Azken eguneratzea: 2012/04/03

Arkautek kirol probetarako motorista laguntzaileen lehenengo ikastarorako deialdia egin du

Proba eta ibilaldi zikloturistetan lan osagarriak egin ahalko dituzte

Arkauteko Ikastegiak motoristentzako lehenengo prestakuntza ikastarorako deialdia egin du, kirol probetan eta txirrindularitza ibilaldietan Ertzaintzaren segurtasun lanetan laguntzeko. Lehenengo deialdi honetan gehienez ere 120 plaza egongo dira.

Kirol probak eta txirrindularitza ibilaldiak modu seguruagoan garatzeko, Trafiko Zuzendaritzak interesgarritzat jo du “motorista gaitua” edo “motorista eskuordetua” figura sortzea; hala, gidatzea menderatzen duten eta horrelako lasterketak ondo ezagutzen dituzten pertsonak, prestakuntza ikastaro bat jaso ondoren, gaituta egongo dira aginte agenteen segurtasun langile gisa. Figura horren betebeharra errepideko lehiaketetan segurtasun lanak osatzea izango da; orain arte, lan hori Ertzaintzak betetzen zuen EAEn, modu esklusiboan.

Deialdi honetan 120 plaza egongo dira, gehienez. Hautagaiek, A/A2 gidabaimena izateaz gain, trebetasun azterketa bat gainditu beharko dute errepideko motor batekin, 250 zentimetro kubo baino gehiagoko zilindradaduna. Hautagaiak onartzeko aintzat hartuko da, halaber, curriculum pertsonala eta profesionala, eta bertan ziurtatu beharko da kirol probak kontrolatzen esperientzia izatea.

Hautapen fasea gainditu ondoren, hautagaiek 5 orduko ikastaroa egin beharko dute, eta bertan landuko dituzte, besteak beste, kirol probetako araudiak, erantzukizun legala zirkulazioan edota kontrol, segurtasun eta koordinazio prozedurak. Ebaluazioa gainditzen duten ikasleek “motorista gaitua" kalifikazioa jasoko dute, eta kirol probetan segurtasun lan osagarriak egiten hasi ahalko dira.

Izena emateko epea 15 egunekoa da iragarkia ikastegiko iragarki taulan eta www.ehpi-appv.net webgunean plazaratzen den egunetik aurrera, eta eskaera tasa 36 eurokoa da.