Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2000eko maiatzaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1870

61/2000 DEKRETUA, apirilaren 4koa, Gizarte Ekimeneko Kooperatibak arautzen dituena.

Euskal mugimendu kooperatibistak garapen handia izan du gizartean nahiz enpresetan, horretxegatik nabarmendu da hain justu ere, eta horrek aintzindari eta erreferente bihurtu du Estatuan eta Europan. Hala ere, Euskadiko Kooperatibismoa beste bi aldetatik ere nabarmentzen da egun: batetik, dituen forma eta jarduera sektorialaren eremu desberdinengatik eta, bestetik, kooperatiba-sozietate baten ikuspegitik, herritarren hainbat beharri erantzuten alor batzuetan egin duen ekarpenagatik, hala nola, hezkuntzan, etxebizitzetan, elikaduran, finantzetan eta beste alor batzuetan.

Laguntza ematen duten elkarlaneko euskal kooperatiben artean, laurogeita hamargarren hamarkadan gehienak, agerian gainera, gizarte-osasun, hezkuntza, kultura edo ingurugiroko zerbitzuetan jardun dutenak izateak bermatu baino ez du egiten aurrez esandakoa.

Alor horretan garatu diren kooperatiben inguruan, jokamolde batzuk eta sozietatearen berariazko arau batzuk artikulatu dira, zeintzuen ezaugarririk funtsezkoena irabazte-xederik ez izatea baita. Arau horiek dituzten kooperatibei "Gizarte Ekimeneko Kooperatibak" deitzen zaie. Dela duten garapenagatik —gero eta handiagoa—, dela aipatutako zerbitzuak betetzeko egokiak direla aitortuta dutelako, komeni da arauz arautu daitezen. Izan ere, jarduera eremua zehaztu gabe dago, bai sozietatearen xedea osatzen duten jarduerei dagokienez, bai sozietatearen oinarrizko ezaugarriari dagokionez, zeina irabazte-xederik ez izatea baita funtsean. Arautuz gero, berriz, saihestu egingo genuke zehazgabetasun horrek sor dezakeen segurtasun-falta juridikoa. Hala kontsideratu da kooperatibei buruzko azken legeetan (abenduaren 22ko 9/1998 Legea, Aragoiko Kooperatibei buruzkoa, eta uztailaren 16ko Legea, Estatuarena, Kooperatibei buruzkoa). Horien erregulazioa jarraitzen du, hain zuzen, dekretu honek, alor honetan bat datorrenez gero.

Bestalde, sistema ekonomiko eta sozialetik kanpo geratu diren pertsonak nekazaritzako, industriako, merkataritzako edo zerbitzuetako jardueren bidez gizarteratzeko kooperatibak ere gizarte ekimeneko kooperatibatzat kontsideratu dira.

Ohartarazi beharra dago Gizarte ekimeneko kooperatibak arautzeak ez duela eragozten Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen 127. artikuluaren arabera kooperatiba batzuk "ezinduak gizarteratzeko kooperatibak" gisa tipifikatzen dituen araua.

Edukiari dagokionez, 1. artikuluak, xede jakin bat (artikulu horretan bertan zehazten da) duten kooperatibentzat mugatzen du kalifikazioa, hain zuzen, irabazte-xederik gabekoentzat (2. artikuluan zehazten dira ezaugarriak), edozein motatakoak direla. Azkenik, 3. artikuluak kooperatibentzat aplikatzekoa den araudia zein den zehaztu ondoren, 4. artikuluak berariazko aipamena arautzen du, zeina izenarekin batera aipatu behar den, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak kalifikazio hori eman ondoren.

Ondorioz, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen bosgarren azken xedapena garatuz, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Gorenari entzun ondoren, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2000ko apirilaren 4an aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Kalifikazioa eta xedea.

Gizarte Ekimeneko Kooperatiba gisa sailkatzeko, sozietateek, edozein motatakoak direla, ez dute irabazte xederik izango, eta gainera, xede hauek izan beharko dituzte: zerbitzu asistentzialak ematea, osasun, hezkuntza eta kultura alorreko jarduerak eta izaera soziala duten beste batzuk eginez; edo jarduera ekonomikoren bat burutzea edozein arrazoirengatik gizartean baztertuta dauden pertsonak lan munduan sartzeko; eta, oro har, merkatuak zaintzen ez dituen behar sozialak asetzea.

2. artikulua.– Irabazte-xederik ez izatea.

Aurreko artikuluan jasotako ondorioetarako, irabazte-asmorik gabeko sozietatetzat hartzeko, estatutuetan honako hauek jaso beharko dituzte berariaz:

a) Ekonomia-ekitaldi batean sortzen diren emaitza positiboak ezingo dira banatu bazkideen artean.

b) Sozietateko kapitalari bazkideek egiten dizkioten ekarpenek, derrigorrezkoek nahiz borondatezkoek, ezingo dituzte diruaren legezko korritua baino korritu handiagoak sortu, ekarpenak eguneratu egin badaitezke ere.

c) Zuzendaritza Kontseiluko karguak dohainik bete beharko dira. Hala ere, kontseiluko kideek beren egitekoak burutzerakoan gasturik edukiz gero, diru-konpentsazioak eman dakizkieke.

d) Langile bazkideen edo lan-bazkideen eta inoren konturako langileen ordainketak ezingo dute gainditu sektoreko soldatadun langileen hitzarmen kolektiboak lanbideko jarduera eta kategoriaren arabera jarritako ordainketen ehuneko ehun eta berrogeita hamar.

3. artikulua.– Aplikatzeko araudia.

Zein koperatiba mota diren, kooperatiba mota horri dagozkion arauak aplikatuko zaizkie gizarte ekimeneko kooperatibei.

4. artikulua.– Izena.

Dekretu honen 1. artikuluan adierazitako betekizunak konplitzen dituzten kooperatibei, edozein motatakoak direla, duten izenaz gainera, "Gizarte Ekimeneko Kooperatibak" erantsiko zaie, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak kalifikazio hori eman ondoren.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arauzko garapena.

Ahalmena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dekretu hau garatzeko eta burutzeko behar diren xedapenak hartzeko.

Bigarrena.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2000ko apirilaren 4an.

Jaurlaritzako lehendakariordea,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala