Azken eguneratzea: 2013/03/15

Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak 2013ko prestakuntza-plana onartu du: eskaintza % 58 handitu du eta matrikulazio kopurua, berriz, bikoiztu egin du

23.000 ertzain, udaltzain, suhiltzaile eta larrialdi eta babes zibileko kide inguru matrikulatuko dira 159 trebakuntza-ikastaroetan

Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren Artezkaritza Kontseiluak, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun sailburua buru duenak, 2013ko jardueren urteko plana onartu du. 22.726 ikaslek jasoko dituzten 159 ikastaro izango ditu. Hala, iazko zifrarekin konparatuta, ikastaroen kopurua % 58 handitu da eta ekitaldi honetako ikasleei eskaini zaizkien lekuak bikoiztu egin dira.

2013an, guztira, 159 ikastaro egingo dira, 2012an baino 60 gehiago. Horietatik, 86 Ertzaintzari zuzenduak izango dira (2012an, 41), 36, udaltzaingoei (2012an, 25), 31, Larrialdietako eta Babes Zibileko kideei (2012an, 29) eta 6, beste kolektibo batzuei (2012an, 4).

Matrikulazioei dagokienez, 17.455 ertzainenak izango dira, 3.757, udaltzainenak, 1.364 Larrialdietako eta Babes Zibileko kideenak eta 150 inguru beste talde batzuetako pertsonenak.

«Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia “Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema” osatzen duten zerbitzu guztietarako jakintzaren kudeaketan eragile aktiboa eta ezagutzaren behatoki izatea nahi dugu. Euskal segurtasun-eredu integral berriaren ildo estrategikoak ezartzeko alor guztiak barne hartzen dituen zerbitzua», azaldu du Segurtasun sailburuak, Eusko Legebiltzarreko ildo orokorren aurkezpenean Arkauteko Akademiaren aldeko apustu garbia egin ondoren.

Arkauteko Akademiako zuzendariak, Malentxo Arruabarrenak, aurkeztu dizkio 22 kidez osatutako Artezkaritza Kontseiluari legegintzaldiko ildo estrategikoak eta 2013ko Jardueren Urteko Plana. Plan horrek hainbat helburu ditu: akademia segurtasun-gai guztietan erreferentziako zentroa izatea; zerbitzuen eskaintza kolektiboen eskarira egokitzea, segurtasun politikak bete daitezen; unibertsitatearekin eta beste trebakuntza-zentro batzuekin aliantza estrategikoak bultzatzea; ikerketa eta berrikuntza bultzatzea, eta prestakuntza bideratzea, Euskadiko herritarren giza eskubideak eta hizkuntza-eskubideak errespeta daitezen.

«Trebakuntza-plan berri honen bidez, poliziako kide espezializatuek beren ezagutzak, bai teorikoak, bai praktikoak, segurtasun-gaietan lan egiten duten gainerako taldeei jakinaraziko dizkiete», adierazi du Malentxo Arruabarrena Arkauteko zuzendariak.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren jarduera

2013an, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak segurtasunari, larrialdiei eta babes zibilari buruzko prestakuntza-jarduerak planifikatu, antolatu eta emango ditu. Gainera, hautaketa-prozesuak eta praktikaldiak ere izango dira. Ikastaroen programa zabala planifikatu dute, eta garrantzi berezia eman diete ertzainek, udaltzainek eta larrialdietako eta Babes Zibileko kideek gauzatuko dituzten espezializazio-, jarduera- eta hobetze-ikastaroei.

Era berean, Sailak bultzatzen duen segurtasun publikoko eredu berria indartzeko, hainbat ikastaro prestatu dituzte. Hona hemen aipagarrienetako batzuk: «Herritarrak artatzea», «Polizia komunitarioaren eredua eta bitartekaritza», «Lidergoa eta lantaldeak motibatzea», «Polizia herritarren zerbitzura», «Oinarrizko bizi-euskarri instrumentalizatua», «Etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren biktimak tratatzea».