Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila

Ehundik gora agente sektorialek eta adituk hartu dute parte Elikagaien Segurtasuneko Ikerketa Emaitzen Transferentziarako Jardunaldian

Jornada_Transferencia2.jpg

2019.eko martxoak 14

Eusko Jaurlaritzak, Elikak eta EHUk antolatu dute jardunaldia, eta bertan aurkeztu dira 2018an elikagaien arriskuak murrizteko eta prebenitzeko garatu diren oinarrizko 14 ikerketa proiektuen emaitzak.

Helburua da elikagaien segurtasuneko aurrerapen zientifikoak zabaltzea, ikerketetan eta berrikuntzetan sortutako ezagutzak gizarteko gainerakoengana iritsi daitezela laguntzeko.

Elikaduraren balio kateko ehundik gora adituk eta agentek hartu dute parte Elikagaien Segurtasuneko Emaitzen Transferentziarako VI. Jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako eta Osasun sailek ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Fundazioarekinn batera urtero antolatzen duten topaketan, alegia. Aurten, gainera, EHUren laguntza eduki dute ekitaldia antolatzeko. Jardunaldian zehar elikagaien segurtasunaren alorrean 2018an garatu diren hamalau ikerketa proiektuen emaitzak aurkeztu dira, proiektuok elikagaien arriskuak murriztera eta prebenitzera zuzendutako aholkularitza zientifikoa areagotzeko oinarria baitira.

Jardunaldia nekazaritzako elikagaien balio kateko agenteei, zentro teknologikoetako eta unibertsitateetako ikertzaileei eta administrazioetako teknikariei zuzenduta dago, eta Euskadin kontsumitzen diren elikagaien bitartez trasmititu daitezkeen arriskuen gainean 2018an egindako ikerketa proiektuen emaitzak aurkeztu dira bertan.

Era berean, networkingerako gune bat sortu da presente dauden agenteen artean, informazioa partekatzeko, etorkizuneko elkarlan posibleak zehazteko eta, batez ere, zentro teknologikoak eta unibertsitateak elikagaien segurtasunari lotuta beraiek eta elikaduraren kateko hainbat agentek zein erakundeek ere antzeman dituzten premiei erantzuteko egiten ari diren lana ezagutzeko.

Elikagaien Kalitate eta Industrietako zuzendari Peli Manterola eta Gipuzkoako Osasun Publikoko zuzendariorde Elena Albisua arduratu dira jardunaldira etorritakoei ongietorria emateaz. Ekitaldiaren inaugurazioan, Manterolak gogora ekarri du urtero egiten diren transferentziako topaketa hauen helburua dela elikagaien segurtasuneko aurrerapen zientifikoen berri ematea, Eusko Jaurlaritzak gardetasun publikoarekin duen konpromisoarekin bat etorrita, ikerketetan eta berrikuntzetan sortzen diren ezagutzak gizarteko gainontzekoei iristea errazagoa izan dadin. Era berean, Manterolak Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoa (GEPE) aipatu du, zeinak osasunean, segurtasunean, berezitasunean eta iraunkortasunean arreta jarrita 2020rako elikaduraren eta gastronomiaren balio katearen pisua handitzea proposatzen baitu. Zehazki, proposatzen du lau urtean BPGd-ren %10,56 izatetik %12 izatera igarotzea.

2018ko proiektuak

Jardunaldian 2018an elikagaien segurtasunaren gainean garatutako ikerketa proiektuak aurkeztu dira, eta gaiak hauek izan dira besteak beste: bakterio patogenoen antibiotikoekiko erresistentzia, elikadura katean agertzen hasi diren patogenoak –esaterako, campylobacter eta birusa–, elikagaien patogenoen kontrolerako eta zaintzarako metodologia berriak, konposatu antioxidatzaileen ondorioak eta ontzien migrazioa. Oro har, Eusko Jaurlaritzak miloi bat euro erabili ditu 14 proiektu finantzatzeko, eta 2019an 1.200.000 euro erabiliko ditu 17 proiektutarako.

2018an garatutako hamalau proiektuak oinarritzat hartuko dira nekazaritzako elikagaien euskal katean sartu daitezkeen arriskuak murriztera eta prebenitzera zuzendutako aholkularitza zientifikoa areagotzeko, eta lehentasuna emango zaio Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak seguruak, osasungarriak eta iraunkorrak izatea bermatzeari.