URAk uholdeei aurre egiteko lanak hasi ditu Getxoko Faduran

Foto_Fadura_enero_2016.jpg

2016.eko urtarrilak 21

  • Larrañazubi eta Salsidu arteko Gobela ibaiaren tartean
  • Gobelan uholdeei aurre egiteko lanon IV fasea
  • Lanok  12 hilabete eta 2,6 milioi euro beharko dira

Getxo 16.01.21.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak hasi berri ditu uholdeei aurre egiteko lanak Getxoko Faduran; hain zuzen ere, Larrañazubi eta Salsidu arteko Gobela ibaiaren tartean. Guztira, 775 metrotako tartea batean.

Lanok  12 hilabete beharko dituzte bukatzeko eta 2,6 milioi euroko aurrekontua dute. URAren zuzendari nagusi Iñigo Ansolak azaldu duenez “Faduran Gobela ibaiaren tarte honetan ertzetako aldameneko eremuak husten dira, ur hazkundeari lekua emango dion albo-plataforma bat sortzeko. Hau da, ur handiko sasoietarako ibaiaren ur-hustuketarako ahalmena handitzen da, Faduran, urak tokia izan dezan ur goraldiek kalterik sortuko ez duten eremuetan zabaltzeko. Horretarako, Fadurako zubi eta pasabideen ahalmen hidraulikoa gehitzen da”.

Lanon lehenengo hilabeteetan, zerbitzuen desbideratzeari ekingo zaio, eta behin behineko pasabide bat jarriko da: lanok gaur egun Fadurako polikiroldegiko frontoietara sartzeko zubia eraitsi eta berria eraikiko baitute.

Ansolak azaldu duenez, “Errekaganen, URA La Avanzada eta Leioako zubiaren arteko tartean lanean dihardu: bai ertzetako urbanizazioa eta atontzea egiten, bai datorren hiruhilabetekoan El Carmen pasabidea berria jartzeko, meteorologiak hala uzten badu. Lanok 2016ko hirugarren hiruhilabetekoan burutuak izatea aurreikusten dugu”.

Errekagane eta Fadurako lanok burututakoan, nabarmen jaitsiko da 100 urteko itzultze aldiko ur-goraldien ur-laminak hartuko duen maila: Gobelan lanok egin aurretiko egoerarekin alderatuta, 1,44 metro behera, gutxien jaisten den eremuetan; 2,28 metro behera, gehien jaisten den horietan. Ondorioz, herriguneko eremu zabalak ur-goraldie horietatik at geratzen dira.

Lanon erasana Fadurako Polikiroldegian

Zenbait kirol ekipamendu eta aparkalekuak ukituko ditu obrak. Izan ere, nabarmena da dagoeneko lanok zirkulazioan izan duten lehenengo afekzioa, bai Getxo taldearen futbol zelaiko aparkalekuan bai kiroldegiko frontoietakoan. Hori dela eta, Getxo Kirolakek dei egiten die erabiltzaileei ahal duten neurrian beraien ibilgailua erabili ez dezaten Fadurara joateko. Horrez gainera, aurreikusita dago lanek padeleko hiru pista ireki ere ukituko dituztela laster; eta ezin izango dira erabili. Gobela ibaian ubideratze obrak aurrera egin ahala, Getxo Kirolakek informazio zehatza eskainiko du behin behineko neurriei eta erabiltzaileei proposatutako alternatibei buruz.