Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2008ko apirilaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1949

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 5ekoa, Langileria Kudeatzeko zuzendariarena. Honen bidez, zerbitzu-eginkizunak eta lanaldi murrizketak arautzen dira 2008-2009 ikasturterako ohiko irakaslanak betetzeko zailtasun handiak eragiten dituzten gaixotasun larriak dituzten unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat.

Lanpostuak betetzeko aparteko eratzat taxutu dute zerbitzu-eginkizuna Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 54. artikuluak —azaroaren 7ko 16/1997 Legeak aldatu zuen lege hori— eta urriaren 23ko 182/2007 Dekretuaren 12. artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena arautzeko Dekretua).

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenak, urriaren 23ko 182/2007 Dekretuz onartuak, bere 57. artikuluko bosgarren eta seigarren paragrafoetan aurreikusten duenez, osasun arazo larriak izan eta ohiko irakaslanak behar bezala bete ezin dezaketen irakasleak eskola orduen 1/3eko murrizketaz baliatu ahal izango dira, gehienez ere bi urtean.

Beraz, hezkuntza-sistemaren ezaugarriak kontuan hartuta, haren kontingentzia barne, zerbitzu-eginkizun/lanaldi murrizketak emateko prozedura arautu behar du urtero Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak; era berean, definitu egin behar du zein kasutan eman behar dituen zerbitzu-eginkizun/lanaldi murrizketak eta zertarako sortu diren, helburu horietatik desbideratu ez daitezen.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren 10. artikuluak xedatutakoa kontuan izanik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Erregulazio honen xedea da 2008-2009 ikasturtean zerbitzu-eginkizunak emateko baimenak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan lanean ari diren unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako karrerako funtzionarioei, lanpostua duten ikastetxeaz bestelakoan zerbitzuak eman ditzaten, betiere eskatutako destino-ikastetxea Euskal Autonomia Erkidegokoa bada. Salbuespen gisa, osasun-arrazoien ondorioz irakasle horiei zerbitzu-eginkizunetarako baimena eman dakieke, irakaskuntzaz besteko eginkizunak betetzeko, gehienez bi urtean.

Era berean, prozedura bera aurreikusi da, osasun arazo larriak izan eta ohiko irakaslanak behar bezala bete ezin dezaketen bitarteko irakasleei eskola-orduen 1/3eko murrizketa baimentzeko gehienez bi urtean, baldin eta ikasturte osoko lanpostuak betetzen ari badira.

Bigarrena.– Eremu subjektiboa.

Deialdi honetan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioek parte hartu ahal izango dute, alegia, lehenengo artikuluan aipatzen diren funtzionarioek. Horretarako, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean baldintza hauek bete behar dituzte:

1.– Jarduneko zerbitzu-egoeran izatea, Euskal Herri Administrazioetako funtzionarioen administrazio-egoerei buruzko araudia onartzen duen abenduaren 11ko 339/2001 Dekretuaren 3. artikuluak ezarritakoaren arabera.

2.– Behin-behineko edo behin betiko destinoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan.

3.– Deialdi honetan zerbitzu-eginkizuna eskatuz gero, 2008-2009 ikasturterako beste zerbitzu-eginkizunik emanda ez izatea. Ikasturte horretarako beste zerbitzu-eginkizunik lortuz gero, bi lanpostuetako bat emango da, hezkuntza-sistemaren premiak kontuan hartuta.

Hirugarrena.– Eremu objektiboa.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako zerbitzu-eginkizunak emateko arrazoi izango dira egoera hauek:

1.1.– Zerbitzua kontuan hartuta: irakaskuntza hutsezko arrazoiak.

1.2.– Egoera pertsonal bereziak kontuan hartuta:

a) Tokiko korporazioetan hautatutako kargu ordaindu gabeak betetzea.

b) Osasunari dagokionez, eskatzaileak berak gaixotasun larria izatea, gaixotasunak zerbitzu-eginkizuna bidezko edo beharrezko egiten badu.

c) Salbuespen gisa, zerbitzu-eginkizuna emateko aukera dago honako kasu honetan: eskatzailearekin bizi den ahaideren batek —gorako edo beherako lerro zuzeneko lehen graduko ahaidea, hain zuzen—, edo senar-emazteak edo bikotekide iraunkorrak —behar bezala egiaztatutakoak— gaixotasun larria izatea, eta eskatzailearen laguntza behar izatea. Ondorio horietarako kontuan hartuko da irakasleak destinoa izatea ohiko etxebizitzatik gertu.

Honako zerbitzu-eginkizun hauek geratuko dira deialdi honetatik kanpo: Ikuskaritzan, Iralen, Ikerketako eta Irakaskuntzari laguntzeko lanpostuetan zerbitzuak ematekoak, eta berariazko deialdiz arautzen diren beste guztiak.

2.– Halako 1/3ko lanaldi murrizketa hori emango zaie ikasturte osoko lanpostuak betetzen ari diren karrerako eta bitarteko irakasleei, baldin eta osasun arazo larriak izan eta ohiko irakaslanak behar bezala bete ezin badituzte. Izan ere, horixe ezartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmenaren 57.5 eta 57.6 artikuluek. Murrizketak bi urte iraungo du, gehienez ere.

Laugarrena.– Eskaera.

1.– Interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan horretarako eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztu ere. Eskabide horiek Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan aurkez daitezke, baita urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu duen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako zentroetako edozeinetan ere.

2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunean hasi, eta apirilaren 14an (egun hori ere barne) amaituko da.

3.– 2008ko ekainaren 27ra arte (egun hori ere barne) baino ez da onartuko deialdi honetan parte hartzeari edo emandako zerbitzu-eginkizunari uko egitea.

Bosgarrena.– Ebazpena.

1.– Langileria Kudeatzeko zuzendariak ebatziko ditu zerbitzu-eginkizun /lanaldi-murrizketa guztiak, eta honako hauek izango dira proposamena egingo duen balorazio-batzordeko kideak:

– Langileriaren Kudeaketa arduraduna, batzordeburu arituko baita.

– Saileko Zerbitzu Medikoko arduraduna, eta, egokitzat jotzen badu, dagokion lurraldeko mediku-arduradunen laguntza eduki ahal izango du.

– Dagokion lurralde-ordezkaritzako Langileriaren burua.

– Hezkuntzako lurralde-ordezkaria edo haren ordezkoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-irakaskuntzako eremuan ordezkaritza duten sindikatu bakoitzeko ordezkari bana.

– Langileria Kudeatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari arituko baita.

2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek balorazio-batzordeari igorriko diote dagokion Ikuskaritzaren txostena, zerbitzu-arrazoiak direla-eta eskatutako zerbitzu-eginkizunak edo 1/3ko lanaldi-murrizketak direnean, baita zerbitzu medikoen txostena ere, osasun-arrazoiengatik eskatutako zerbitzu-eginkizunak izanez gero.

3.– Balorazio-batzordeak baloratu ahal izango du, hala balegokio, zerbitzu-eginkizunen bateko esleipendunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak urtero iragartzen dituen lekualdatze-lehiaketetan parte hartu duten.

4.– Langileria Kudeatzeko zuzendariaren Ebazpena Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratuko da.

5.– Aurreko artikuluan ezarritako epea gorabehera, premia berririk sortuz gero, beste zerbitzu-eginkizun/lanaldi murrizketa batzuk ere eman ahal izango dira salbuespen gisa, ebazpen honetan aurreikusitako arauei jarraiki.

Seigarrena.– Araubidea.

Deialdi honen babesean emandako zerbitzu-eginkizunek /lanaldi-murrizketak 2008-2009 ikasturtea izango dute iraunaldi.

Nolanahi ere, behin betiko jabeek jatorrizko lanpostuari eutsiko diote.

Bitarteko irakasleek lanaldia murrizteko baimena izateko, derrigorrezkoa izango da 2008-2009 ikasturtean urte osoko lanpostua lortzea.

Zazpigarrena.– Errekurtsoak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutakoa) 114. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari; hilabeteko epea izango da horretarako, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 5a.

Langileria Kudeatzeko zuzendaria,

ITZIAR GARAIZAR AGIRRE.


Azterketa dokumentala