Herritarrek 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana osatzen parte hartu ahal izango dute Etxebizitza plataformaren bitartez

Argitalpen-data: 

Parte hartu nahi dutenek euren iritziak eta proposamenak bidali ahal izango dituzte ETXEBIZITZA plataformaren bidez abenduaren 11tik urtarrilaren 15era arte.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila  Etxebizitzaren Gida Plan berria egiten ari da. Plan horrek gidatuko du Jaurlaritzak 2018-2020 urteetan zehar alor horretan aurrera eramango duen jarduna.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, aurreko hiru planetan egin zuen bezala, alor horretako adituen, herritarren, eta bereziki Etxebiden izena emanda daudenen iritzia jasoko du 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planean.

2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planaren hasierako zirriborroan, lehentasunezko 6 ardatz hauek ezarri dira hurrengo urteetarako:

  • Alokairuko etxebizitzen parkea bultzatzea
  • Alokairuko etxebizitzen parkea modu eraginkorrean kudeatzeko prozesuan aurrera egitea
  • Etxebizitza babestuak esleitzeko prozedurak eta haiek eskuratzeko baldintzak berrikustea eta aldatzea
  • Eraikinen zaintza eta birgaitzea bultzatzea, irisgarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetuz egungo etxebizitza-parkean
  • Berrikuntzan aurrera egitea etxebizitzaren alorrean, premiei egokitzen zaizkien eredu berriak ezarriz
  • Lankidetza-sareak osatzea, arloko politikak hobeto kudeatzen eta integratzen laguntzeko

Herritarrek, bada, ETXEBIZITZAren bitartez abiaraziko den prozesuan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, hiru eztabaida-foro eta inkesta bat eskaintzen dira, irekiak guztiak. Bi dira lortu nahi diren helburuak: batetik, Eusko Jaurlaritzak Gida Planaren zirriborroan jaso dituen proposamenak kontrastatzea, eta, bestetik, planean gerora sar daitezkeen herritarren proposamen berriak identifikatzea.

Eztabaida-foro horien bitartez, herritarrek gai hauen gainean zer iritzi duten jakin nahi dugu: etxebizitza publikoko sustapenen % 100 alokairuan eman behar ote den; etxebizitza publikoak eskuratzeko orduan lehentasuna eman behar ote zaien gizarteko kolektibo zehatz batzuei (gazteei, adibidez) eta diru-laguntzen bidez lagundu behar ote zaien irisgarritasunari edo efizientzia energetikoari lotutako birgaitze-proiektuei.

Bestalde, inkestaren helburua da jakitea zer iritzi duzuen 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planarekin lotutako alderdi nagusiei buruz; hobetu daitezkeen alderdiak identifikatzeko, hain zuzen.

Etxebizitza Sailburuordetzak ETXEBIZITZA plataforma jarri zuen abian 2017ko irailean; herritarren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikaziorako bide zuzena eta iraunkorra, alegia. On-line parte hartzeko plataforma hori tresna erabilerraza da eta helburu jakin batekin sortu da: etxebizitzaren gaian interesaturik dauden herritarrekin, alorreko profesionalekin eta komunikabideekin komunikaziorako kanal ireki eta iraunkorra izatea. Esan bezala, herritarren parte hartzerako gune irekia da, etxebizitzarekin lotutako gaiei buruzko zalantzak eta ideiak partekatzeko eta aldaketaren parte izateko.

Parte-hartze prozesua amaitzean, bada, Parte Hartzeari buruzko Txosten bat prestatu eta zabalduko da. Txosten horretan, jasotako proposamenak jasoko dira, kontuan hartu diren eta, hala badagokio, 2018-2020 aldirako Etxebitziaren Gida Planaren behin betiko bertsioan txertatu ote diren zehaztuta.