Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2017ko apirilaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2084

73/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, zeinaren bidez aldatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartzen dituen Dekretua.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan-arloko Salak epaia eman zuen 2016ko urtarrilaren 26an, 23/2015 Autoetan, Gatazka Kolektiboari buruz Eusko Langileen Alkartasuna sindikatuak (ELA) honako hauen kontra jarritako demanda dela-eta: Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila (gaur eguneko Segurtasun Saila) Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia erakunde autonomoa, sail horretako eta erakunde autonomo horretako langile lan-kontratudunen lantokien arteko batzordea, akademia horretako enpresa-batzordea, eta sail horretako Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa-batzordeak, bai eta sail horretako Arabako langileen ordezkariak ere. Bada, epai horren bidez osorik baiesten da sindikatu horrek egindako demanda, zeinarekin bat egin baitzuen aipatutako lantokien arteko batzordeak.

Era berean, honako hau azaltzen da epaian:

Beraz, ez betetzat jotzen da 2003ko balorazio-eskuliburuarekin bat etorriz sail eta akademia horretako langile lan-kontratudunen lanpostu guztien balorazioa egiteko betebeharra, eta, era berean, deklaratzen da eraginpeko langileek eskubidea dutela eskuliburu horren arabera oraindik baloratzeko dauden lanpostuak baloratzeko prozesu hori amai dadin; ondorioz, kondenatzen dugu sail eta akademia hori deklarazio horiek onartu eta betetzera eta balorazio-prozesu hori berriz hastera; horretarako, ahalik eta lasterrena, hitzarmen kolektiboan ezarritako balorazio-batzordearen deialdia egin beharko da, prozesuak, geldituta geratu zen puntutik abiatuta eta balorazio horren emaitzak saileko sailburuari helarazi arte, jarrai dezan, aldatu beharreko lanpostuen zerrendan sar daitezen; eta lanpostuen zerrendako aldaketa horrek sortutako ordainsari-aldaketek 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragina izango dute.

Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Epai hori behar bezala betearazteak berekin dakar lanpostuen zerrenda aldatzea, horretarako xedatutako prozeduraren arabera. Bestetik, aldaketa horrek eragindako ondorio ekonomikoek 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragina izango dute, epai hori betearazteko xedez.

Horren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko apirilaren 11n egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek dekretu honen eranskinean agertzen dira, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondorio ekonomiko eta administratiboak.

1.– Lanpostuen zerrenda argitaratzeak dakartzan ondorio ekonomikoek 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragina izango dute. Atzeraeragin horrek ez die ezein kasutan inolako likidazio negatiborik ekarriko eraginpeko langileei.

2.– Lanpostuen zerrenda argitaratzeak dakartzan ondorio administratiboek indarrean sartzen denetik aurrerako eragina izango dute.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala