Azken eguneratzea: 2012/07/23

Euskadin geure artean lehiatzeari utzi eta lankidetzan gehiago jardun behar dugu, munduko gainerako herrialdeekin lehiatzeko

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andrearen esanetan, gaur egun, “Euskadin geure artean lehiatzeari utzi eta lankidetzan gehiago jardun behar dugu, munduko gainerako herrialdeekin lehiatzeko”. Adierazpen horiek egin ditu ‘Enplegua sustatzeko eredu berriak’ Nazioarteko lehen Biltzarraren amaiera-ekitaldian; Biltzarra Bilbon izan da eta Estatuko nahiz nazioarteko 430 aditu baino gehiago bildu dira.

Bilboko Bizkaia Aretoan izan den topaketarako eta eztabaidarako gune horren esparruan, Zabaletak zera esan du, “bizi dugun egoeraren aurrean hausnarketak egiten eta konponbideak bilatzen jarraitu beharrean gaude. Pentsatzea eta erabakiak hartzea dagokigu une latz honetan eta, horregatik, ausart eta burutsu jokatu behar dugu erabakiak hartzeko garaian”.

Alabaina, gobernu zentrala egiten ari den murrizketei dagokienez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak gogorarazi duenez, “Euskadin badakigu, ongi jakin ere, zer den krisia, baita krisialdia nola gainditu ere”. Puntu horretan, Zabaletak honako formula honen alde egin du: “esfortzua, balioak eta eskubideak. Europa zaharrean beti egin izan den moduan, elkartasunean, berdintasunean eta gizarte-justizian oinarrituta”. 

“Orain inoiz baino beharrezkoagoak dira alderdi horiek eta aldarrikatu egin behar ditugu. Garai latzak bizi ditugu; balio irmoekin, uste sendo argiekin eta herrialde osoak esfortzu kolektiboa eginda gainditu behar dugu egoera hori, inor baztertuta gera ez dadin. Egin dezakegu eta egingo dugu”, esan du sailburuak ekitaldian parte hartu duten 400 bat lagunen aurrean. 

“Modernotasunaren izenean, aldatu egin behar dugu, Euskadi hazkundearen bidean jarri behar dugu, baina egiten ari diren murrizketekin batera, pentsamolde eta kultura kolektiboan aldaketa sakona eginez”, esan du Lanbideren administrazio-kontseiluko presidenteak. “Esfortzuaren, sakrifizioaren kulturaz ari naiz, baita balioen, justiziaren, elkartasunaren, ekitatearen, gardentasunaren eta, bereziki, konfiantzan oinarritutako lan-harreman berrien kulturaz ere, kultura horretan denek irabazi edo denek galduko dugun aldetik. Batzuk ez dira garaile izango beste batzuk galtzaile baldin badira”.

“Gobernantza arriskuan”

Zabaletak egun bizi dugun krisi ekonomiko larriari buruzko hausnarketak egin ditu jarraian eta Madrilen erabaki dituzten neurriak ere gogoan izan ditu. “Gaur egun gauza asko dago arriskuan; ekonomia ez ezik, gobernantza, herritarren parte-hartzea ere kolokan dago. Eta ez subjektu pairatzaile moduan soilik. Demokrazia bera dago arriskuan”.

“Eta dena ez da balekoa. Dena ez da salgai, ezta merkatu ere. Pertsonentzako, herritarrentzako politika bat aldarrikatu nahi dut. Euskadin erabakiko dugun politika bat aldarrikatu nahi dut, orain arte egin dugun bidean oinarrituta, orain arteko horri esker balio erantsian oinarritutako produkzio-eredua lortu dugulako, kalitatezko enplegua sortzeko gai den eredua, hain zuzen ere. Eta enpresen aktibo garrantzitsuena pertsonak izanik, langile kalifikatuak”, nabarmendu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Testuinguru horretan, Zabaletak aipatu duenez, Euskal Enplegu Zerbitzuak eginkizun biziki garrantzitsua du; langileengan eta enpresetan konfiantza sortzeko eginkizuna. “Helburu hori betetzeko, Lanbide norabide hirukoitzera bideratuta diseinatu dugu: enplegu-zerbitzu unibertsala da, pertsona guztiak biltzen dituena; inklusiboa, esku artean ditugun curriculumen artean banalerrorik ezarri gabe; eta aktibatzailea, orientabide pertsonalizatuan eta prestakuntza berritzailean oinarrituta, langabezia enplegu bihurtzeko gai izanik, etsimendua itxaropen bihurtzeko gai. Euskadi bera bezala”, ziurtatu du.

Hitz horiekin eman dio amaiera ‘Enplegua sustatzeko eredu berriak’ Nazioarteko Biltzarraren lehen edizioari. Biltzarrean, nazioarteko ospe handiko hizlariek parte hartu dute; hala nola, Alemaniako eta Britainia Handiko enplegu-zerbitzuetako ordezkariek (Europa osoko erreferentziatzat hartzen dira), Estatuko zenbait autonomia-erkidegotako enplegu-zerbitzu publikoetako arduradunek; eta enpresetako eta beste erakunde batzuetako arduradunek.

Hizlarien artean, honako hauek nabarmenduko ditugu: Erresuma Batuko Lan eta Pentsio Departamentuaren Nazioarteko Unitatearen Nazioarteko Estrategiako zuzendari Eamonn Davern; Alemaniako Enplegu Agentzia Federalaren Europako ordezkaritzaren zuzendari Wolfgang Mueller; edo, Enplegu Zerbitzu Publikoen Europar Sarearen (EURES) kudeatzailekide Gregorio De Castro.

Biltzar horri buruzko informazio guztia eskuragarri dago Lanbideren webgune ofizialean: www.lanbide.net

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren adierazpenak (mp3, 726 kb) (gaztelaniaz)