Delinkuentzia % 3,17 jaitsi da 2016an Euskal Autonomia Erkidegoan

01.JPG

2017.eko urtarrilak 26

Delituen tasa ia hiru puntu eta erdi jaitsi da azken lau urteotan

Ertzaintzak bildutako datuek agerian uzten dute delinkuentziak azken urteetako beheranzko joerarekin jarraitzen duela Euskal Autonomia Erkidegoan.2016an % 3,17 jaitsi da delinkuentzia, 2015eko datuen aldean, eta finkatu egin da denboran luzatzen ari den beheranzko joera.2013an, mila biztanleko arau-hausteen tasa 40,53koa zen, eta gaur egun 37,15ekoa da, ia hiru puntu eta erdi azpitik.Aurten, delitu tipologia gehienetan gertatu da beherakada, batez ere gizarte-alarma gehien sortzen dutenetan:gizahilketetan, sexu-erasoetan, etxebizitzetako lapurretetan...Ertzaintzak justiziaren esku utzitako delinkuenteen kopurua % 12,94 gehitu da 2016an.

2016an arau-hauste penalak nabarmen jaitsi dira Euskal Autonomia Erkidegoan. 2015ean 83.996 izan ziren eta 2016an 81.335. Delitu-tasa ere jaitsi da, mila biztanleko 38,37 arau-hauste izatetik, 37,15 izatera.

Beherakaden kapitulua deliturik larrienekin zabaltzen da, gizahilketa burutuekin. 2015ean 11 izan ziren eta 2016an 6. Sei kasu horiek, gainera, argitu dira eta ustezko egileak justiziaren esku utzi ditu Ertzaintzak.

Lesioak ere jaitsi egin dira (–% 0,52), eta horien barruan bereziki jaitsi dira  familiaren barruko tratu txarrak (–% 5,84).

Torturarekin eta integritatearen kontrako delituekin lotzen diren arau-hausteen arloan (–% 4,45), adierazi behar da batez ere behera egin dutela familia barruko ohiko tratu txarrek (–% 4,38).

Sexu-askatasunaren kontrako arau-hausteetan ere nabarmena izan da beherakada (–% 4,03), eta, bereziki, arau-hausterik larrienetan, hots, sexu-eraso gisa tipifikatuta daudenetan (–% 9,29).

Ondarearen kontrako egintzei dagokienez (–% 0,04), batik bat adierazgarria da gauzetan indarra erabilita egindako lapurreten jaitsiera (–% 6,20) eta, horien barruan, etxebizitzetan indarra erabilita egindako lapurretak (–% 13,18) eta, batez ere, eranskinetan, trastelekuetan eta garajeetan gertatutako lapurretak (–% 28,14).

Segurtasun kolektiboaren kontrako arau-hausteak (–% 0,55) jaitsi dira eta, horien barruan, droga-trafikoa (–% 11,54) eta ordena publikoaren kontrako egintzak (–% 24,21), baita beste arau-hauste penal gisa sailkatutako arau-hausteak ere (–% 22,35).

Gehitu diren delituen artean daude: ebasketak (+% 2,76), alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea (+% 4,78), ibilgailuen lapurretak (+% 11,53) eta iruzurrak (+% 6,32), batez ere Internet bidez egindakoak. Dena dela, kasu horietan guztietan goranzko bilakaera moteltzen hasi da azken hilabete hauetan.

Erruztapen penalak

Delinkuentzia murrizteak ez du ekarri erruztapen penalak murriztea, hau da, ez da murriztu Ertzaintzak arau-hausteen egile direlakoan epailearen aurrera eramandako pertsonen kopurua. Aitzitik, joan den urtean 23.046 erruztapen izan ziren, eta 2016an 26.029 erruztapen izan dira (+% 12,94).

Esparru geografikoa

Lurralde historikoen arabera ere delinkuentziaren beherakada orokorra izan da: Araban (–% 5,39), Bizkaian (–% 1,18) eta Gipuzkoan (–% 6,20).

Antzeko bilakaera izan da hirigune nagusietan ere: Vitoria-Gasteizen (–% 7,25), Donostian (–% 5,33), Barakaldon (–% 4,45), Getxon (–% 13,83) eta Irunen (–% 0,61). Bilbao da ehunekoa gehitu duen udalerri bakarra (+% 5,02), ebasketen eraginez batez ere.

Legebiltzarrean agertzea

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean hitza hartuko du, berak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko delinkuentziaren estatistiken berri emateko.