Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2000eko maiatzaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Osasun Saila
1871

62/2000 DEKRETUA, apirilaren 4koa, kanpo-protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzko ortoprotesi zerbitzuak arautzen dituen Dekretua aldatzen duena.

Urtarrilaren 22ko 9/1997 Dekretuaren bidez, kanpo-protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzko ortoprotesi zerbitzuak arautzen dira. Bertan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horietan sartutako sanitate-produktuak egiteko eta saldu ahal izateko, establezimenduek administrazio-baimenak lortu beharko dituzte, eta dagokien lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dute Osasun Sailarekin. Bestetik, 6.1. artikuluak dioenez, establezimendu horiek beharrezkoa izango dute Ortoprotesi Materialen Katalogo Orokorrean agertzen diren produktuen modelo bana, gutxienez, edukitzea, Katalogoan agertzen den prezio berean edo merkeago (zergak barne).

Ortoprotesi Materialen Katalogo Orokorrean ageri diren produktu batzuk neurrira egin beharrekoak direnez, aipatutako manua hitzez hitz bete ahal izateko, horrelako produktuak lantzeko gai izan beharko lukete salmenta-establezimenduek. 1998ko martxoaren 17ko Aginduari jarraituz Osasun Sailak baimendutako kabinete ortopediko edo ortopediek, ordea, ezin dute seriean egindako produktuak baizik saldu, erabiltzaileari berariaz egokitu behar bazaizkio ere. Sanitate-produktuak neurrira fabrikatzeko, gainera, estatuko lizentzia behar dute.

Aipatu artikuluak orain duen idazketa kontuan izanik, lizentzia hori ez duten ortopediek ezin dute ortoprotesi zerbitzurik eskaini. Eta gauza bera gertatzen zaie, esaterako, kortseak edo oinetako ortopedikoak neurrira bakarrik egiten dituztenei, edo begi-protesiak egiten dituztenei, baita arauzko estatuko lizentzia edukita ere. Baina artikuluaren asmoa ez da hori inolaz ere, baizik eta bermatzea erabiltzaileek Osasun Sailak finantzatzeko moduko baldintza ekonomikoetan eskuratu ahal izango dituztela ortoprotesi zerbitzuak.

Beraz, dekretu honen bidez 6.1. artikuluaren jatorrizko idazketak sortutako ondorio makur hori zuzendu nahi da, baina aldi berean erabiltzailearentzako bermea gordeta. Horretarako, salmenta-establezimenduen kategoria ezberdinak egoteko aukera emango da, Ortoprotesi Materialen Katalogo Orokorrean agertzen direnetatik zein sanitate-produktu saltzeko baimena ematen zaien kontuan hartuz. Hori dela eta, 4. eta 5. artikuluen idazketa ere berrikusi behar da, testuaren koherentzia mantentzearren.

Bide batez, 8. eta 14.5.d artikuluak argituko dira, eta testuak Osasun Sailaren lehengo egitura organikoari egiten dizkion aipamenak ere aldatuko dira, indarrean dagoen otsailaren 2ko 65/1999 Dekretuak ezarritakoari egokitzeko. Horretaz gain, lerroalde bat gehituko zaio xedapen gehigarriari, estatuko arauetan aldaketarik egonez gero, ortoprotesi zerbitzuetan sar daitezkeen sanitate-produktuak preskribitu, saldu edo finantzatzeko baldintza bereziak ezarri ahal izateko.

Nolanahi ere den, 9/1997 Dekretua idaztean ortoprotesi zerbitzuei buruz nagusi izan zen filosofiari eutsi nahi zaio, Euskadiko Antolamendu sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 4.3 artikuluak ezarritakoaren babespean.

Ondorioz, Osasun sailburuaren proposamenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko apirilaren 4an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehen artikulua.– Kanpo-protesiei, gurpil-aulkiei, ortesiei eta protesi bereziei buruzko ortoprotesi zerbitzuak arautzen dituen urtarrilaren 22ko 9/1997 Dekretuaren 4. artikuluko 1., 2. eta 3. paragrafoak honela idatzita geratuko dira:

"1.– Osasun Sailak finantza ditzakeen ortoprotesi zerbitzuetako sanitate-produktuak saldu ahal izateko, bai eta beharrezkoa bada horrelakoak neurrira egiteko, zentro, zerbitzu eta osasun-establezimenduek zeinek bere araudi propioaren araberako administrazio-baimenak lortu beharko dituzte, eta dagokien lankidetza-hitzarmena sinatu beharko dute Osasun Sailarekin. Dekretu honen ondorioetarako, zentro, zerbitzu eta establezimendu horiek "salmenta-establezimendu" izena hartuko dute.

2.– Osasun sailburuak agindu baten bidez onartuko ditu ortoprotesi zerbitzuak saltzeko lankidetza-hitzarmenetako baldintza orokorrak. Salmenta-establezimenduen hainbat kategoria ezarri ahalko dira, eta horiek pertsonal, lokal eta instalazioei dagokienez betekizun ezberdinak izango dituzte, Ortoprotesi Materialen Katalogo Orokorretik zein produktu saldu ahal izango duten kontuan hartuta.

3.– Lankidetza-hitzarmena sinatzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean aurkeztu beharko dira. Eskabidearekin batera, honakoak justifikatu beharko dira egiaztagiri bidez:

a) Establezimenduaren datuak (izena, helbidea, telefonoa, faxa, etab.).

b) Bertako titularraren identifikazio-datuak (izen-deiturak eta NAN edo sozietate-egoitza eta identifikazio fiskalaren zenbakia).

c) Teknikari ortopedikoaren edo ortoprotesikako goi mailako teknikariaren identifikazio-datuak (izen-deiturak, NAN, titulazioaren kopia konpultsatua, enpresarekin duen lan-lotura eta egun osoko dedikazioa duela azaltzen duten egiaztagiriak).

d) Plantilako langileen zerrenda, guztien lanbide-maila, lotura juridikoa eta dedikazio-erregimena azaltzen dituena.

e) Jarduera egingo den lokalen deskripzio laburra, bertako planoa eta dituen baliabide teknikoak.

f) Establezimenduak dituen sanitate-baimenen kopia, bai eta sanitate-produktuei buruzko arauak betez egin dituen komunikazioena ere.

g) Establezimenduak ematen dituen zerbitzuen zerrenda, eta salmenta-establezimenduen zein kategoriatan sartu nahi duen."

Bigarren artikulua.– 9/1997 Dekretuaren 5. artikulua honela idatzita geratuko da:

"5. artikulua.– Erabiltzailearen aukera salmenta-establezimenduen artean.

Erabiltzaileek aukera izango dute salmenta-establezimendua hautatzeko, Osasun Sailarekin hitzarmena sinatu dutenen artean, eta, hala badagokio, preskribitu zaien sanitate-produktua saltzeko kategoria egokia dutenen artean. Horretarako, preskripzioa egin deneko Pazienteak Atenditzeko Zerbitzuak hitzarmena sinatua duten establezimenduen zerrenda —hala badagokio, kategoriak behar bezala bereiztuta— helaraziko dio erabiltzaile horri."

Hirugarren artikulua.– 9/1997 Dekretuaren 6. artikuluaren 1. eta 7. paragrafoak honela idatzita geratuko dira:

"1.– Aurreko bi artikuluetan aipatutako establezimenduek beharrezkoa izango dute Ortoprotesi Materialen Katalogo Orokorretik bere kategoriari dagozkion sanitate-produktuen modelo bana, gutxienez, edukitzea Katalogoan agertzen den prezio berean edo merkeago (zergak barne)."

"7.– Halaber, 11. artikuluaren arabera ortoprotesi zerbitzuaren zuzeneko ordainketa baimentzen den kasuetan izan ezik, preskripzio-agiria itzuliko dio establezimendu saltzaileak erabiltzaileari eta, horrekin batera, saldutako produktuari dagokion jatorrizko faktura emango dio."

Laugarren artikulua.– 9/1997 Dekretuaren 8. artikulua honela idatzita geratuko da:

"8. artikulua.– Sanitate-produktuen bermealdia.

Ortoprotesi Materialen Katalogo Orokorrean sanitate-produktu bakoitzari adierazi zaion bermealdia erabiltzaileak produktua erosten duen egunean jarriko da indarrean. Neurrira, beren-beregi, egindako produktuak eta erabiltzaileari propio egokituta egindakoak, edo horien konponketak, salbuespenak izango dira, hauen bermealdia preskripzioa egin duenaren ongi iritzia lortzen den egunean hasten baita.

Bermealdiak dirauen artean, produktuaren elaborazio- edo egokitze-lanari egotz dakiokeen akats-konponketa oro establezimendu saltzaileak hartu beharko du bere gain."

Bosgarren artikulua.– 9/1997 Dekretuaren 14. artikuluaren 5. paragrafoko d) idatz-zatia honela idatzita geratuko da:

"d) Hitzarmenak noraino betetzen diren egiaztatzeko jarraipena egitea; horretarako, Osasun Sailak gertatzen diren ez-betetzeen berri emango dio, bai eta 4.7. artikuluan ezarritako arrazoiak direla medio baliogabetzen diren hitzarmenen berri ere."

Seigarren artikulua.– 9/1997 Dekretuaren Xedapen Gehigarriari lerroalde hau gehituko zaio:

"1996ko urtarrilaren 18ko Ministro Aginduaren eranskinak eguneratzearen ondorioz ortoprotesi zerbitzuetan sanitate-produktu gehiago sartzen badira, horien preskripzioa, salmenta eta finantzaketa baldintza berezien arabera arautu ahalko dira. Osasun sailburuaren agindu batek ezarriko ditu baldintza berezi horiek."

Zazpigarren artikulua.–

1.– 9/1997 Dekretuaren 3.3 eta 4.4 artikuluetan ageri den "Osasun Aseguramendu eta Kontrataziorako zuzendaria" izenaren ordez "Osasun Finantziazio eta Kontratazioko zuzendaria" ulertu behar da.

2.– 9/1997 Dekretuan "Osakidetzako Barruti Zuzendaritzak" aipatzen direnean, "Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzak" aipatzen direla ulertu behar da.

3.– 9/1997 Dekretuan Osakidetzako osasun zentroetako "Unitate Administratiboak edo Pazienteak Atenditzeko Unitateak" aipatzen direnean, zentro horietako "Pazienteak Atenditzeko Unitateak" aipatzen direla ulertu behar da.

4.– 9/1997 Dekretuaren 10.4, 10.5, 11.4 eta 11.5 artikuluetan ageri den "Osasun Aseguramendu eta Kontrataziorako zuzendaria" izenaren ordez "Osasun Saileko lurralde zuzendaria" ulertu behar da.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko apirilaren 4an.

Jaurlaritzaren lehendakariordea,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.


Azterketa dokumentala