Euskadi Europako jasangarritasun-politiken topagunea izango da 2016ko apirilean

madrid_8Conferencia_EU.jpg

2016.eko martxoak 18

  • Eusko Jaurlaritzak Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia aurkeztu du prentsaren aurrean, Madrilen

 

  • Konferentziaren antolatzaileak ICLEI – Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Sarea, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira, Udalsarea euskal udalerrien sarearekin batera.

 

  • Hainbat hirik, hala nola París, Aalborg, Bilbo, Kopenhage, Bartzelona, Helsinki, Ljubljana, Donostia/San Sebastián, Münster, Växjö, Vitoria-Gasteiz, Brusela, Tirana, Salonika, Grand-Synthe edo Bolognak, eztabaidagai izango dituzte tokiko gobernantza, hiri-potentziala, hiri produktiboa eta Europarentzako Hiri Agenda berria, beste gai batzuen artean.

                                                                                                                                                                                           

2016ko apirilaren 27tik 29ra bitartean, Euskadi jasangarritasunaren europar hiriburu bihurtuko da, zeren egun horietan Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia egingo baita berton, “Ekintza Eraldatzailea: Europarentzako potentziala” lemapean. Topagune hori 2016ko zita nagusitzat hartzen da jasangarritasunari buruzko tokiko eta hiriko politiken alorrean.

 Iragan abenduan Parisen egindako COP21 Klimaren Goi Bileraren ostean, Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia mugarri bat izango da nazioarteko agenda publikoan, klimari buruzko nazioarteko bileran lortutako emaitzak tokiko mailara nola eraman daitezkeen eztabaidatzeko eta aztertzeko.

«Erronka globalei erantzuteaz gain, tokiko eta eskualdeetako gobernuek Europako ingurumen-, finantza- eta gizarte-arazoei ere aurre egin behar diete. Konferentzia honek arretarako dei bat izango da, erronka horiei ekintza eraldatzaileen bidez aurre egiteko eta heltzeko, leman proposatzen dugun moduan», adierazi zuen Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak, Euskadiko hautagaitza aukeratu zenean Konferentzia eskualdean antolatzeko.

#Basque2016 Konferentzia

Konferentziaren gaurko aurkezpenean, Madrilen,  Javier Agirre Ihobe – Eusko Jaurlaritzako ingurumen jarduketarako sozietate publikoaren zuzendari nagusiak adierazi du “Konferentziaren helburuen artean azpimarratzekoa dela tokiko liderrei plataforma bat eskaintzea hiri-garapen jasangarriarekin zerikusia duten ideiak, esperientziak eta itxaropenak adierazteko, eta, halaber, tokiko gobernuen, sektore pribatuaren, gizarte zibilaren eta finantza-sektorearen arteko lankidetzaren funtsezko rola aztertzeko, ekintza integralak abiatzeari begira”. Aldi berean, ekitaldiak nabarmenduko ditu garapen jasangarriarekin lotutako Europako eta nazioarteko tresna politikoak, hala nola Garapen Jasangarriaren Helburuak edo Europar Batasuneko Hiri Agenda, eta esploratuko da nola sostengatu eta sustatu daitezkeen tokiko ekimenak tresna horien bidez. 

ICLEIren europako eskualde-zuzendariorde Stefan Kuhnek Bilbora orain dela gutxi egindako bisita batean esan zuzenez, europar Konferentzia Euskadin egitearen helburu nagusietako bat da elkarguneak sortzea kontinenteko hainbat lekutan lan egiten duten eragileen artean, euren esperientziak kontrastatu ahal izan ditzaten. “Ezagutzaren trukea behar dugu maila guztietan; ikusi behar dugu zer egin den beste leku batzuetan eta nola konpondu diren arazoak, gero Europako jende guztiari esan ahal izateko: horrela jardun behar dugu”.

Espero da ekitaldi honetara 1.000 ordezkari inguru etortzea, eskualde-gobernuetatik, Europako eta nazioarteko instituzioetatik, erakunde aldeaniztunetatik, ikerkuntza-komunitateko partaideak, sektore pribatukoak eta gizarte zibilekoak, esperientziak trukatzeko eta, besteak beste, gai hauetaz eztabaidatzeko: tokiko gobernantza, hiri-potentziala, berrikuntzaren merkatua edo hiri produktiboek Europan duten garrantzia.

Erakunde antolatzaileek gizartearen sektore guztien parte-hartzea sustatzearen alde egin dute, eta, hortaz, eragile publiko eta pribatuak ekitaldira ekartzen ahalegindu dira. Era horretan, lankidetza-sare bat sortu da, besteak beste erakunde hauen parte-hartzearekin: Iberdrola, Tecnalia teknologia zentroa, Energiaren Euskal Erakundea-EEE, SPRI industriaren sustapenerako euskal sozietate publikoa, EuskoTren garraio-operadorea, eta Irizar autobusen diseinu eta fabrikazio enpresa.

Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea

Konferentzia hau zita kontinental nagusia izango da tokiko jasangarritasunari buruzko esperientziak eztabaidatzeko eta trukatzeko, eta horretarako Udalsarea 21 –Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarearen sostengu berezia du. Udal sare horren lan egiteko forma funtsezkoa izan da Euskadi aukeratzeko konferentziaren antolatzaile izateko.

ICLEIren esanetan, tokiko jasangarritasunaren aldeko euskal estrategia aktibo bereizle bat da Europako eredu tradizionalaren aldean, zeren bertan hiri-jasangarritasunaren  alorreko jarduera gehienak tokiko administrazioen eskuetan soilik baitaude. Eusko Jaurlaritzak Udalsarea 21, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Saretik bideratzen dituen parte-hartzeak eta konpromisoak “bikaintasun eredu” bihurtzen dute Euskadi alor horretan.

Gaur egun, Udalsaera 21 Euskadiko 200 udalerrik osatzen dute, eta horiekin batera daude Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila, Garraio Zuzendaritza, Uraren Euskal Agentzia (URA), Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.

Informazio gehiago

Ekitaldiari buruzko informazio guztia eskuragarri dago Hiri eta Herri Jasangarrien 8.Konferentziaren webgune ofizialean www.basquecountry2016.eu eta Twitterren kontu ofizialean @sustain_cities #Basque2016 hashtagarekin.