Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

126. zk., 2019ko uztailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3287

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 30ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko abenduaren 11n, Donostiako Udaleko Hirigintza Zuzendaritzak Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskabidea osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2019ko martxoaren 15ean kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak.

Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza; eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea eta «Eguzkizaleak» aisialdiko elkartea, interesduntzat jo baitira.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza. Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza ebazpen honetan jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.

Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29. artikulutik 32.artikulura arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzko plan eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.

Dokumentazio teknikoa eta xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du txostenak, eta bera aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, plana), jarraian adierazitako moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Aldaketaren eremua Donostiako Aiete auzunean dago, Aldapeta kalea 62an, hain zuzen. A.40-Garapen Txikiko Bizitegi gisa sailkatutako lurzatia da, «b.20 gisa definitutako erabilerarekin: erabilera tertziarioa», 1.337 m2-ko azalera du, eta, egun,Villa Itxas-Gain dago bertan. Gaur egun, eraikina ez da erabiltzen; 5 solairu ditu: 1. eta 2 azpisotoak, sestraren behealdea eta beheko solairua, lehen solairua, teilatupea eta dorrea, sestraren gainean, baita lorategi-gainazal bat ere. Ekialdean, Fedearen pasealekuarekin egiten du muga lurzatiak, eta, mendebaldean, Aldapeta kalearekin.

Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketaren xedea da lerrokadurak eta sestrak definitzea, bolumenak ordenatzea eta eraikuntzaren eta obra osagarrien alderdi eta ezaugarriak arautzea lurzati guztiaren urbanizazioan, eraikin berri bat ezartzeko asmoarekin, egun dagoen eraikinaren zati handiena mantenduta. Bertan hotel bat egitea da asmoa, ostalaritzako zerbitzu osagarriak (taberna, jatetxea, etab.), spa gune bat (jolas-erabilera) eta autoak aparkatzeko guneak izango dituena.

Aurreikusten da 3 solairu eta dorrea izango dituen eraikin bat, sestra gainean, eta 4 solairukoa, sestra azpian (bi azpisoto eta bi soto); 733,97 m2-ko guztizko eraikigarritasuna izango luke sestra gainean, eta 3.514,08 m2-koa sestra azpian; 64,05 m2-ko lagapen bat ezartzen da Aldapeta kalearen ondoan, kale horretako espaloiak 2 m-ko zabalera izateko gisan lurzatiaren luzera osoan.

Hortaz, hauek dira planaren ingurumen-ebaluazioaren helburuak: hotel berria urbanizatu eta eraikitzeko antolamendu xehatuaren ondorioz ingurumenean izango diren eraginak balioestea, eta, eragin horiek saihesteko, zuzentzeko edo konpentsatzeko behar diren zehaztapenak sartzea.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: obren proiektua proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Egun erabiltzen ez den etxebizitzaren ordez, hotel bat ezarri ahal izateko irizpide eta baldintzak ezartzeak ez du esan nahi esparrua ezartzen denik legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izan behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: ez da hauteman bateraezintasunik beste plan sektorial edo lurralde-plan konkurrente batzuekin.

c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak aprobetxatzean.

d) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinei, energia aurrezteari, energiaren errendimenduari eta energia berriztagarriak sustatzeari dagokienez.

2) Efektuen eta eraginpean hartuko omen den eremuaren ezaugarriei dagokienez:

Eremuak hiri-izaera kontsolidatua duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik –esaterako, Natura 2000 Sarea– duen espaziorik, ezta balio natural edo kulturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere.

Horretaz gain, ez da identifikatu planerako ingurumen-arazo nabarmenik ere. Nahiz eta Babes Akustiko Bereziko Gunearen barnean dagoen eremua eta Zonako Plan Akustikoa landua duen –Zentroa-Aiete-Igeldo-Zubieta–, egindako Inpaktu Akustikoari buruzko Txostenak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluarekin bat, ondorioztatzen du betetzen direla d) motako eremu akustikoetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak, hau da, c) epigrafean sartuta ez dauden jarduera tertzioarioetarako, esaterako, ostalaritza, ostatu eta jatetxe arloak, besteak beste, eta, bete ere, eraikinaren solairu guztietan fatxada leihodun guztietan, eta, kanpoan, 2 m-ko garaieran lurzoruaren gainetik, eraiki gabeko eremuan.

Bestalde, ez da aurreikusten aldaketaren bidez ezarriko denik nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua.

Beraz, seguruenik, afekzio nagusiak urbanizazio- eta eraikitze-lanei eta horiek lasaitasun publikoan izango duten eraginari loturikoak izango dira: kutsatzaileen immisioak –batez ere, lur-mugimenduek eta kamioi-zirkulazioak harrotuko dituzten partikulena eta hautsarena– eta zaratak biztanleen osasunean izan dezaketen eragina, eta zirkulazio-egoeraren aldaketak eta hondakinen sorrerak eragindakoa.

Horregatik guztiagatik, aurreikusitako efektuak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak aztertuta –kanpoko zarata-mailak murriztera zuzenduak, hautsaren edo partikulen atmosferarako isurketak sortzen dituzten eragiketak mugatzera zuzenduak eta hondakinak edo obrako soberakinak behar bezala kudeatzera zuzenduak–, ez da espero ingurumen-efektu garrantzitsurik.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, zehaztapen hauek hartuta bertan garatzea aurreikusi diren proiektuetan:

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

Eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Jasangarritasun irizpideekin egitea lorategia.

Lorategi-jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.

– Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Horretarako, eraikuntza-proiektuan, ahal den neurrian, kontuan hartu beharko dira Ingurumen Jasangarritasuneko Eraikingintza Gidako gomendioak. Eraikin komertzialak (Ihobe.eus).

Azken proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna kalifikatzeko etiketak, gidaren arabera, ahalbidetuko du hartutako ingurumen-neurri eta azpineurri jasangarriak bereiztea.

Kasu honetan, neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.

– Negutegi-efektuko eta argi-gasen isurketak murriztea.

– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.

Bigarrena.– Horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, egindako kontsulten emaitza ikusita eta V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zera ondorioztatu da: Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketak ez du eragin kaltegarri garrantzitsurik izango ingurumenean, ebazpen honetan jasotako baldintzetan, eta, ondorioz, ez du ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako AY.02 Miraconcha hirigintza-eremuko Aldapeta kalea 62 –Itxas Gain– lurzatiaren xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 30a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala