Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2008ko apirilaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1948

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 4koa, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearena; beraren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko baimena ematea eta berari dagokion finantzaketa arautzen duen 2002ko abenduaren 10eko Aginduan ezarritako laguntzen 2008-2009 ikasturteko deialdia egiten da.

2002ko abenduaren 10eko Aginduak (EHAA, 2002ko abenduaren 27koa) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko baimena ematea eta berari dagokion finantzaketa arautu zuen. Halaber, agindu horren zenbait alderdi 2003ko uztailaren 29ko Aginduak aldatu zituen (EHAA, 2003ko abuztuaren 21ekoa)

Agindu horren 1.2. artikuluan ezarritakoaren arabera, diru-laguntzak emateko deialdia urtero egingo da Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

Ondorioz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko baimena ematea eta berari dagokion finantzaketa arautzen duen 2002ko abenduaren 10eko Aginduan (EHAA, 2002ko abenduaren 27koa) ezarritako laguntzen 2008-2009 ikasturteko deialdia egitea.

2. artikulua.– EAEn Lanbide Heziketako heziketa-zikloak emateko ofizialki baimenduta dauden ikastetxe publiko eta itundutako ikastetxe guztiek hartu ahal dute parte. Lanbide Heziketako heziketa-ziklo horiek azaroaren 22ko 447/1994 Dekretuan eta apirilaren 29ko 97/1997 Dekretuan araututa daude. Lehen Dekretuak Lanbide Heziketako irakaskuntzaren antolamendu orokorra eta tituluei buruzko gidalerroak ezarri zituen; eta bigarren Dekretuak, berriz, Batxilergoaren eta Lanbide Heziketako irakaskuntzaren arautegia, eta dagozkien tituluei buruzko gidalerroak zehaztu zituen.

3. artikulua.– 1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko baimena ematea eta berari dagokion finantzaketa arautzen duen 2002ko abenduaren 10eko Aginduaren (EHAA, 2002ko abenduaren 27koa) I., II., III., IV. eta V. eranskinetan ageri diren ereduei lotu behar zaizkie.

Halaber, Ebazpen honen eranskinean jasotzen den ereduaren araberako beste zinpeko aitorpen bat aurkeztu behar da. Zinpeko aitorpen hori sinatzen duenak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatutakoak) 50. artikuluaren 5. atalean ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela adieraziko du.

2.– Agiriak Hezkuntzako ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako bulegoetako batean aurkez daitezke.

3.– Diru-laguntzaren eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera 2002ko abenduaren 10eko Aginduaren 6. artikuluan aipatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epean eskabidea osatzeko edo falta diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio; halaber, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela jakinaraziko zaio. Administrazioak eskaerari buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. eta 42.1. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

4. artikulua.– 2008-2009 ikasturteko laguntzak finantzatzeko 1.085.414,00 euro izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

Kopuru hori Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko baimena ematea eta berari dagokion finantzaketa arautzen duen 2002ko abenduaren 10eko Aginduaren (EHAA, 2002ko abenduaren 27koa) 25. artikuluan ezarritakoaren arabera gehitu ahal izango da.

5. artikulua.– Deialdiko laguntzak eskatzeko eta emateko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintza partzialaren bidez irakasteko baimena ematea eta berari dagokion finantzaketa arautzen duen 2002ko abenduaren 10eko Aginduan (EHAA, 2002ko abenduaren 27koa) ezarritakoak dira. Halaber, ezingo dira diru-laguntza hauen onuradun izan Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatutakoak) 50. artikuluaren 5. atalean, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak.

6. artikulua.– Ebazpen honetan ezarritako prozedurak sei hilabete iraungo du gehienez.

7. artikulua.– Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legean aurreikusitakoaren arabera, Deialdi honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzen partaidetzak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren baimenak.

Datuak babesteko gaian indarreko araudiaren mendean geratuko da deialdi honen barruan aurkeztutako eskaeretan jasotako informazioa.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak xedatzen duena betez, interesatuak, dirulaguntza-eskaera betetzearen bidez, eskaera horretan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetara gehitzeko baimena ematen du. Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzan, Donostia kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz, praktikan jarri ahal dira datu horietara iristeko, zuzentzeko, ixteko eta horien kontra jotzeko aipatutako Legeak agertzen dituen eskubideak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honek ez du agortu administrazio-bidea eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari; horretarako hilabeteko epea egongo da ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 4a.

Lanbide Heziketa eta

Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordea,

IÑAKI MUJIKA AIZPURUA.

ERANSKINA

ZINPEKO AITORPENA

Jn./And.:	,

	ikastetxearen titularrak,

ZINPEAN AITORTZEN DU:

Ikastetxea ez dagoela Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluaren 5. atalak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatutakoak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean.

.............................(e)n, 2008ko ..............................aren .....(e)an
Ikastetxearen titularra
(sinadura eta zigilua)

Azterketa dokumentala