Beiraren birziklatzea % 2,5 handitu da Euskadin
2016.eko martxoak 10
- Ecovidrio erakundeak ia hamar mila edukiontzi ditu Euskadiko kaleetan banatuta, botilak eta poteak biltzeko
- Europako Batzordearen helburua 2025ean lurralde osoan beiraren % 75 birziklatzea da
Iaz 57.332,37 tona beira birziklatu ziren Euskadin, aurreko urtean baino % 2,5 gehiago, Ecovidrioren datuen arabera. Erakunde hori Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren kolaboratzailea da botilen eta poteen birziklatzea sustatzeari eta kudeaketari dagokienez.
EAEko biztanle bakoitzak 26,2 kilo beira birziklatu zituen 2015ean. Hiriburuei dagokienez, Iruñeko eta Gasteizeko birziklatze-tasa handienen artean daude, biztanleko 27,77 kg eta 20,1 kg dira, hurrenez hurren. Autonomia erkidegoei dagokienez, Ecovidrioko zuzendari nagusi José Manuel Núñez Lagosen arabera, Euskadin (26,2 kg/biztanle) eta Nafarroan (24,8 kg/biztanle) herritarrek sentsibilizazio maila eta konpromiso handiak dituzte, baita birziklatze-kultura zaharrenetako bat ere.
2015ean, Araban 7.552,16 tona beira jaso ziren 1.719 edukiontzitan (188 biztanleko edukiontzi bat dago). Bizkaian aldiz, 24.330,52 tona jaso zituzten 4.788 edukiontzitan (240 biztanleko bat) eta Gipuzkoan 25.449,69 tona 3.476 edukiontzitan (206 biztanleko bat). Ostalaritzaren sektoreak bildutako materialaren % 50 ekartzen du, EAE osoan banatuta dituen 9.983 edukiontzietan.
«Europako Batzordearen helburua 2025ean lurralde osoan beiraren % 75 birziklatzea da. Gure autonomia-erkidegoa aspalditik liderra da ekimen horretan, isurpenak saihesten dituelako, lehengaien erauzketa-beharra txikitzen duelako eta ekonomia zirkularraren oso adibide ona delako», azaldu du Alejandra Iturrioz Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren zuzendariak.