Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2017ko maiatzaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2601

56/2017 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako lankidetzarako Esparru Hitzarmena, Hizkuntza Politikako Gaietan lankidetzan jarduteko, 2017-2022 eperako.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetzarako esparru-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin sinatutako lankidetzarako Esparru Hitzarmena, Hizkuntza Politikako Gaietan lankidetzan jarduteko, 2017-2022 eperako. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 15EKO 56/2017 EBAZPENARENA
EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOAREKIN HIZKUNTZA POLITIKAKO GAIETAN LANKIDETZAN JARDUTEKO LANKIDETZARAKO ESPARRU-HITZARMENA 2017-2022
ATARIKOA

Kontuan hartuz 1980ko maiatzaren 21ean Madrilen sinatutako mugaz gaindiko Lankidetzarako Esparru Hitzarmena.

Kontuan hartuz Espainiako Estatuak eta Frantziako Errepublikak 1995eko martxoaren 10ean sinatutako mugaz gaindiko Lankidetzarako Tratatua.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa finkatzen duen Dekretuan jasotakoaren arabera, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokio Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika zehaztea eta jarraipena egitea, euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta arlo horretako jardun-irizpideak garatzea eta ezartzea.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egiteko dira, besteak beste: Euskal Autonomia Erkidego osorako plangintza orokorra osatzea eta jarduera bateratuak burutzeko planak egitea; hizkuntza-politikan eskumena duten herri-aginte guztien arteko lankidetza dinamizatzea eta sustatzea; hizkuntza normalizatzeko zereginetan, euskara normalizatzen eta araupetzen diharduten erakundeekin harremanak izatea, eta euskal hiztunen komunitate osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere aritzea.

Eusko Legebiltzarrak 1999ko abenduaren 10ean balio osoz egindako Osoko Bilkuran, Eusko Jaurlaritzak 1998ko uztailaren 28an onartutako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia berretsi zuen, eta, horretaz gain, 3. ebazpenean, Nafarroako eta Iparraldeko erakunde pribatuekin eta publikoekin lankidetzan euskararen sustapena bultzatzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde Euskararen Aholku Batzordeak 2009. urtean onartutako Euskara 21, Itun Berritu Baterantz izeneko dokumentuan honako hau jasotzen da: «euskararen lurralde bakoitzeko esparruari dagokio, demokratikoki eta bertako herritarren borondate eta asmoen arabera, tokian tokiko hizkuntza politika diseinatu, gauzatu eta ebaluatzea, betiere gutxiengoaren eskubideekiko errespetua bermatuz. Nolanahi ere, gure Erkidegoko herri-aginteek jarraitu behar dute euskararen gainerako lurraldeetako erakundeekin elkarlana eta lankidetza indartzen, hizkuntza politikaren garapenean».

Horrez gain, aipatutako Euskara 21, Itun Berri Baterantz izeneko dokumentuan azaleratutako ondorioen artean honako hau zegoen: «Itun berritu baten atarian, ezinbestez adostu beharko da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) berrikuspena». Horren ondorioz, Euskararen Aholku Batzordeak euskara biziberritzeko plangintzaren sakoneko azterketari ekin zion, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) eman zen argitara, Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi ondoan. Hamar urterako plana da ESEP, eta euskara biziberritzeko plangintzan EBPNren lekukoa hartu du, euskararen erabilera areagotzea erronka nagusi duen ibilbidean.

Beste aldetik, 2000ko abenduaren 22an, frantses estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoak eta Euskal Herriko Hautetsien Biltzarrak, Euskal Herriko Hitzarmen Berezia izenpetu zuten eta bereziki hizkuntza atalari buruz diru engaiamenduak hartu zituzten hamar lan-lerroen obratzeko.

2001ean Hizkuntza Politikarako obragintza publikoa sortu zuten, frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Sindikatuak eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak; egitura honek hizkuntza politikaren oinarriak finkatu, ahalbideak eskaini eta bideratu eta sustatu beharreko proiektuak zehaztu zituen.

2004. urtean Euskararen Erakunde Publikoa eratu zen, Obragintza Publikoaren segida hartuz. Erakundearen eginkizunak dira, batetik, euskararen aldeko hizkuntza politika publikoa eta hitzartua asmatzea, definitzea eta obratzea; bestetik, behar diren finantza baliabideak bermatzea, bere egitasmoan ezarri dituen ekintzak edo obralari batzuekin hitzartu dituenak gauzatzeko.

Bere eginkizuna betetzeko, Euskararen Erakunde Publikoak Hizkuntza Politika Proiektu bat definitu du eta adostu 2006ko abenduaren 21ean.

2003ko irailaren 3an Baionako protokoloa sinatu zen; horren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoak eta Obragintza Publikoko lurralde egiturek hizkuntz politika arloan lankidetza bultzatzea erabaki zuten, hainbat ekimen adostuz eta informazio trukaketa bat egituratuz, alde batak edo besteak burutu ditzaketen jardunez.

Euskararen Erakunde Publikoa sortu zelarik, bi partaideek onartu zuten 2003an eta 2004an gauzatu protokoloa berriz antolatzea 2005 eta 2006 urteetan eta, anartean, tarte hori baliatzea helburu handiagoko lankidetza instituzional baten norabideak finkatzeko.

2007ko otsailaren 7an, Baionan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Hitzarmena Hizkuntza-Politikako Gaietan Lankidetzan Jarduteko sinatu zen. Hitzarmenak 2007. urtetik 2010. urte bitartean izan du indarraldia.

2011ko urtarrilaren 31an, lehen hitzarmenaren balorazio positiboa egin ondoren, bi partaideek hizkuntza politika gaietan lankidetzan jarduteko hitzarmena berritu zuten, 2011. urtetik 2016. urte bitartean indarrean izan den bigarren hitzarmen bat izenpetuz.

Bi izenpetzaileek, berriz ere kolaborazio horren balorazio positiboa egiten dute, eta bat egiten dute lankidetza horren berritzeko asmoan 2017. urtetik 2022. urte bitartean.

Bi aldeek aitortzen dute ekin dioten lankidetza proiektu honek, bakarra baina koordinatua eta bakoitzak bere mugaren baitako eremuan gauzatua, bien arteko liderazgoa eta interlokuzioa eskatzen duela.

BILDURIK:

Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Bingen Zupiria Gorostidi, bestetik, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria, Mathieu Bergé, nork bere duen ordezkaritza gorenaz, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Eusko Legebiltzarrak 1999ko abenduaren 10ean berretsitako Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren lekukoa hartu duen Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n onetsitakoak) eta Euskararen Erakunde Publikoak 2006ko abenduaren 21ean adostu Hizkuntza Politika Proiektuak eskaintzen duten erreferentzia-markoa kontuan, Eusko Jaurlaritzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza-ildoak zehazteko, bi alderdiek hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, ondokoaren arabera:

1.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren artean euskararen gaineko hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berrestea eta erakunde mailako harreman iraunkorrak egonkortzea eta garatzen jarraitzea, herri-erakunde bakoitzaren erabaki-autonomia eta funtzionamendu-arauak errespetatuta.

2.– Elkarlanaren printzipioak edo irizpide nagusiak.

• Alderdi biek adierazten dute hizkuntza politikaren arloan garatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute.

• Hitzarmena mugaz bi aldeko erakunde publiko ezberdinen arteko euskara sustatzeko politika garatzeko tresna izatea nahi dutela aitortzen dute sinatzaileek.

• Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian hizkuntza komuna delako euskararen praktika garatzeko eta atxikitzeko nahia baieztatzen dute alderdiek, betiere bakoitzaren berezitasunak errespetatuz.

• Alderdi biek adosten dute, dituzten eskumenen esparruan, bakoitzaren gizarteko errealitate politiko eta sozialak gero eta hobeto ezagutarazi eta elkarren arteko adiskidetasuna garatu nahi dituztela.

• Halaber, alderdi biek aitortzen dute beharrezkoa dela bien arteko harremana indartzea jadanik abian dituzten edo aurrerantzean izan ditzaketen ekimenak bermatzeko eta bien intereseko lankidetza garatzeko.

• Alderdi biek mugaz bi aldeetako partaidetza azkartzeko borondatea eta euskararen arloan hizkuntza politika hitzartu baten egituratzea berresten dute.

3.– Mugaz bi aldeetako erakunde publikoek elkarrekin gara ditzaketen jarduerak.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren egitekoak eta lan-lerroak kontuan izanik, ondoko arloetan elkarlanean jarduteko borondatea adierazten dute hitzarmenaren sinatzaileek.

Bi partaideek ondoko lau erronka horiei lotutako jarduerak elkarrekin antolatzeko edo sustatzeko konpromisoa hartzen dute:

• Euskararen transmisioa: erronka horrek adin guzietako hiztunen kopurua emendatu nahi du, eta, ondorioz, aitzineko urteetan inkesta soziolinguistikoek agerian jarri duen bilakaera aldatu.

• Hizkuntzaren presentzia eta erabilera: euskararen presentzia garatu nahi du bizitza sozial publiko zein pribatuaren alor guzietan.

• Hizkuntzaren kalitatea: hizkuntzaren kalitatea zaindu eta areagotu nahi da, ahoz eta idatziz, erabilera publiko zein pribatuko esparru ezberdinetan.

• Gogoa, aldeko jarrera: zeharkakoa da. Helburua da aldeko jarrera bultzatzea, gizartearen atxikimendua azkartzea, aitzineko beste lan sail guzietan eraginkorragoak izateko gisan.

Bestalde, esandako erronkak erdiesten laguntzeari begira eta euskararen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen joateko, ikerketa-lerroak sustatuko eta bideratuko dira: Euskal Herriko Inkesta Soziolinguistikoa, Euskararen presentzia eta erabilera neurtzeko adierazleen definizioa eta horien gaineko informazio trukaketa, besteak beste.

Azkenik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak, aldian-aldian, elkarri adieraziko dizkiote hizkuntza-politikaren esparruan bi aldeek jakingarri izan ditzaketen ekimenak, hitzarmen honetan jasotako arloen gainekoak izan zein beste arlo jakin batzuetakoak izan.

4.– Elkarlana zehazteko prozedura: urteko eranskina.

Hitzarmena elkarlanerako marko eta erreferentzia nagusia izanik, urtero sinatuko da alde bien artean elkarlanerako Eranskina.

Bi atal nagusi jasoko dira elkarlanerako urteroko eranskinean:

4.1.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko ekimenak.

Urtero, eranskin horretan zehaztuko dira bi erakundeek elkarlanean gauzatuko dituzten programa zehatzak, bai eta gauzatze horren xehetasunak: alde bakoitzak egingo dituen ekarpenak, baliabideak, ekimenen zabalkundea eta abar.

Hitzarmen honen 5. atalean aipatzen den Jarraipenerako Batzorde Teknikoak prestatuko du jarduera horien gaineko proposamen zehatza, ondoren maila Politikoko Batzordeak aztertu eta, hala badagokio, onartzeko.

4.2.– Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herriko eragile pribatuei esleitu diru laguntzak.

Euskararen erabilera areagotzeko xedez, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile pribaturen lana finantzatzeko moduaren gaineko zehaztasunak jasoko dira urtero eranskinean.

Lankidetzarako fondo bat eratuko da, alde bien ekarpenez, eta hitzarmen honetan oinarriturik, 5. atalean aipatzen den Jarraipenerako Batzordeak koordinatuko du. Urteroko eranskinak alde baten eta bestearen diru ekarpenak eta eragiteko mekanismoak finkatuko ditu. Alde bien arteko adostasunez kudeatuko dira aipaturiko diru-laguntza deialdia eta dagokion lankidetza fondoa.

Jarraipenerako Batzordeak urtero proposatuko ditu lehentasunak, helburuak, ekintzak, aurrekontuak eta erabiltzeko arauak. Halaber, Batzordeak proposatuko du urtero zein egitasmo balia daitekeen laguntzaz, betiere hitzarmen honetan ezarritako irizpideekin eta helburuekin bat etorriz.

Lankidetzarako fondoaren kudeaketa, nagusiki, Euskararen Erakunde Publikoaren eskutik izango da: Euskararen Erakunde Publikoak urtero lehiaketa publikorako deia egingo du. Hala ere prozesu horretan Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta presentzia arlo guztietan bermatuko da: egitasmoen balorazioa egiterakoan, epaimahaian, laguntzen diren egitasmoen zabalkundean, gaiarekin loturiko aurkezpen edota prentsaurrekoetan...

5.– Hitzarmenaren iraupena eta jarraipena egiteko moduak.

Hitzarmenak 2017. urtetik 2022. urte bitartean izango du indarraldia.

Hitzarmen hau izenpetuta, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko Jarraipenerako Batzordea izendatuko da, hemen jasotakoaren segimendua egiteko.

Jarraipenerako Batzordeak bi maila izango ditu:

• Batetik, maila estrategikoko Gidaritza Batzordea izango da. Bertan Eusko Jaurlaritzaren aldetik Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria; eta Euskararen Erakunde Publikoaren aldetik: lehendakaria eta zuzendaria.

• Bestetik, maila teknikoko Batzordea eratuko da, erakunde bietako teknikariez osatuta eta Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariaren agindupean.

Batzordearen Idazkaritza osatuko dute Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariak eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, erakunde bakoitzaren lantalde teknikoaren laguntzarekin.

Maila politikoko Batzordeak urtean behin gutxienez egingo du bilera, hitzarmenaren jarraipena egiteko, bereziki aurreko urteko balantzea aztertzeko eta urteko egitasmo-proposamena onartzeko.

Batzorde teknikoak, berriz, Hitzarmenaren jarraipen egokiak horrela eskatzen duen guztietan egingo du bilera.

6.– Beste betebehar batzuk.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez:

Hitzarmena gauzatzerakoan azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Tituluan laguntza eta diru-laguntzetarako ezarritako araubidea bete beharko da, baita 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak ere, eta, bereziki, beren lana burutzeko eskatzen duten informazio guztia emango zaie Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

Frantziako instituzioei dagokienez:

Hitzarmen honen gauzatzeak kultur jarduerak daramaten Interes Publikoko Elkargoak arautzen dituen 2012ko urtarrilaren 26ko 2012-91 Dekretua, bai eta aurrekontu-kudeaketa eta kontabilitate publikoari dagokion 2012ko azaroaren 7ko 2012-1246 dekretua.

Bestalde, hitzarmenaren aplikazioan sor daitezkeen auziak Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegi eta auzitegi eskudunen jurisdikzioak eta Paueko Epaitegi Administratiboak ebatziko dituzte kasuen arabera.

Hitzartutakoa hala ager dadin, eta esan bezala betetzeko, bi alderdiek hitzarmen hau izenpetzen dute frantsesez eta euskaraz, biak ere balio berekoak izanik.

Baionan, 2017. urteko martxoaren 29an.

Bingen Zupiria Gorostidi. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Mathieu Bergé. Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria.


Azterketa dokumentala