Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazten dute, abenduaren 24an erizainen preskripzioari buruzko Errege Dekretua indarrean jarri dela eta:

2015.eko abenduak 23

- Osakidetzak erizainen lanbidea garatzeko apustu irmoa egin duela  Euskadin, rol berrien aldekoa, osasungintzaren alorreko gainerako profesionalekin orpoz orpo aritzekoa, erizainek osasun-arretan erantzukizun handiagoa izan dezaten; hori dela eta,  ildo berean lanean jarraitzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa jarriko du eta Errege Dekretu hori bertan behera uzteko eskatuko du.

-Beste behin ere, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak  premeditazioz eta ezkutuan jardun du, eta Hauteskunde Orokorrak igaro ostean argitaratu du Errege Dekretu hau, nahiz eta jarduneko gobernu izan. Gainera, ez daukate autonomia-erkidegoen oniritzia, nahiz eta euren esku egon osasun-sistemaren kudeaketa. Errege Dekretu honek eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak izandako prozedura eta emaitza ez dira onargarriak, are gutxiago hauteskundeak igaro osteko garai honetan.

- Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila ari da dagoeneko lanean erizainei beharrezko segurtasuna emateko, jardunbide egokiz aritzeko eta pazienteen asistentzia-prozesuan beharrezko osagarri izan daitezen. Halaber, aztertzen jarraituko du komeni ote den araudi propioa garatzea.

- Era berean, hiru lurralde historikoetako Erizainen eta Sendagileen Elkargoekin lan-bilerak egiten jarraituko dugu, erizainei dagozkien ardurak definitzen elkarrekin eta modu koordinatuan jarduteko.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 23an