Berdintasunerako Legeak hiritarren exijentzia maila handiagoa izatea bultzatu du urte hauetan, egindako ebaluketaren arabera

2017.eko uztailak 05

  • Legea sentsibilizazio tresna moduan eraginkorra izan da eta tresna juridiko baliagarria  lehenengo urteetako aurrerapenak finkatzen joateko    
  • Lorpenen artean, alor publikoaren berdintasunerako arkitekturari egin dion ekarpena;  erronken artean, sektore pribatuarengan eragina izateko dituen mugak  

Iñigo Urkullu lehendakariak Berdintasunerako Legearen ebaluazioaren emaitzen aurkezpen ekitaldia ireki du gaur goizean. “Berdintasunerako Legea: Lorpenak eta erronkak” izenburuarekin Emakundek antolatu du jardunaldia eta bertan parte hartu du baita ere Izaskun Landaida zuzendariak.  Ebaluaketaren emaitzen arabera, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea tresna juridiko eraginkorra eta baliagarria  izan da, Legearen lehen urtetan lortutako aurrerapen asko finkatzen eta bermatzen lagundu duelako. Honekin batera, tresna eraginkorra izan da eta izaten jarraitu dezake berdintasun politiken garapenean aurrera egiteko, bereziki baliabide ekonomiko eta pertsonalei dagokionez, eta baita ere sektore bakoitzaren alorrean zeharkakotasun estrategia areagotzeko . Ebaluazioak erakusten du, gainera, Legeak eragina izan duela hiritarren berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioan, eta honek ekarri duela hiritarren eskaerak areagotzea eta exijentzia maila handiagoa izatea alor honetan.

Lehendakariak ebaluazio honen aurkezpenean gogoratu du Euskadi bosgarren postuan dagoela Europako Genero Berdintasunaren Indizean, herri hauen atzetik: Suedia, Finlandia, Danimarka eta Herbehereak. Hala eta guztiz ere, aurrerapausoak eman diren arren eta arlo honetan euskal politikak errerefente bat badira ere beste instituzio batzuentzat, aitortu duenez, aipatutako Europako herrialdeak bezala, Euskadi "erdibidean" da oraindik berdintasun erreala eta benetakoa lortzeari begira. Azaldu duenez, hurrengo erronka bosgarren postutik laugarren postura heltzea izango da, Gobernu Programan jasota dagoen moduan.

Horrela, ebaluazioaren emaitzen arabera, Legeak ekarpen handia egin dio Berdintasun egitura indartzeari, berdintasunerako arkitektura delakoari, alegia, eta honi esker krisi garaietan ere, berdintasunari zuzendutako aurrekontua eta langileak murrizketa handirik gabe mantentzea bermatu du.  Egitura honek indar hartu du bereziki arlo publikoan, eta eredu bihurtu du EAE erakunde arteko (Gobernu, diputazio eta Udalen) koordinazio eta berdintasun politiken hedapenean.

Legearen derrigortasuna ere azpimarratzen du ebaluazioak, izan ere, derrigortasun hau funtsezkoa izan baita administrazio publikoan berdintasun neurriak ezartzeko. Kontratazio publikoetan berdintasunaren ikuspegia txertatzea edo Jaurlaritzaren arauen genero eraginaren ebaluaketa honen adibide dira, eta nazioartean ere eredu bihurtu dituzte EAEko berdintasun politikak.

Ebaluazioak, honekin batera, Legearen ahuluneak ere azpimarratzen ditu. Alor pribatua da horietako bat, mugak baititu konpetentzia eta zigorren eremuetan alor honetan eragin handiagoa izateko.

Beste erronka bat sexuen araberako rol eta estereotipoen desagerraraztean beharrezkoa den abiaduran aurrera egitea da. Gizarteak baditu zenbait sinesmen eta balore oso sustraituak daudenak, eta Legeak berak bakarrik aldatu ezin dituenak. Balore aldaketak eta gizartearen eraldaketak Legearen zereginetatik harago doaz, baina hala ere, Legea izan daiteke aldaketa legitimatzen jarraitu dezakeen tresna, ebaluazioaren arabera.

Lau ebaluazio ezberdinek osatzen dute Legearen ebaluazioa: bi ebaluazio generikok (bat kualitatiboa, bestea kuantitatiboa), eta bi ebaluazio espezifikok.

Prozesua bera, emaitzak bezain garrantzitsua

Demokrazia eta Hiritarren Parte hartzeko Euskadiko Liburu Zuriaren printzipioei jarraituz egin da ebaluaketa, hau da, hiritarren parte hartzean oinarritutako politikak eta hiritarren eta administrazioaren arteko kolaborazioa sustatuz.  Ebaluaketa hasi baino lehen, Emakundek argi ikusi zuen beharrezkoa zela Legearen inplementazioaren arduradun diren administrazioko agenteen iritzia eta balorazioa jasotzeaz gain, hainbat pertsona, talde eta entitate publiko eta pribatuena ere jasotzea. Horrela aberastu egingo baitziren Legearen garapena eta aplikazioari buruzko ekarpenak. Helburu horrekin, lan ildo berezi bat ireki zuen EAEko emakumeen taldeekin eta talde feministekin, haien ikuspegi estrategiko baliagarria kontuan hartzeko. Horrela, ebaluaketa kuantitatiboaren prozesuak 96 pertsona eta 77 entitate ezberdinen iritziak jaso ditu. 150 ikuspuntu ezberdin baino gehiago. Lau ebaluaketak kontuan izanda, 400 pertsona baino gehiagok egin dute ekarpena.

Prozesu honetan DACIMAren  (Jaurlaritzak duen Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritza) laguntza izan du, Innobasquena, Emakunderen Aholku Batzordearena, baita ere Irekiarena, eta Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearena.