Euskotrenek "Zuri esker, jasangarria da Euskotren" kanpaina jarriko du martxan

irekia.jpg

2016.eko otsailak 26

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoen Euskotren Sozietate Publikoak, “ZURI ESKER, JASANGARRIA DA EUSKOTREN” kanpaina jarriko du martxan datorren asteartean, martxoaren 1ean, material plastikoei bigarren bizia emateko eta gizartean eta ingurumenean onurak sortzeko helburuz. Horretarako, eskaintzen dituen zerbitzuen bezeroen, herritar guztien eta enpresako lantaldearen beraren laguntza izango du.

 

Helburua idazketako material plastikoa (boligrafoak, errotuladoreak, lumak, mina eramangailuak…) eta ontzien plastikozko tapoiak jasotzea da. Idazketa materiala Euskadiko mendietan zuhaitzak landatzera bideratuko da, eta jasotako tapoiak, Enpresako Gizarte Gaietako Batzordean definituko diren ekimen solidarioetara zuzenduko dira.

 

Material plastiko horiek Euskotrenen sareko zenbait geltokitan egongo diren edukiontzietan utzi beharko dira.

 

Izan ere, Euskotrenek materialei, egurrezko bildukinei, jomugako adierazgailuei eta baztertutako tren eta autobus piezei, bigarren bizia emanez egin ditu edukiontzi horiek.

 

Edukiontziak 3 Lurralde Historikoetako Euskotrenen geltokietan eta instalazioetan egongo dira, tren, tranbia eta funikular zerbitzuen erabiltzaile gehienetatik oso gertu.

 

  1. Araba:

 

  • Gasteizko Tranbiaren Informazio Bulegoan (TIB-OIT).

 

  1. Bizkaian, geltoki hauetan:

 

  • Lutxana (Erandio).
  • Atxuri (Bilbo).
  • Bolueta (Bilbo).
  • Gernika.
  • Bermeo.
  • Durango.

 

 

  • Ermua.
  • Larreinetako funikularrean (Trapagaran).
  • Eta martxan jartzen denean, Metroaren 3. lineako Alde Zaharreko (Bilbo), Matikoko (Bilbo) eta Etxebarriko geltokietan.

 

  1. Gipuzkoa:

 

  • Zarautz.
  • Amara (Donostia).
  • Intxaurrondo (Donostia).
  • Irun-Colon.
  • Burdinbidearen Euskal Museoa (Azpeitia).

 

Halaber, edukiontziak egokituko dira Euskotrenen egoitza hauetan: Leioan, Elgoibarren eta Zumaian dauden errepideko material mugikorreko tailerretan; Lutxanako, Lebarioko eta Arasoko trenbideko material mugikorreko tailerretan; eta Gasteizko tranbiako material mugikorreko tailerretan.

 

Proiektu horretan, inplikatutako zenbait eragileren lankidetza du Euskotrenek: Administrazioa, Euskal Trenbide Sarea – Red Ferroviaria Vasca (ETS), zenbait elkarte, Koalifikazio Profesional programetako ikasleak, enpresa kudeatzaileak, bezeroak, lantaldeko kideak eta herritar guztiak.

 

Hiri Hondakinen Plana (idazketa materiala – plastikozko tapoiak), Euskotrenen Ingurumen Kudeaketako Planaren (2013-2016) 6. jarduketa ildoan sartzen da, hondakinen tratamendua eta azken jomuga sustatzeari eta hobetzeari dagokionean, hain zuzen ere.

 

Euskotrenen hiri hondakinen bereizketaren eta kudeaketaren hobekuntza, bi fasetan gauzatu den Hiri Hondakinen Planaren barruan egiten da. “Hiri Hondakinen Plana (papera-plastikoa-gainerakoak)” izeneko lehenengo fasean, paperezko, plastikozko eta gainerako hiri hondakinak banatzeko 127 puntu jarri dira Euskotrenen, tailerretan, bulegoetan, bezeroen arretarako bulegoetan, aginte postuan eta zerbitzua duten geltokietako txarteldegietan.

 

Orain, 2. faseak (Hiri Hondakinen Plana, idazketa materiala-plastikozko tapoiak) ahalegina egingo du Euskotreneko hondakinak lehengai bilakatzeko, hau da, berreskuratutako materialez egindako ontzi-baliabide bilakatzeko, baliabide horiek idazketa materiala eta ontzien plastikozko tapoiak jasotzeko edukiontzi izan daitezen.

 

Hori gauzatzeko era, inplikatuta dauden eragileekin lankidetza izatea da. Egitasmoak merkatu berdea sustatzea, enplegua sortzea, gizarte proiektuekin lankidetzan aritzea, karbono isurbideen bitartez laguntzea eta jasangarritasunerako hezkuntza eta kontzientziazioa indartzea ere bilatzen du.

 

Ekimen horretan, bazterketa egoeran dauden gazteen gizarteratzearen aldeko elkarteek eta Koalifikazio Profesional programetako ikasleek hartuko dute parte, Euskotreneko materialen eraldaketa prozesuan.

 

Euskotrenek, horretarako baimena duen enpresa kudeatzaileari entregatuko zaizkiela egiaztatuko duten bitarteko eragileei baino ez dizkie emango idazketa materialaren hondakinak eta plastikozko tapoiak. Idazketa materialaren hondakinak eta plastikozko tapoiak jasoko dituzten enpresen edo elkarteen irabaziak, Euskotrenek bere Enpresako Gizarte Gaietako Batzordean aukeratuko dituen gizarte edo/eta ingurumen alorreko proiektuetara bideratuko dira.

 

Idazketa materialaren hondakinak eta plastikozko tapoiak uzteko edukiontziak, Euskotreneko instalazioetako egurrezko bildukinak, tren materialak… berriro erabiltzetik lortutako materialez egongo dira osatuta. Autobusen metalezko materialak direkzioko barretatik eta balazten diskoetatik atera dira. Trenen metalezko materialei dagokienez, trenaren lehen mailako esekiduraren parte den eta unitatearen bogiean dagoen pieza (kleber) da. Egurrezko bildukinak, material mugikorraren (trena, tranbia, autobusa eta funikularra) mantentze lanetarako piezak eta produktuak entregatzeko erabiltzen diren paletetatik eta kaxetatik ateratakoak dira. Amaitzeko, pixkanaka argidun adierazgailuengatik ordezkatu diren Unitateen jomuga adierazteko metalezko plakak, idazketa materialaren hondakinak eta plastikozko tapoiak uzteko edukiontzien informazio euskarria izango dira.

 

Elementu horietan oinarrituz, bazterketa egoeran dauden gazteen gizarteratzearen aldeko elkarteetako kideek, Koalifikazio Profesional programetako ikasleen laguntzarekin, material horiek idazketa materialaren hondakinak eta plastikozko tapoiak uzteko edukiontzi bilakatzeko prozesua egin dute. Horrela, ezagutza eta materialak berriro erabiltzeko orduan beharrezkoa den sormena sustatu da, hainbat neurriko edukiontziak eginez, instalazio eta geltoki bakoitzaren beharretara egokitzeko.

 

Edukiontziak dauden puntuen mantentze-lanei dagokienez, bazterketa egoeran dauden gazteen gizarteratzearen aldeko elkarteetako kideek egingo dituzte. Ondoren adierazten den zerbitzua egingo dute:

 

  • Bereizita utzi den edukia hustea (idazketa materialaren hondakinak eta ontzien plastikozko tapoiak).
  • Edukiontzien egoera baloratzea, haien mantentze-lanak eginez eta, narriadura dela eta beharrezkoa izanez gero, konponduz edo aldatuz, edo beharrezkoa izan daitekeen beste edozer.
  • Ez ohiko zerbitzuak izan ditzakeen beharrak hautematea, instalazioan edo geltokian idazketa materialaren hondakin eta ontzien plastikozko tapoi kopuru handia uztearen ondorioz.
  • Sor daitezkeen behar berrien eskariari erantzuna ematea.

 

Mantentze-lan hori garraio publikoa (Euskotrenen trena, Bilboko Metroa, autobusa) erabiliz egingo da, Euskotreneko lan ordutegian, eta ibilbideen arabera antolatuta.

 

Euskotren ez da trukaketa ekonomikorako bitarteko eragile gisa arituko. Hori, parte hartzen duten eragileek hondakinak uzten dituzten enpresek egingo dute. Idazketa materiala jasoko duen Terracyclek ekarpena egingo dio Basoa Fundazioari, Besaide inguruan bertako zuhaitzak birlandatzeko. Horrela, Euskotrenek, garraio enpresa den heinean, sortzen dituen CO2 isurketak murrizten lagunduko du, horrelako gasak metabolizatzen dituzten bertako zuhaitz horiek landatuz.

 

Plastikozko tapoiak jasotzeko Euskotreneko Gizarte Gaietako Batzordean aukeratutako enpresak edo elkarteak, hautatuko den gizarte alorreko proiektuan inbertituko du baimendutako enpresarekin kudeatutakoa.

 

Proiektuari buruzko informazioa eta hedapena, eta lortutako emaitzak, zenbait mediotan komunikazioa eskainiz zabalduko dira (hondakinak uzteko edukiontziak, erabiltzaileei informazioa emateko bide zuzenak, sare sozialak, www.euskotren.eus webgunea eta enpresako barne komunikaziorako informazio bideak), ezagutza sustatzeko eta gizartearen lankidetza lortu ahal izateko.

 

Igorpen data: ostirala, 2016ko otsailaren 26a