Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

150. zk., 2002ko abuztuaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
4499

197/2002 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Europako Erkidegoen laguntzen araubidea Euskal Autonomia Erkidegoan garatu eta aplikatzeko arauak ezarri dituena ardi- eta ahuntz-haragiaren sektorearentzat.

Kontseiluaren 2001eko abenduaren 19ko 2.529/2001 (EE) Araudiaren bidez merkatuaren antolaketa bateratu berria ezarri da ardi- eta ahuntz-haragiaren sektorean, merkatuaren lehengo antolaketa bateratuaren ordez. Araudi hori nola aplikatu behar den, berriz, Batzordearen 2001eko abenduaren 21eko 2.550/2001 (EE) Araudian xedatu da. Batzordearen 2.419/2001 (EE) Araudian, bestalde, Europako Erkidegoen zenbait laguntza-araubide kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema osoa nola aplikatu behar den azaldu da. Dekretu honetako laguntza-araubidea horietariko bat da.

Urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuan arauak ezarri ziren Europako Erkidegoen laguntza-araubide batzuk, "azaleraren araberako laguntzak" eta "azienda-primak" hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu eta aplikatzeko, eta araubide horien aldaketak ere jaso ziren. Dekretu horretan, beraz, laguntza-araubide horiei buruzko Europako arautegi zabala jaso zen, baita ardi- eta ahuntz-haragiaren sektoreari buruzkoa ere (11/2000 Dekretuaren III. kapituluko VII. atala, 35-43 bitarteko artikuluak, bi horiek barne). Bada, arautegi hori guztia baliogabetu eta beste batez ordeztu du 2.529/2001 (EE) Araudiak, goian esan dugun bezala. Bidezkoa da, beraz, arau berriak ematea Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean ardi- eta ahuntz-haragiaren sektorearentzako Europako laguntzak araudi berrian adierazitako moduan garatu eta aplikatzeko. Halaber, bidezkoa da 11/2000 Dekretuaren III. kapituluko VII. atala (35-43 artikuluak, biak barne) baliogabetzea.

Sektore honetan, behi-haragiaren sektorean bezala, "ordainketa gehigarriak" deitutako laguntzak eratu dira. NOBEF-BERMEA funtsetik estatu kideei dirua ematen zaie ordainketa horiek egiteko eta bakoitzak bere nekazaritza-politikaren helburuetarako arautu eta eman ditzake laguntzak, muga jakinen barruan. Estatu espainiarrean laguntza horiek banatzerakoan kontuan hartzen da prima-eskubidea sorrarazten duten abereen kopurua. Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du nekazaritza gaietan, Konstituzioak eta Estatutuak emanda, eta berari dagokio laguntza horiek arautu, eman eta ordaintzea bere lurralde-eremuan. Ordainketa gehigarriak deitzen zaien laguntza horiek emateko arauak ezartzerakoan kontuan hartu da, irizpide eta helburu gisa, sektore honetako profesionaltasunaren eta kalitatearen sustapena.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako Nekazaritza-sailei, lanbide-erakundeei eta sektoreko elkarteei kontsulta egin zaie dekretu hau prestatzeko.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa entzun eta gero, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak proposaturik, Lehendakaritzak onetsirik, eta Gobernu Kontseiluak 2002ko uztailaren 30eko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren.

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen bitartez arauak ezarri dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean ardi- eta ahuntz-haragiaren sektorearentzako Europako laguntzen araubide berria garatu eta aplikatu dadin. Laguntza-araubide hori Kontseiluaren 2001eko abenduaren 19ko 2.529/2001 (EE) Araudian eta Batzordearen 2001eko abenduaren 21eko 2.550/2001 (EE) araudian ezarri da.

2.– Dekretu honek berariaz arautu ez dituen gaietan, urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuko arauak eta horien geroko aldaketak aplikatuko dira, batez ere xedapen orokorrak eta laguntzak kontrolatzeko, emateko eta ordaintzeko arauak.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ustiategian ardiak eduki eta dekretu honetan eta urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuko xedapen orokorretan ezarritako betekizun eta baldintzak betez gero, ekoizleek ardi-hazkuntzagatiko prima (ardi bakoitzeko prima) eskatu eta jaso ahal izango dute.

2.– Ustiategian ahuntzak eduki eta dekretu honetan eta urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuko xedapen orokorretan ezarritako betekizun eta baldintzak betez gero, ekoizleek ahuntz-hazkuntzagatiko prima (ahuntz bakoitzeko prima) eskatu eta jaso ahal izango dute, baldin eta ustiategiko lurren %50, gutxienez, mendialdean badago, alegia, Kontseiluaren maiatzaren 17ko 1.257/1999 (EE) Araudiaren 18. artikuluan mendialdetzat definitutako leku batean.

3.– Dekretu honen ondorioetarako, ardi- edota ahuntz-haragiaren ekoizlea norbanako abeltzaina izan behar da, pertsona fisiko edo juridikoa, eta gutxienez hamar ardiren hazkuntzak dakartzan arriskuak edota antolaketa-lanak bere gain hartu behar ditu era irakunkorrean, eta, ustiategia mendialdean badago, hamar ardi eta/edo ahuntzenak.

4.– Ekoizleen elkartea, berriz, edozein motatako talde edo erakundea izan daiteke, baldin eta elkarrekiko eskubide eta betebeharrak dituzten ekoizleek osatzen badute, behar bezala dokumentaturik badago eta behar bezala egiaztatzen bada elkartekide bakoitzak bere gain hartu dituela abere-hazkuntzaren arriskuak edota antolaketa lanak.

3. artikulua.– Baldintza orokorrak eta betekizunak.

1.– Primaren onuradunak izateko, ardi- eta ahuntz-haragiaren ekoizleek primarako banako eskubideak izan behar dituzte. Eskubide horien goiko mugak gainditu gabe onuratuko dira, atxikipen-aldian ustiategian dituzten ardi edota ahuntzen kopuruaren arabera.

2.– Atxikipen-aldiari buruzko betekizuna dela eta, ekoizleak konpromisoa hartu behar du ustiategian dituen ardi eta ahuntzen kopurua prima eskatzerakoan adierazitakoa bera izango dela, gutxienez, ehun egun igaro arte, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita.

Ekoizleak primaren eskabidea aurkeztu eta gero, agintaritza eskudunak jakinarazten badio primarako eskubideak esleitu zaizkiola baina eskabidean adierazitakoa baino abere kopuru txikiagoa aintzat hartu zaiola, goian aipatutako konpromisoa murriztu egingo da, esleitutako eskubideen araberako abere kopuruari egokitzeko. Ardi- eta ahuntz-haragiaren ekoizleentzako primaren eskabidea abere-talde mistorako aurkezten bada, murrizketa hori abere-taldeko ahuntz eta ardien proportzioaren araberakoa izango da.

Eskabidean adierazitako ardi edota ahuntz kopurua gutxitzen bada edo abereak lekuz aldatzen badira atxikipen-aldian, ekoizleak horren berri eman beharko dio prima eskabidea jaso zuen foru organoari, aldaketa hori gertatu eta hamar egun balioduneko epean, eta aldaketaren arrazoiak azaldu beharko dizkio.

3.– Inoiz umea egin duten ardi edo ahuntz guztiek primarako eskubidea sortuko dute, bai eta atxikipen-aldiaren azken egunerako urte bat betetzen dutenek ere.

4.– Prima hamar abererentzat eskatu behar da, gutxienez.

5.– Primaren eskabidean sartzen diren abere guztiek identifikaturik eta erregistraturik egon behar dute, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 1988ko urriaren 3ko Aginduan eta otsailaren 9ko 205/1996 Errege Dekretuan xedatutako moduan, eta 1988ko urriaren 3ko Aginduaren bidez arautu ziren abere-osasuneko nahitaezko kanpainetatik datozen eskakizunak bete behar dituzte.

4. artikulua.– Primaren zenbatekoak.

1.– Ardien primaren zenbatekoak, ardi bakoitzeko, honakoak izango dira:

a) Ekoizleak ardien esnerik edo esnekirik merkaturatzen ez badu, 21 euro ardi bakoitzeko.

b) Ekoizleak ardien esnea edo esnekiak merkaturatzen baditu, 16,8 euro ardi bakoitzeko.

2.– Ahuntzen primaren zenbatekoa 16,8 euro izango da ahuntz bakoitzeko.

3.– Aurreko idatz-zatietan adierazi diren zenbatekoak euro bat murriztu ahal izango dira, gehienez, dekretu honen 6. artikuluan arautu diren ordainketa gehigarrietarako diru gehiago jarri ahal izateko, Kontseiluaren abenduaren 19ko 2.529/2001 Araudiaren 11.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Murrizketa hori Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduz erabaki behar da.

5. artikulua.– Prima osagarria.

1.– Ardien edo ahuntzen prima jasotzen duten ekoizleek prima osagarria ere jaso ahal izango dute baldin eta ustiategiko nekazaritza-lurren %50, gutxienez, alde behartsuan badago. Alde behartsuaren definizioa 1.257/1999 (EE) Araudian eman zen.

2.– Prima osagarriaren zenbatekoa 7 euro izango da ardi edo ahuntz bakoitzeko.

6. artikulua.– Ordainketa gehigarriak.

1.– Ardien edo ahuntzen prima jasotzen duten ekoizleak ordainketa gehigarriaz onuratu ahal izango dira, hemen ezarritako baldintzak betez gero.

2.– Ardiengatiko ordainketa gehigarriez onuratu ahal izateko, ekoizleek ondoko hauek bete behar dituzte:

a) Nekazariak izatea, jarduera nagusia nekazaritza dutelarik, nekazaritza-ustiategien berrikuntzari buruzko 19/1995 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasuneko nekazaritza-ustiategiak arautu dituen 168/1997 Dekretuan emandako definizioaren arabera.

b) Gutxienez 100 ardi edukitzea, nekazari gazteak izan ezik, hauek gutxienez 50 eduki behar dituzte eta.

c) Artzainen lanbide-elkargoren bateko kideak izatea.

d) Hazi-jartze artifizialaren bidez ernaltzea ardien %30, gutxienez, esnetarako ardiak badira, eta %10, gutxienez, haragitarako ardiak badira, eta aintzatespen ofiziala duen zentro bateko hazia erabiltzea.

Nekazaritzako ekoizpen ekologikoaren izendapena duten artaldeetan ez da beharrezkoa hazi-jartzeari buruzko baldintza betetzea.

3.– Ahuntzengatiko ordainketa gehigarriez onuratu ahal izateko, ekoizleek ondoko hauek bete behar dituzte:

a) Nekazariak izatea, jarduera nagusia nekazaritza dutelarik, nekazaritza-ustiategien berrikuntzari buruzko 19/1995 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasuneko nekazaritza-ustiategiak arautu dituen 168/1997 Dekretuan emandako definizioaren arabera.

b) Gutxienez 50 ahuntz edukitzea, nekazari gazteak izan ezik, hauek gutxienez 25 eduki behar dituzte eta.

4.– Ordainketa gehigarriaren zenbatekoa honela kalkulatuko da abere bakoitzeko: Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako kopuruaren %90a eta dekretu honen 4. artikuluan araututako primak batuko dira, primak euro bat murriztuta, egokia bada, eta horrela lortzen den batura ordainketa osagarrirako eskubidea sortzen duten abereen kopuruaz zatituko da.

5.– Gainerako %10a nekazari gazteen artean banatuko da, aurreko idatz-zatian adierazitako kopuruaren gainetiko plus gisa. Horretarako, %10 hori nekazari gazteei ordainketa osagarrirako eskubidea sortzen dieten abereen kopuruaz zatituko da.

Plusa jaso ahal izateko, nekazari gazteek lanbiderako kualifikazioa edo gaikuntza dutela frogatu behar dute, uztailaren 28ko 166/2000 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera (EAEko nekazaritza-ustiategietarako, baserri-aldeen garapen eta egokitzapenerako eta basogintzarako laguntzei buruzko dekretua), edo bestela, ardiak eta ahuntzak gobernatzeko prestakuntza-ikastaro bereziak egin dituztela frogatu beharko dute.

Dekretu honen ondorioetarako, nekazari gaztetzat joko dira 18 urte beteta izan eta 40 urtetik beherakoak direnak.

7. artikulua.– Eskabideak.

1.– Dekretu honetan araututako laguntzak jaso nahi dituzten ekoizleek eskabidea aurkeztu behar dute, urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuaren 2, 3 eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

2.– Ardien prima eskatuz gero, baldintza orokorrak betetzeaz gainera, ekoizleek adierazi egin behar dute ea ardien esnerik edo esnekirik merkaturatuko duten, prima jasoko duten urtean.

Adierazpen horretan oinarriturik, Nekazaritza Zuzendaritzak, atxikipen-aldiaren lehenengo hogeita hamar egunetan, ardien esnea edo esnekiak merkaturatzen dituzten ekoizleen zerrenda egingo du. Gainera, kontuan hartuko dira egiten diren kontrolen emaitzak eta agintaritza eskudunak dituen beste informazio-iturri guztiak; bereziki, eraldatzaile eta banatzaileek ematen dituzten datuak, ekoizleek saldutako ardi-esne edo esnekiei buruzkoak. Zerrenda hori Nekazaritza Zuzendaritzari eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari helaraziko zaio. Kontuan hartuko da, gainera, "Latxa" eta "Carranzana" ardi-arrazak esnea emateko gai direla eta, beraz, uste izango da arraza horietako ardiak esnea edo esnekiak ekoitzi eta saltzeko erabiltzen direla.

3.– Prima osagarria edo ahuntzen prima eskatzekotan, ustiategiko nekazaritza-lurren %50, gutxienez, baina %100etik behera, horrelako primak jasotzeko eskubidedun aldean badago, ekoizleek honako hauek adierazi behar dituzte eskabidean:

a) Ekoizle batzuek urtero euren ustiategietako nekazaritza-lur erabilgarrien azaleraren adierazpena aurkeztu behar dute, azalerarengatiko laguntza eskatzeko, 2.419/2001 (EE) Araudiaren 6. artikuluarekin eta urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuaren 5. artikuluarekin bat etorriz. Ekoizle horiek adierazpen horiexetan azalduko dute zeintzuk diren gorago aipatutako aldeetan dauden nekazaritzako lurzatiak.

b) Horrelako adierazpenik aurkeztu behar ez duten ekoizleek, berriz, berariaz adierazpen bat aurkeztuko dute urtero, eta, bidezkoa denean, sistema integratuan aurreikusitako sistema erabiliko dute nekazaritzako lurzatiak identifikatzeko.

4.– Ekoizleen elkarteek, alegia, 2. artikuluko 4. idatz-zatian definitutako elkarteek, ekoizle bakoitzari zenbat abere esleitu zaizkion adierazi behar dute. Elkarteko ekoizle guztiek sinatu behar dute eskabidea.

Prima-eskaerarekin batera elkartearen estatutuak edo barne-araudia aurkeztu behar dira, eta agiri horietan nahitaez jaso behar da abereak ekoizleen artean banatzeko gakoa. Gako horrek bat etorri behar du elkartea desegingo balitz haren aktiboak elkarteko ekoizleen artean banatuko liratekeen moduarekin, eta ezin aldatu izango da ondorengo kanpainetan, elkartearen osaeran aldaketa handirik ez badago behintzat. Aldaketa horiek agintaritza eskudunari jakinarazi behar zaizkio aurkezteko orduan.

9. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko baldintzak, dekretu honetan ezarritakoak, betetzen ez badira, ordainketen murrizketak, bazterketak eta zigorrak izango dira, Batzordearen 2001eko abenduaren 11ko 2.419/2001 Araudian ezarritakoarekin bat etorriz. Europako Erkidegoen zenbait laguntza-araubide kudeatu eta kontrolatzeko sistema osoa aplikatzeko xedapenak eman dira araudi horretan.

2.– Bereziki, ondorio hauek aplikatuko dira:

a) Ekoizle bat ardi-esnea eta esnekiak merkaturatzen ari dela jakiten bada, nahiz eta primaren eskabidean horrelakorik ez adierazi, laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo zaio, kalkulu hau eginez: ardi-esnea eta esnekiak merkaturatzen dituzten ekoizleei ordaindu beharreko primaren zenbatekoa ken zenbateko horren eta ardien prima osoaren arteko diferentzia.

b) Prima osagarrien eskabideei dagokienez, ustiategiko lurretatik 2.550/2001 (EE) Araudiaren 5. artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako aldeetan daudenak %50 baino gutxiago direla jakiten bada, ez da prima osagarririk ordainduko eta ardien eta ahuntzen primak murriztu egingo dira, prima osagarriaren %50 kenduz.

c) Ahuntzen prima kobratzeko eskubidedun aldeetan dauden nekazaritza-lurrak ustiategiko lurren %50 baino gutxiago direla jakiten bada, ez da ahuntzen primarik ordainduko.

d) Aurreko a), b) eta c) idatz-zatietan azaldutako arau-hausteak nahita egiten badira, idatz-zati horietan aipatutako laguntzen guztirako zenbatekoa ukatuko da. Horrelakoetan, gainera, ekoizlea ezin izango da laguntzaz berriro onuratu zenbateko horretan. Izan ere, arau-haustea agerian geratu eta hurrengo hiru urteetan, ardi eta ahuntzengatiko laguntza-araubidean nekazariak aurkezten dituen eskabideen ondorioz laguntzak ordaintzen zaizkionean, zenbateko hori kendu egingo zaio.

10. artikulua.– Primen ordainketa.

Ardi eta ahuntzen primak bi alditan ordainduko dira:

a) Eskabidea zein urtetarako aurkezten den, urte hartako urriaren 16tik aurrera ordainduko dira oinarrizko primari eta prima osagarriari dagozkien kopuruak.

b) Eskabidea zein urtetarako aurkezten den, urte hura amaitutakoan, eta beti ere hurrengo urteko martxoaren 31 baino lehen, ordainduko dira ordainketa osagarriei dagozkien kopuruak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2002. urtean zehar, dekretu honen 6. artikuluan adierazitako ordainketa osagarriak lortu nahi dituzten ekoizleek horretarako baldintzak bete ahal izango dituzte eta betetzen dituztela frogatu ahal izango dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabeturik dago urtarrilaren 18ko 11/2000 Dekretuaren III. kapituluko VII. atala (35-43 bitarteko artikuluak, biak barne) bai eta honako dekretu honetan ezarritakoarekin bat ez datozen gainerako xedapenak ere. 11/2000 Dekretuaren bidez arauak ezarri ziren Europako Erkidegoen laguntza-araubide batzuk, "azaleraren araberako laguntzak" eta "azienda-primak" hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu eta aplikatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Nolanahi ere, haren xedapenak 2002. urterako laguntza-eskabideei ere aplikatuko zaizkie, dekretu hau eragin duten Erkidegoaren arauak zuzenean aplikagarriak direlako.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBˆARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala