Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2024ko apirilaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1950

AGINDUA, 2024ko apirilaren 16koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zenbait zerbitzu modernizatzeko laguntza-programa arautzekoa eta 2024ko ekitaldirako deialdia egitekoa (MEC).

Merkataritza-sektoreak egiturazko aldaketa sakonei egin behar die aurre, erronka nagusi honekin: eraldatu ahal izatea, kontsumitzaileen erosketa-ohitura berriei erantzuteko eta Ukrainako gerrak indartutako krisi klimatiko eta ekonomikoaren erronkei aurre egiteko. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, banaketa-bide berrien agerpen indartsua eta energiaren prezioen eta fakturen gorakada direla-eta, beharrezkoa da estrategia, negozio-eredu eta energia-efizientziako neurri berriak hartzea, sektorearen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko; betiere, berrikuntzan, modernizazioan, eraldaketa digitalean, irisgarritasunean, jasangarritasunean eta energiaren aurrezkian oinarrituta.

Horregatik, XII. legegintzaldiko «Euskadi martxan 2020-2024» gobernu-programan, «Oparotasuna» izeneko I. ardatzean, efizientzia energetikoko, jasangarritasuneko eta digitalizazioko irizpideetan oinarritutako konpromiso eta ekintza batzuk finkatu dira merkataritza-sektorea suspertzeko eta biziberritzeko, lehiakortasuna hobetuz, berrikuntza sustatuz, kudeaketa publikoa eta sektore pribatua bultzatuz, kudeaketa-estrategia berriak garatuz, EAEko merkataritzako azpisektoreak sustatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainetan lagunduz eta sinergiak sortuz. Horretarako, merkataritza-banaketaren arloko ente guztiek elkarrekin lan egin behar dute berraktibazio ekonomikoa lehenbailehen lortzeko, COVID-19ak eta Ukrainako gerrak eragindako krisi sozioekonomikoaren eragin handiaren ondoren. Programan bertan jaso denez, merkataritza-jarduera da gure gizartearen eta hirietako bizimoldearen oinarrizko elementu bat, eta tokiko hazkunde ekonomikoan eta enpleguaren sorkuntzan laguntzen du.

Konpromiso eta ekintza horiek guztiak, 2030erako EAEko Merkataritzaren Estrategian eta 2021-2025 Merkataritza Planean garatuko dira. Estrategia hori 2023ko irailean onartu zuen Gobernu Kontseiluak eta bertan finkatzen dira EAEko merkataritza munduko merkataritza-agertoki berri batera egokitzera eraman behar duten ildo estrategikoak, oinarri estrategikoak berrituz eta egungo eta etorkizuneko mundu digital batean parte hartuz negozio-eredu berriekin. Bestalde, Planaren helburua da sektorearen erronka eta joera nagusiei erantzutea, haren lehiakortasuna hobetuz, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen jasangarritasunaren eta digitalizazioaren aldeko apustua eginez; hori guztia gure auzo, herri eta hirietako merkataritza txikira bideratuta.

Eustatek argitaratutako datuen arabera, nahiz eta merkataritza-azpisektoreen arabera inpaktuak desberdinak izan, Euskal Autonomia Erkidegoko txikizkako merkataritzaren salmenta-indizeak % 1,6ko jaitsiera izan zuen 2023an, 2022. urtearekin alderatuta, oinarrizko horniduren eta energiaren prezioen igoerak, merkataritza-logistikak, gehiegizko stock-mailak eta klima-aldaketaren ondorioak eraginda. Eta horri gehitu behar zaio etxeko ekonomien kontsumoa gelditu izana, prezioen igoeragatik eta inflazioagatik.

Azaldutakoaren ondorioz, komenigarria da merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzea, agindu honen barruan sartzen den programaren bitartez.

Laguntza-programa honek helburu hauek ditu: baliabideen xedearen eraginkortasuna handitzea, gure auzo, herri eta hirietako hurbileko merkataritza lehenetsiz; EAEko merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzea eta energia-efizientzia hobetzea, berrikuntzaren bidez eta oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuen ezarpenaren bidez; eta merkataritza-jarduerarekin lotutako kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea. Izan ere, modu horretan, kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortuko da.

Hori guztia, horri buruzko araudian xedatutakoa kontuan hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea kontuan hartuta, eta bat etorriz Merkataritza 2030 Estrategiarekin, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako ondorengo Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, bai eta guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: Helburuak lortzeko aliantzak; abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren V. titulua (Garraioaren arloko jasangarritasun ekonomikoko neurriei buruzkoa, ikasketa-beka eta -laguntzei buruzkoa, bai eta aurrezteko, efizientzia energetikorako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurriei buruzkoa ere); eta Segurtasun Energetiko Gehiago deritzon plana (SE+), Ministro Kontseiluak 2022ko urriaren 11n onartua, Ukrainako gerrak eragindako prezio-krisiaren aurrean herritarren babesa areagotzeko.

Agindu hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan txertatuta dago. Aipatutako plana Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2024ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez onartu zen (https://www.euskadi.eus/beste_iragarkia/2024rako-dirulaguntzen-plan-estratejikoa/web01-tramite/eu/), eta aurrekontu-kreditu nahikoa dauka, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean ezarritakoaren arabera.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak modernizatzeko laguntza-programaren 2024ko ekitaldiko deialdiaren oinarri arautzaileak onartzea, eranskinetan jasotzen den legez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Oinarri hauetan jasota ez dagoen guztirako, honako arau hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 16a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea.

1.– Oinarri hauen xedea da, 2024ko ekitaldian, laguntza jakin batzuk ezartzea eta horiek emateko modua arautzea, EAEko merkataritza-establezimenduak eta merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetako establezimenduak (aurrerantzean, laguntzaren xede diren establezimenduak) modernizatzeko eta energia-kontsumoaren efizientzia hobetzeko, berrikuntzaren bidez eta oinarri teknologiko eta eko-efizienteko prozesuen ezarpenaren bidez; eta merkataritza-jarduerarekin edo zerbitzu jakin batzuekin lotutako kudeaketa-tresnak, azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzea. Izan ere, modu horretan, kalitate eta lehiakortasun handiagoa lortuko da.

2.– Helburu horrekin bat etorriz, laguntzaren xede diren establezimenduak modernizatzeko eta energia-aurrezpena lortzeko inbertsioak sustatuko dira, ekipamenduak, obra zibila, altzariak eta ekipamendu informatikoa eta digitala finantzatuz. Hori guztia, Merkataritza 2030 Estrategiarekin eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin bat etorriz, batez ere ondorengo garapen-helburuei dagokienez: GJH5, GJH8, GJH9, GJH11, GJH12, GJH13 eta GJH17, 14/2022 Errege Lege Dekretua eta Segurtasun Energetiko Gehiago deritzon plana (SE+).

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko oinarrian adierazitako helbururako, 4.000.000,00 euroko baliabide ekonomikoak bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuta.

3. oinarria.– Pertsona eta entitate onuradunak.

1.– Norberaren konturako langileak edo autonomoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, baldin eta beren jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko establezimendu fisikoetan egiten badituzte, eta betiere agindu honen 5. oinarrian jasotako jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafeetan sartzen badira.

2.– Deialdi honetan ezarritakoari dagokionez, merkataritza-jardueratzat hartuko da merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe, baita ekoizleek, artisauek edo industrialek azken kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira. Bai eta zerbitzuak ematea ere, horiek azkenean merkatuari eskaintzen zaizkionean, betiere laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren osagarri den establezimendu komertzial baten bitartez, edo zerbitzu fisikoko establezimendu baten bitartez edo online motako merkataritzaren bitartez.

3.– Laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren titularrak ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak badira, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa entitateari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.

4.– Ezin izango dira laguntzen onuradun izan armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen dituztenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

4. oinarria.– Pertsona eta entitate eskatzaileen betekizunak.

Pertsona eta entitate eskatzaileek, baldin eta laguntzaren xede diren establezimenduetan garatutako jardueraren titularrak badira, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Norberaren konturako langilea edo autonomoa, sozietate zibila, ondasun-erkidegoa, mikroenpresa edo enpresa txikia izatea, mikroenpresa eta enpresa ertain eta txikien definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin edo gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenekin bat etorrita. Hau da:

• Mikroenpresa: soldatapeko hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 2 milioi eurotik gorakoa.

• Enpresa txikia: soldatapeko berrogeita hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.

b) Laguntzaren xede den kaleko establezimendu fisikoren jarduera ekonomikoak eta haren egoitza sozial eta fiskalak EAEn egotea.

c) Agindu honen 5. oinarrian jasotako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafe edo multzoren batean kokatutako jarduera batean aritzea eta alta emanda egotea eskabidearen egunean.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea laguntza emateko ebazpena, emateko eta likidatzeko ebazpena edo likidazio-ebazpena eman aurretik, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan oinarrituta.

e) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

f) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).

g) Ez egotea Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako gainerako egoeretako batean ere, dirulaguntzen onuradun izateko.

5. oinarria.– Ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeak, diruz lagun daitezkeenak.

3. oinarrian aipatutako pertsonek edo entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako laguntzak, baldin eta horien jarduera nagusia ekonomia-jardueren gaineko zergaren hurrengo epigrafeetan kokatuta badago:

Txikizkako merkataritza:

641. Fruituen, barazkien, ortuarien eta tuberkuluen txikizkako merkataritza.

642. Produktu hauen txikizkako merkataritza: haragia eta hondakinak, haragi-gai eta haragiki landuak, arrautzak, hegaztiak, abeletxeko untxiak, ehizakiak, eta horien ekoizkin eratorriak.

643. Arrainen eta arrantzako eta akuikulturako bestelako ekoizkinen eta barraskiloen txikizkako merkataritza.

644. Ogi, pastel, gozoki eta antzekoen eta esne eta esnekien txikizkako merkataritza.

645. Mota guztietako ardoen eta edarien txikizkako merkataritza.

646.1. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki orokorretan, berezietan eta barnekoetan egiten denean.

646.2. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki orokorren aldi baterako hedapenetan.

646.3. Era eta forma guztietako tabako-laboreen txikizkako merkataritza, saltoki osagarrietan egiten denean.

646.4. Tabako-laboreen txikizkako merkataritza, salmenta errekargudunerako baimena duten merkataritza-establezimenduetan egiten denean.

646.6. Era eta forma guztietako tabakoen txikizkako merkataritza, salmentarako estankorik ez dagoen udalerrietan.

646.7. Baimen bereziak dituzten ezindu fisikoek egindako tabako-laboreen txikizkako merkataritza.

646.8. Erretzaileentzako artikuluen txikizkako merkataritza.

647.1. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako salmenta, establezimendu saltzailedunetan.

647.2. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan, saltzeko gelak 120 m2 baino gutxiagoko azalera duenean.

647.3. Mota guztietako jangaien eta edarien txikizkako merkataritza, autozerbitzuko araubidean nahiz araubide mistoan superzerbitzutan, hala hartuta saltzeko gela 120 eta 399 m2 artekoa denean.

651. Ehungintza-gaien, jantzigintza-gaien, zapaten, larruen eta larrugintza-gaien txikizkako merkataritza.

652.2. Drogeriako, lurringintzako eta kosmetikako produktuen, garbiketako gaien, pinturen, bernizen, disolbatzaileen, paperen eta dekoraziorako beste ekoizkin batzuen eta kimikako ekoizkinen txikizkako merkataritza.

652.3. Lurringintzako eta kosmetikako ekoizkinen eta higiene eta garbiketa pertsonalerako gaien txikizkako merkataritza.

652.4. Belar-dendetako landareen eta belarren txikizkako merkataritza.

653. Etxeko ekipamenduen eta eraikuntzarako gaien txikizkako merkataritza.

654.2. Lurreko ibilgailuentzako osagarrien eta ordezko piezen txikizkako merkataritza.

654.5. Mota guztietako makineriaren txikizkako merkataritza (salbu eta etxeko aparatuak, bulegokoak, medikoak, ortopedikoak, optikoak eta argazkigintzakoak).

654.6. Mota guztietako ibilgailuetarako pneumatikoen, banden eta aire-ganberen txikizkako merkataritza.

656. Altzarien, jantzien, etxean erabiltzeko jantzi eta tresna arrunten eta antzeko ondasun erabilien txikizkako merkataritza.

657. Musika-tresnen eta horien osagarrien txikizkako merkataritza.

659. Bestelako txikizkako merkataritza.

662. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.

691.1. Etxeko tresna elektrikoak konpontzea.

691.9. BISGko kontsumo-ondasun zenbaiten konponketa.

Merkataritza-jarduerari lotutako beste zerbitzu batzuk:

971. Garbitegiak, tindategiak eta antzeko zerbitzuak.

972. Ile-apaindegiak eta edertasun-apaindegiak.

973.1. Argazkigintza-zerbitzuak.

973.3. Fotokopiagailuen bitartez agiriak kopiatzeko zerbitzuak.

975. Markogintza-zerbitzuak.

6. oinarria.– Diruz lagun daitekeen inbertsioaren denbora-tartea.

Diruz lagundu ahal izango dira 2023ko urriaren 1etik 2024ko irailaren 30era bitartean, biak barne, egiten diren inbertsioak, edo, hala badagokio, erabilitako kreditua agortu arte.

7. oinarria.– Diruz lagun daitekeen inbertsioa.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten inbertsioak eta aktiboak hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat:

a) Zorrozki beharrezkoak diren inbertsioak eta laguntzaren xede den establezimenduan garatutako jarduera nagusiarekin zuzenean lotura dutenak.

b) Laguntzaren xede diren Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako kaleko txikizkako establezimendu fisikoetan egindako inbertsioak.

c) Enpresaren aktiboan lehen aldiz sartutako inbertsioak, laguntzaren xede den establezimenduan bertan badaude, hau da, salmenta gauzatzen den establezimenduan edo haren eranskinetan.

Eranskinek laguntzaren xede den establezimenduari elkartuta edo haren ondoan egon beharko dute eta merkataritza jarduerarekin zerikusia izan beharko dute.

Diruz lagundutako inbertsioak gutxienez bi urtez egon beharko du (dagokion fakturaren datatik aurrera) laguntza eskatu den establezimenduan. Tarte horretan ezin zaie hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoei laga.

d) Diruz lagun daitezkeen 8. oinarriko puntuetan jasotako inbertsioak.

e) 6. oinarrian aipatutako eta 19. oinarriaren arabera ordaindutako diruz lagun daitekeen aldian benetan egindako eta fakturatutako inbertsioak.

2.– Diruz lagundu ahal izateko, egindako inbertsioek onartutako gutxieneko inbertsio-zenbateko hau eduki beharko dute dirulaguntza-lerroko:

• 3.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioetarako.

• 1.000 euro (BEZik gabe), 8. oinarriko 2. puntuan jasotako inbertsioetarako.

Diruz lagun daitekeen puntu batean baino gehiagotan inbertsioak egiten diren kasuetan, puntu bakoitzean onartutako gutxieneko inbertsio-zenbatekoa betetzen dutenak bakarrik lagundu ahalko dira diruz.

8. oinarria.– Diruz lagun daitezkeen lerroak.

Lerro hauek lagun daitezke diruz:

1.– Laguntzaren xede den establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzea:

a) Establezimenduaren barrualdea edo kanpoaldea egokitzeko, berritzeko edo handitzeko eraberritze, obra eta instalazioak, betiere eragina baldin badute establezimenduaren egokitzapenean, merkataritza-azaleraren banaketan edo itxura hobetzeko orduan.

b) Energia-aurrezpen edo -efizientziarako neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak (ate automatikoak, argiak aldatu eta LED motakoak jartzea, okupazio-sentsoreak, isolamenduak...).

c) Oztopo arkitektonikoak kentzeko egindako berrikuntzak, mugikortasun murriztua duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko.

d) Errotuluak eskuratu eta establezimenduaren kanpoaldean instalatzea, izen komertziala, marka, logotipoa edo antzekoak identifikatzeko, bai eta eguzki-oihalak erosi eta instalatzea ere.

e) Establezimenduaren jarduera nagusiari lotutako makineria erosi, instalatu eta muntatzea.

f) Produktuak erakusteko ekipamendua eta altzariak erostea.

g) Alarmak eta segurtasun-sistemak. Diruz lagun daitekeen inbertsioaren gehieneko zenbatekoa ezin izango da 6.000 euro baino handiagoa izan, BEZik gabe.

h) Lokala girotzeko ekipamenduak, betiere energia-efizientzia altuko ziurtagiri energetikoa badute (A, B, C).

i) Merkataritza-jarduerari zuzenean lotutako espazioak eta elementu komunak hobetzeko eta modernizatzeko inbertsioak, merkataritza-gune batean integratuta badaude; besteak beste, korridoreak, instalazio teknikoak, estalkiak, kanpoko fatxada, zerbitzuak edota sarbideak, betiere espazio horiek laguntzaren xede den establezimenduetan garatutako jardueraren titularrek kudeatzen badituzte, jabekide-erkidegoko araubidean.

Merkataritza-gunean bildutako establezimenduetako jardueraren jabe bakoitzak, jabekide-erkidegoaren partaide denak, esandako espazio komunean egiten diren inbertsioetatik, bere partaidetzari dagokion gastuen zatiagatik (zati alikuota) eskatu ahal izango du laguntza.

j) Proiektua idaztetik, obra zuzentzetik edo arkitekto, ingeniari edo instalatzaile baimenduek egindako proiektuetatik eratorritako gastuak, betiere laguntzaren xede den establezimenduan obrak eta instalazioak egiteko beharrezkoak badira.

2.– Teknologia berriak eta berrikuntza sartzea laguntzaren xede den establezimenduan:

a) Ekipamendu informatikoak, aplikazio informatikoak eta kudeaketa-softwarea, laguntzaren xede den establezimenduaren kudeaketa hobetzera zuzendutakoak, betiere merkaturatze-prozesuetan integratuta edo enpresa-kudeaketara bideratuta badaude.

Ekipamendu informatiko bat eta periferiko mota bakoitzeko unitate bat baino ez dira diruz lagunduko, inbertsioa gauzatzen den establezimendu bakoitzeko.

b) Merkaturatze-sistemak sortu, garatu, ezarri, hobetu edo martxan jartzeko lanak (webgunea garatzea, online saltzea, ecommerce, scommerce, mcommerce eta parekoak) edo establezimendua kudeatzekoak (bezeroak, hornitzaileak eta abar).

c) Salmenta-puntuen terminalak eta produktuen irakurgailu optiko eta kodetze-sistemak.

d) Salgaien balantza elektronikoak.

e) Kutxa-erregistratzaileak.

f) TicketBAI (TBAI) sistemarako fakturazio-softwarea ezartzea.

9. oinarria.– Diruz lagundu ezin daitezkeen inbertsioak.

Inbertsio hauek ezin dute inola ere dirulaguntzarik jaso:

a) Lokalak erostea eta eskualdatzeko eskubideak.

b) Garraio-elementuak, telebistak edo telefono-terminalak erostea.

c) Ekipamendua leasing edo renting bidez erostea.

d) Administrazio-baimenen edo lizentzien ondoriozko tasak, aseguruak eta garraio-kostuak.

e) Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) eta, oro har, mota guztietako zergak, tasak edo kontribuzioak.

f) Erakusteko eta probatzeko artikuluak, bai eta ondoren salmentan jar daitezkeenak ere.

g) Argi-aldaketa hutsa. Argiak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta energia-efizientzia altukoak badira (LED) edo instalazio elektrikoa berritzeko inbertsio baten barruan integratuta badaude (A, B, C).

h) Eraberritze-lanak, baldin eta ez badute establezimenduaren itxura modu argi eta zuzenean aldatuko.

i) Aktibo baten elementuen mantentze-, konponketa- edo ordezte-lanen gastuak.

j) Laguntzaren enpresa eskatzaileak berak fabrikatu, egin edo garatutako elementuak edo ekipamenduak.

k) Eraberritzeak, obrak edo instalazioak baliabide propioekin egitera bideratutako materialak erostea.

l) Bulegoko materialaren, tresnen eta antzekoen gastuak.

m) Dekorazio-gastuak.

n) Zerbitzuaren edo saltokiaren tipologia dela eta, gastu gisa (eta ez inbertsio gisa) hartuko diren ekipamenduak eta tresnak.

o) Profesionalen aholkularitzako eta prestakuntzako gastuak.

p) Softwarea mantentzeko lanen eta eguneraketen gastuak, edo tresna informatikoak erabiltzeko lizentziak, betiere ez badira ezinbestekoak TicketBAI sistema ezartzeko. Datu hori modu egokian justifikatu beharko da.

q) Web-orrien publizitate- eta posizionamendu-gastuak.

r) Diruz lagun daitezkeen aktiboen deskribapena ondo identifikatuta ez duten fakturak –ez dira onartuko kontzeptu kodetuak–. Gainera, faktura horiek 100 euro edo gutxiagokoak izango dira, BEZik gabe.

Diruz lagun daitezkeen inbertsioak edo aktiboak eskuratzeko kostua ez da inola ere merkatuko balioa baino altuagoa izango, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 30.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

10. oinarria.– Dirulaguntzen banakako zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Agindu honetan zehaztutako inbertsioek inbertsio onargarriaren gaineko % 40ko dirulaguntza jasoko dute, diruz lagundu ahal izateko 7. oinarriko 2. puntuan jasotako gutxieneko zenbatekoak errespetatuz betiere.

Dirulaguntza, gehienez ere, 10.000 eurokoa izango da establezimenduko.

3.– Inbertsio onargarriaren aipatutako ehunekoak handitu egingo dira laguntzaren xede den establezimenduak baldintza hauetakoren bat egiaztatzen badu:

a) Merkataritza Zuzendaritzak Euskalit fundazioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberekin elkarlanean bultzatutako «Merkabide», «Retail Euskal Eskola» edo «Eus-commerce» programetako batean, gutxienez, parte hartu izana 2023an: 1 puntu.

b) 8. oinarriko 1. puntuan jasotako inbertsioa: Laguntzaren xede den establezimenduaren azpiegitura eta ekipamendua berritzea: 2 puntu.

c) Emakumearen enplegua egonkortzeko irizpidea, dirulaguntzaren xede den establezimenduko enpresa eskatzailearen langileen erdiek gutxienez kontratu mugagabea dutela eta emakumeak direla egiaztatzen bada: 1 puntu.

d) Berdintasun-plana edo lana eta familia bateragarri egiteko plana izatea, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako entitate laguntzailearen izendapena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok emanda: 1 puntu.

e) Enpresa Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita badago: 1 puntu.

f) Eskabide-egunean merkataritzako eskualde- zein lanbide-elkarte batekin lotura duela egiaztatzea, lotura hori laguntzaren xedea den establezimenduan egiten den inbertsioak bertan iraun artekoa izanik gutxienez: 1 puntu.

Horri dagokionez, establezimendua Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-ganberetan berariaz sortutako erregistroan inskribatutako entitateren bateko kide baldin bada ulertuko da merkatarien elkarte bateko kide dela (erregistro hori ekainaren 17ko 148/1997 Dekretuari zor zaio, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko merkatarien elkarteen errolda sortu baitzuen).

g) Laguntzaren xede den establezimenduak, non jarduera ekonomikoa gauzatzen den, Merkataritza Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberekin elkarlanean bultzatutako «Berriz enpresa» programan parte hartzea 2023an: 1 puntu.

h) Entitate eskatzaileak laguntzaren xede den establezimenduan egiten duen merkataritza-jarduerak 10 urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea: 1 puntu.

i) Establezimenduan euskaraz aritzea jendearekin, ziurtagiri hauen bitartez egiaztatuta: Bai Euskarari ziurtagiria, BIKAIN Hizkuntza Kudeaketaren Kalitatearen ziurtagiria edo Euskararen Kalitate Ziurtagiria; edo, bestela, udaletako Euskaraz barra-barra (https://euskarazbarrabarra.eus/) proiektuan parte hartuz 2023an: 1 puntu.

j) Energia-komunitateetan parte hartzea 2023an (Ekiola Energia Sustapenak SL, EEE, TEK –Tokiko Komunitate Energetikoak–...), baldin eta komunitate horiek autohornikuntza sustatzen badute, kanpoko iturriekiko mendekotasuna gutxitzen badute eta energia berriztagarri jasangarriak sustatzen badituzte: 2 puntu.

Dirulaguntzaren ehunekoa ezin izango da inola ere izan onartutako inbertsio guztiaren % 52 baino handiagoa, igoera-puntuak barne hartuta.

11. oinarria.– Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik edo entitate pribatuetatik pertsona eta entitate onuradunek xede bererako jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago.

Agindu honetan xedatutako laguntzek ezin izango dute, beste administrazio publiko edo ente pribatu edo publiko batzuen dirulaguntzekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

2.– Agindu honetan xedatutako laguntzek Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan –minimis laguntzei buruz Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoan– ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte, bai eta Europar Batasunean gai horri buruz ezarritako bestelako xedapenak edo jarraibideak ere.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

12. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 30ean bukatuko da, edo, hala badagokio, horretarako ezarritako kreditua agortu arte iraungo du.

Aurrekontu-kreditua agortzen bada, horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Merkataritza Zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez.

2.– Laguntzaren xede den establezimenduko eskabide bakar bat aurkeztu beharko da. Eskabidea osorik dagoela ondorioztatzeko, 13. oinarrian adierazitako dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.

3.– Eskabidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez eskuratu eta beteko da: https://www.euskadi.eusz/zerbitzuak/1010111

Era berean, eskabide-eredua agindu honen II. eranskinean dago jasota.

4.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/

5.– Eskabidearekin batera, laguntzaren eskatzailea ordezkatzeko gaitasun legala duen pertsona edo entitatearen sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiriak eta urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira.

6.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko komunikazioetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako eskakizunak.

13. oinarria.– Eskabideen edukia.

1.– Eskabidea egiteko, inprimaki automatizatu bat bete beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, eta horren bidez dokumentazio hau aurkeztu:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANa.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa edo nortasun juridikorik gabeko entitatea bada (ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak), entitate eskatzailearen IFZ.

c) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresaren eratze-eskrituren eta ondoren egindako aldaketen dokumentazio osoa.

Nortasun juridikorik gabeko entitateen, ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, eratze-kontratua.

d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, halakorik bada.

Ordezkaritza beste pertsona bati emateko aukera dago, haren izenean jardun dezan elektronikoki agindu honi buruzko prozedura guztietan, 15. oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Laguntzaren xede den enpresaren ekonomia-jardueren gaineko zergako alten eta, hala badagokio, bajen ziurtagiri historiko eguneratua. Ezin izango dira 3 hilabete baino gehiago igaro eskabidea egiteko, ziurtagiria eman zenetik.

Ziurtagiri horretan adierazi beharko da noiz eman zen alta eta baja EJZn, bai eta eskabidean aipatutako laguntzaren xede den establezimenduaren kokapena zein den ere.

f) Fakturazioaren erregelamendua (Azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretu) bete behar duten laguntzaren xede diren inbertsioen fakturak eta horiek ordaindu izanaren frogagiriak, halakorik bada, eskabidea aurkezten denean.

Bestela, ordainagiriak gehienez bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, agindu honen 19. oinarrian jasotzen denaren arabera.

Bakar-bakarrik onartuko dira 100 euro baino gehiagoko fakturak (BEZik gabe), diruz lagun daitezkeen inbertsioen edo aktiboen deskribapena ondo identifikatuta dutenak; ez dira onartuko kodetutako kontzeptuak.

19. oinarrian zehaztutako epean osorik edo partzialki ordaindu izana fakturen ordainagirien bidez behar bezala egiaztatzen den zenbatekoa soilik lagunduko da diruz, nahiz eta adierazitako kostua handiagoa izan.

1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera.

g) Energia-efizientzia altuko ziurtagiria, 8. oinarriko 1. puntuko h) apartatuetan eta 9. oinarriko g) apartatuan aurreikusitako inbertsioen kasuan.

h) Inbertsioen deskripzio-memoria laburra, haien ezaugarriak, funtzioak eta laguntzaren xede den establezimenduaren jarduera nagusiarekin duten lotura jasotzen dituena.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, 16. oinarrian ezarritakoaren arabera, non adierazten den egiazkoak direla eskabideko datuak eta aurkeztutako dokumentazioa eta bere gain hartzen duela dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluaren arabera).

a), b), d) eta e) apartatuen betekizuna automatikoki egiaztatuko du Merkataritza Zuzendaritzak, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta, hala badagokio, ematekoa eta likidatzekoa eman aurretik. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.

2.– 10.3 oinarrian aipatutako diruz lagun daitekeen ehunekoa igoera jaso ahal izateko, hau adierazi edo erantsi beharko da eskabidean:

a) 2023an, «Eus-commerce» edo «Retail Euskal Eskola» programetan parte hartu izanaren ziurtagiria, laguntzaren xede den establezimendua dagoen lurralde historikoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberak emana; edo «Merkabide» programan parte hartu izanaren ziurtagiria, Euskalit fundazioak emana. Programa horiek guztiak Merkataritza Zuzendaritzak bultzatutakoak dira.

b) Alta emanda dauden langileen txostena (ALT), Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, dirulaguntzaren xede den establezimenduko langileek enpresa onuradunarekin lan-lotura dutela egiaztatzeko.

c) Berdintasun-plana edo lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko plana izatearen ziurtagiria, edo Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako entitate laguntzailearen izendapena; izendapen hori Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak edo beste edozein administrazio publikok emango du.

d) Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita egoteari buruzko adierazpena.

e) Eskabidearen egunean eskualde- edo lanbide-elkarteren bateko kide dela frogatzen duen ziurtagiri eguneratua.

f) 2023an, «Berriz enpresa» programan parte hartu izanaren adierazpena. Programa hori, hain zuzen ere, laguntzaren xede den establezimendua dagoen lurralde historikoko merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberak ematen du.

g) Laguntzaren xede den establezimenduak 2023an Bai Euskarari ziurtagiria edo Bikain ziurtagiria duela adieraztea, edo Euskaraz barra-barra proiektuan parte hartu duela adieraztea.

h) Eskabidearen xede den establezimendua 2023an energia-erkidego baten parte izan dela egiaztatzen duen ziurtagiria.

a), d), f) eta g) apartatuen betekizuna egiaztatuko du Merkataritza Zuzendaritzak, dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta, hala badagokio, ematekoa eta likidatzekoa eman aurretik. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.

3.– Enpresa batek hainbat establezimendutan egiten baditu inbertsioak, eskabidea egiteko aurkeztu behar den dokumentazio komuna lehenengo eskabidean bakarrik aurkeztu beharko da, ez eskabide guztietan.

14. oinarria.– Zuzenketa.

1.– Merkataritza Zuzendaritzak antzematen badu aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hutsegitea zuzentzeko edo eskatzen zaizkion agiriak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusi moduan eman beharko den ebazpenaren bidez.

2.– Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri den jakinarazitako egintzaren edukia interesdunak eskuratzeko moduan. Jakinarazpena ez-onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan; izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du.

15. oinarria.– Ordezkaritza.

Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman dakioke, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:

• Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/); edo:

• «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eguneratua eta behar bezala formalizatua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.

Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.

Ordezkariak identifikaziorako bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du. Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/

16. oinarria.– Erantzukizunpeko adierazpena.

1.– Pertsona eta entitate eskatzaileek berariaz horretarako prestatu diren eskabide-eredu eta inprimakiak bete beharko dituzte. Horiekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, alderdi hauek zehaztuta:

a) Deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

b) Mikroenpresa edo enpresa ertain gisa hartua izateko behar diren baldintzak betetzen dituela.

c) Pertsona edo entitate hori ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak onuradun izateko 13. artikuluan ezarritako debeku-egoeretan.

d) Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

e) Ez duela inolako itzulketa- edo zehapen-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren organismo autonomoek emandakorik, izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitakorik.

f) Enpresak deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Inbertsio hori bera egiteko beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik jasotako edo haiei eskatutako laguntzak.

h) Azken hiru urteetan enpresak jasotako «minimis» laguntzak.

i) Betetzen duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa.

j) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako betebeharrak onartzeko konpromisoa hartzen duela.

k) Hala badagokio, merkataritza-, industria-, zerbitzu- eta nabigazio-ganberek emandako «Eus-commerce» edo «Retail Euskal Eskola» programetan edo Euskalit fundazioak emandako «Merkabide» programan parte hartu duela.

l) Hala badagokio, Kontsumobideko Arbitraje Sistemari atxikita dagoela (www.kontsumobide.euskadi.eus)

m) Hala badagokio, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak emandako «Berriz enpresa» programan parte hartu duela.

n) Hala badagokio, Bai Euskarari edo Bikain ziurtagiria duela, edo «Euskaraz barra-barra» (https://euskarazbarrabarra.eus/) programan parte hartu duela.

o) Hala badagokio, energia-erkidego bateko kide izatearen ziurtagiria duela.

p) Ez dituela armak ekoizten, merkaturatzen edo finantzatzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasun Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak xedatutakoa betez.

2.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan egiaztatu ahal izango da eskaeran jasotako datuen egiazkotasuna.

Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, administrazio- zein zigor-araubidearen arabera dagokion zehapena jasoko du.

17. oinarria.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

1.– Merkataritza Zuzendaritzako teknikariei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Dirulaguntza-eskabideak erregistro elektronikoaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta aztertuko dira; hala ere, zuzenketa beharrezkoa bada, 13. oinarrian eskatutako dokumentazio osoa aurkezteko eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, betiere, deialdirako kredituaren mugaraino.

2.– Eskabideak ebaluatzerakoan, kontuan hartuko da pertsona edo entitate onuradun izateko eskatzen diren eskakizunak betetzen direla, dokumentazioa bete ondoren; horrez gain, ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ez eta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

3.– 2. oinarrian ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori dela eta, organo ebazleak kontuan hartuko du egindako eskabideen zerrenda, eta kreditua zein eskabidetara iritsi den zehaztuko du. Kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenaren bidez.

18. oinarria.– Dirulaguntzaren ebazpena.

1.– Merkataritzako zuzendariak modu ordenatuan ebatziko ditu espedienteak, osorik dauden unetik aurrera.

2.– Ebazpenean esku hartzen duten pertsonen arteko interes-gatazkarik ez izateko behar diren neurriak hartuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan oinarrituta.

3.– Merkataritza Zuzendaritzak gehienez sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko du ebazpena, laguntza-eskabide osoa aurkezten den egunetik aurrera (12. oinarrian ezarritakoaren arabera). Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, pertsona edo entitate interesdunak ezetsitzat jo ahal izango du eskaera, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

Ebazpenak kontzesioa, kontzesioa eta likidazioa, edo likidazioa zehaztuko ditu, eta adieraziko du zein den entitate onuraduna, zein den emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta minimis laguntza dela. Ukatzeko ebazpenen kasuan, ukatzeko arrazoiak eta dagozkion errekurtsoak adieraziko dira.

4.– Ebazpenak elektronikoki eta banaka jakinaraziko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango dituzte ondorioak.

Merkataritza Zuzendaritzak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie pertsona edo entitate interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak bidaliz edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

5.– Administrazioak laguntza ordaindu ahal izateko, pertsona edo entitate eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta alta eman beharko du edo banku-datuak aldatu beharko ditu, baldin eta datu horiek ez badaude aipatutako erregistroan jasota. Telematikoki egingo du helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/

Bankuko datu horiek aktibo mantenduko dira, hala badagokio, laguntza ordaindu arte.

6.– Pertsona eta entitate eskatzaileei dirulaguntzak emateko ebazpenak eta ondorengo aldaketak banan-banan jakinarazteaz gainera, onuradunen zerrenda eta emandako dirulaguntzen zenbatekoa argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak 26. artikuluan ezarritakoarekin bat.

7.– Administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpenaren aurka, pertsona eta entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

19. oinarria.– Egiaztagiriak.

1.– Egiaztagiriak (ordainagiriak) eskabidearekin batera aurkeztuko dira.

Eskabidearekin batera ordainagiriak aurkezten ez badira, gehienez ere bi hilabeteko epea emango da horiek aurkezteko, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; betiere adierazitako aurkezteko gehieneko epea errespetatuta: 2024ko azaroaren 30a.

Egiaztagiriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita aurkeztuko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Diruz laguntzeko modukoak izango dira 2023ko uztailaren 1etik justifikazio-aldia amaitu arteko ordainagiriak.

Baliozkoak izan daitezen, ordainketa justifikatzeko agiri guztietan argi eta garbi identifikatuta geratu beharko dira: agindu-emailea, hartzailea, faktura-zenbakia, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa-data.

1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera.

3.– Ordainagiriak aurkezteko ezarritako epea igaro bada, eta ez badira aurkeztu, onuradunei eskatuko zaie hamabost eguneko epe luzaezinean aurkez dezatela dokumentazioa.

4.– Justifikazioa ezarritako epeetan aurkezten ez bada, dagokion faktura murriztuko da, baldin eta dirulaguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira; eta gutxitzearen ondorioz diruz lagun daitekeen inbertsioa agindu honetan ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa bada, laguntza ezetsi egingo da.

20. oinarria.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie entitate onuradunei, emateko eta likidatzeko ebazpena eman ondoren edo, hala badagokio, likidatzeko ebazpena eman ondoren, 22.a) oinarrian aurreikusitako epea beteta, eta tartean ukorik ez dela, eta itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrik ez badu.

Dirulaguntza onartutzat joko da, jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

Ordainketa horiek egingo dira, baldin eta onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu.

2.– Merkataritza Zuzendaritzak ordainduko du dirulaguntza; zehazki, laguntzaren hartzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan (https://www.euskadi.eus/altaterceros) adierazitako banku-kontuan egingo da ordainketa.

3.– Zehaztutako epean osorik edo partzialki ordaindu izana fakturen ordainagirien bidez behar bezala egiaztatzen den zenbatekoa soilik lagunduko da diruz, nahiz eta adierazitako kostua handiagoa izan.

21. oinarria.– Laguntzak kudeatzea.

Merkataritzaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikariei dagokie agindu honetan aurreikusitako laguntzak aztertu eta kudeatzea.

Eskabideen balorazioan esku hartzen duten pertsonen arteko interes-gatazkarik ez izateko behar diren neurriak hartuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan oinarrituta.

22. oinarria.– Enpresa onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe.

Halaber, betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman eta likidatzeko ebazpenaren edo likidatzeko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu dela ulertuko da, eta ordaindu egingo da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horrexetarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako aktiboek fakturaren datatik aurrera 2 urtez egon beharko dute laguntzaren xede den establezimenduan.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez.

e) Helburu berarekin, beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasoz gero, horren berri ematea.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatzen bada, horren berri ematea Merkataritza Zuzendaritzari.

g) Bermatu egingo da pertsona fisiko eta juridikoek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela dirulaguntzaren entitate onuradunarekiko harremanetan.

h) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, bai eta dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 4 urteko epean, diruz lagundutako jardueraren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

i) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan eta Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betetzea, eta Administrazioaren laguntzak kontratatzen, hitzartzen edo jasotzen dituzten entitateei ezarritako betebeharrak onartzea.

23. oinarria.– Uko egitea.

Merkataritza Zuzendaritzak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta, ordainketaren bat egin bada, itzultzeko betebeharra dagoela adieraziko du, sortutako berandutze-interesak barne; halaber, amaitutzat emango du prozedura, entitate onuradun horri dagokionez.

24. oinarria.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatzen bada, horrekin batera beste administrazio edo ente publiko nahiz pribatu batzuetatik beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jasotzen badira, edota helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko hartu zen erabakia moldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko arauan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.

Ondorio horietarako, Merkataritza Zuzendaritzak dagokiona aldatzeko ebazpena emango du, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

Baldintzak aldatzearen ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da, kasuan kasuko berandutze-interes eta guzti.

25. oinarria.– Ikuskaritza.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egoki iritzitako ikuskaritza eta egiaztapen guztiak egingo ditu, diruz lagundutako jardunen garapenari eta egikaritzeari dagokienez; horrela, enpresa onuradunek eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute, hargatik eragotzi gabe Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola, betiere beren eginkizunak egikarituz, jasotako laguntzei dagokienez.

Fakturetan jasotako inbertsioak laguntzaren xede den establezimenduan egindakoei dagozkiela egiaztatu beharko du funtsean ikuskapenak.

26. oinarria.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

Entitate onuradunak agindu honetan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legeak 36. artikuluan aurreikusitako kasuetako batean egonez gero, Merkataritza Zuzendaritzak, ez-betetzeari buruzko espedientea hasi ondoren (interesdunari entzunaldia emango zaio espediente horretan), ebazpen bidez adieraziko du dirulaguntza eskuratzeko eskubidea erabat edo zati batean galdu duela, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola jasotako zenbatekoak, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere, hala ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak ezarritakoa beteko da. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta Merkataritza Zuzendaritzak proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz jardungo du.

Ez-betetzearen espedientea egoitza elektronikoaren bidez bakarrik izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

27. oinarria.– Datu pertsonalak.

Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula (3/2018 Legea, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

Arduraduna: Merkataritza Zuzendaritza, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.

Helburua: Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak iragartzen dituen merkataritzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikorako eginkizun bat betetzeko (20/2023 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena).

Hartzaileak: ogasun publikoa eta zerga-administrazioa, legezko interesdunak, Europar Batasuneko organoak, organo judizialak, autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: eskatzaileak eskubidea du bere datuak irispideak izateko, zuzendu eta ezerezteko, bai eta tratamendua mugatu eta haren aurka agertzeko ere (ikusi informazio gehigarria).

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara: https://www.euskadi.eus/rgpd/1010111

28. oinarria.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudia.

Laguntza-programa honi Dirulaguntzen Araudia Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio, hargatik eragotzi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hura garatzen duen erregelamenduan xedatutakoa (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erregelamendu hori).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala