Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

80. zk., 2024ko apirilaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1943

39/2024 DEKRETUA, apirilaren 9koa, baimen hauek ematen dituena: SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematen zaio Parque Tecnológico de Álava-Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen zaie sozietate horren estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko.

SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietate publikoaren kapital sozialean parte hartzen du, eta haren akziodun nagusia da.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen helburu soziala hau da: industria-arloko ekimena eta inbertsioa sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiz eta hura kudeatuz, lokalak eta zerbitzuak sustatuz eta merkaturatuz eta konplexuan ezarri nahi duten enpresak gonbidatuz eta hautatuz; enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak egin beharko dituzte, produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatutako elektronikaren eta informatikaren arloan (hardwarea eta softwarea) bereziki.

Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietateak kapitala zabaldu beharra dauka, lursailak eskuratzeko eta parkea handitzeko.

SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak baimena eskatu du Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Baimen hori beharrezkoa da, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 110.1 artikuluan xedatutakoaren arabera (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen lege horren testu bategina); izan ere, artikulu horrek ezartzen du enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko Gobernu Kontseiluaren baimena behar dela aurretiaz, dekretu bidez emana.

Sozietatea egitekoa den kapital-zabalkuntzan, SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia enteak guztira 1.624.003 euroko zenbatekoarekin parte hartuko luke, hau da, proposatutako zabalkuntzaren % 73,82rekin. Hala, % 73,82koa izango litzateke hark Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SAren kapitalean duen partaidetza ondoren ere.

Kapitala zabaltzeak kapital-sozietateen estatutuen artikulua berridatzi beharra dakar berekin. Hori dela eta, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 111.2 artikulua aplikatu behar da, zeinak ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Instituzionalaren zuzeneko eta zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek, sozietate-estatutuak onartzearen edo aldatzearen alde egiteko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dutela, eta ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea atxikita dagoen saileko sailburuak biek batera proposatu behar dutela baimena ematea.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak batera proposaturik, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko apirilaren 9ko bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari baimena ematea Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko. Milioi bat seiehun eta hogeita lau mila eta hiru eurokoa izango da parte hartzea (1.624.003), hau da, kapital-zabalkuntzaren % 73,82. Eragiketa horren ostean, % 73,82ko partaidetza izango du SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak sozietate horretan.

2. artikulua.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren titulartasunekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematea kapital-zabalkuntzaren ondorioz Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietatearen estatutuen 2. artikulua aldatzeko onespena emateko. Artikulu horren idazketan, sozietatearen kapitalaren zenbateko berria adieraziko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko apirilaren 9an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala