Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2017ko maiatzaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2599

156/2017 DEKRETUA, maiatzaren 23koa, Solidaridad con America Latina / Hego Amerikarekin Elkartasuna (SAL/HAE) elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Solidaridad con America Latina / Hego Amerikarekin Elkartasuna (SAL/HAE) elkarteak deklarazio hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakundea onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, garapenerako lankidetzan eta sentsibilizazioan egiten dituen jarduerengatik.

Asociación Solidaridad con America Latina / Hego Amerikarekin Elkartasuna (SAL/HAE) elkartea 1992ko azaroaren 30ean sortu zen, eta Justizia Saileko Kabinete Teknikoaren 1992ko abenduaren 18ko Ebazpenaz inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen, AS/B/03644/1992 erregistro-zenbakiarekin.

Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten du; baina, garapenerako nazioarteko lankidetza ere bada elkartearen funtsezko helburuetako bat, eta helburu horretako proiektuak egiteko, lankidetzaren helburu diren herrialdeetan ere jarduten du.

Eratu zenetik, Asociación Solidaridad con America Latina / Hego Amerikarekin Elkartasuna (SAL/HAE) elkarteak bere helburu nagusiak lortzeko behar diren jarduera guztiak egin ditu; hauexek dira helburu nagusi horiek: garapenerako lankidetza eta garapen-bidean dauden herrialdeetako egoerari buruzko sentsibilizazioa.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Lehendakariaren eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, erakunde interesdunek emandako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 23ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Solidaridad con America Latina / Hego Amerikarekin Elkartasuna (SAL/HAE) elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/03644/1992 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko maiatzaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKLLU RENTERIA.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala