten zirkulatu ahal izateko. Bestalde, hilaren 8ko goizaldean, itxita egon ziren kamioientzat Zaldiaran, Vitoria, Herrera, Bernedo, Urduña eta Opakua mendateak. Haize-kolpe gogorren ondorioz zuhaitzak eta adarrak erori ziren errepidera Euskadiko geografia osoan barrena, nahiz eta, zorionez, ez zuten gorabehera larririk eragin.

Azpimarratu behar da otsailaren 28an itxita geratu zela N-634 errepidea, Zumaia eta Zarautz artean, 17:15etik 20:45era itsaso gogorraren ondorioz 7 metrotik gorako olatuak izan zirelako.

Martxoan beste hiru aldiz egin zuen elurra: 3tik 4ra, 22tik 23ra eta 24tik 26ra, eta fase operatiboa azkeneko kasuan bakarrik aktibatu zen elur-maila 600 metrotik jaitsi izanaren ondorioz. Martxoko hiru elur-aldi horietan ez zen azpimarratzeko moduko gorabeherarik izan Euskadiko errepideetan, denborale laburrak izan baitziren guztiak ere.

Azken elurtea apirilaren 26tik 27ra bitartean gertatu zen, elur-maila 700-1000 metrotan kokatu zelarik, baina zaparradak nahiko txikiak izan zirenez, ez zuten euskal errepide sarean zirkulazio arazo aipagarririk eragin.