Eusko Jaurlaritzak Aranzadi Elkartearekin kolaboratzen du Euskadiko flora mehatxatua landareen germoplasma bankuan kontserbatzeko

 "Sedum nevadense" (Iturria: Aranzadi Zientzia Elkartea)

2016.eko martxoak 07

  • Bildutako materiala Gipuzkoako Landareen Germoplasma Bankuan kontserbatzen da; bertan, denbora-mugarik gabe mantentzen da, edo natura ingurunean berriz txertatuta, espezimenen kontserbazioa segurtatzeko.
  • Alexander Boto: “kontserbazioa funtsezko tresna da biodibertsitatea iraunarazteko, zeren ahalbidetzen baitu erreserba genetikoak sortzea eta espezimen egokiak eskuratzea”

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diruz lagunduko du Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako eta Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatutako Landareen Germoplasma Bankua, Euskadiko biodibertsitatearen galera gelditzeko xedez. Zientzia elkarteak hainbat urte daramatza lanean Euskal Autonomia Erkidegoko flora mehatxatuaren kontserbazioan.

Aranzadi Zientzia Elkarteak Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartutako espezieen landareen hazi eta propaguluen koordinazio, bilketa, tratamendu eta kontserbazioan lan egiten du, arreta berezia zuzenduz espezie arraroei, endemikoei eta/edo mehatxatuei. Bildutako materiala zientzia elkarte horrek kudeatzen duen Gipuzkoako Landareen Germoplasma Bankuan kontserbatzen da; bertan, denbora-mugarik gabe manten daiteke, edo ingurune naturalera itzul daiteke, espezimenen kontserbazioa segurtatzeko.

“Espezieen ex situ kontserbazioa funtsezko tresnatzat jotzen da biodibertsitatearen kontserbaziorako, zeren ahalbidetzen baitu erreserba genetikoak sortzea eta espezimen egokiak lortzea, gero natura ingurunean berriz txertatzeko. Aranzadi zientzia elkarteari Gipuzkoako Germoplasma Bankua kudeatzeko emandako diru-laguntzarekin, Euskadiko flora mehatxatuaren babesa bermatzen ari gara”, adierazi du Alexander Boto Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen  eta Ingurumen Plangintzako zuzendariak.

Aranzadi Elkarteak 20 mila euro jasoko ditu urtero, 2019ra arte, xede hauetara zuzentzeko: “Euskal Autonomia Erkidegoko flora mehatxatu, endemiko eta singularra ex situ kontserbatzeko lanen koordinazio eta zuzendaritza; flora mehatxatua ex situ biltzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko lanak; eta bildutako espezimenei buruzko dibulgazio eta sentsibilizaziorako materiala lantzea”.