Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2016/06/06

Eusko Jaurlaritzak eta Casio fabrikatzaile japoniarrak euskarazko lehenengo kalkulagailua aurkeztu dute

  • ClassWiz Iberiar penintsularako lehenengo kalkulagailu zientifiko pertsonalizatua da eta lau hizkuntzatan lan egiteko aukera eskaintzen du: gaztelaniaz, katalanez, euskaraz eta portugesez. Lehenengo ClassWiz modeloak 2015eko udaberrian iritsi ziren Espainiako eta Portugalgo merkatuetara; 2016ko maiatzaz gero, badute euskararen aukera ere. ClassWiz seriea hemengo irakasleen laguntzarekin garatu da. Ekimen honekin, Japoniako fabrikatzaileak hizkuntza-normalkuntzaren alde egin du, eta Iberiar penintsulan hitz egiten diren hizkuntza desberdinekiko duen sentikortasuna erakutsi du.
  • ClassWiz seriearekin ikasleen ohitura digitaletara egokitu da CASIO. Fabrikatzaile japoniarraren kalkulagailu-serie berriak bereizmen handiko pantaila eta testu laburtuaren ordez ikono modernoak dituen menuak dauzka. Beste berritasun bat QR2 kodeak sortzeko aukera da; hala, funtzio matematikoak transferitzeko eta grafikoak gailu mugikorretan –smartphonetan edo tabletetan– ikusteko posibilitatea ematen du. ClassWiz serieko kalkulagailuak ez dira ez programagarriak, ez grafikoak; hortaz, azterketa ofizialen araudia betetzen dute.
  • Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak adierazi duenez, “IKTak ez dira arrotzak euskararentzat, ezta euskara IKTentzat ere. Euskara bizi den eremuetako bat da IKTena. Euskararen habitataren osagaia dira IKTak. Interneten erabiltzen diren munduko hizkuntzen % 5en artean dago euskara. Twitterreko 33 hizkuntzetako bat da. Wikipediako 292 hizkuntzetako bat da, eta 245.841 artikulu daude euskaraz Wikipedian: Europako Batasuneko hainbat hizkuntza ofizialetan baino artikulu gehiago. Izan ere, 31.a da euskara, Wikipediako hizkuntzen artean. Eta orain, baita CASIOren ClasWiz kalkulagailuak ere badaki euskaraz. Lehen euskarazko kalkulagailu zientifikoa da, eta euskaraz dakar, baita ere, jarraibideen eskuliburua”.
  • Baztarrikak nabarmendu du: “IKTak ez dira, honez gero, “teknologia interesgarriak”; “ezinbesteko teknologiak dira”, besterik gabe. IKTak ez dira etorkizuna, oraina baizik. IKTetan bizi gara gaur egun, eta batez ere gazteak. Teknologia horietan bizi garelako, hain zuzen ere, teknologia horiek “bai edo bai” jakin behar dute euskaraz. Bestela, bigarren mailara eta menpekotasunera kondenatuko genuke gure hizkuntza. Eskuko telefonoek, ordenagailuek, hainbat tramankulu eta tresna teknologikok… badakite euskaraz. Eta gaurtik arrera, CASIOren kalkulagailu zientifikoak ere euskaraz hitz egiten du”.
  • Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Begoña Garamendik, adierazi du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak CASIO enpresarekin lankidetzan jardun duela gizarteari eskaini ahal izateko abantaila garrantzitsuak dituen kalkulagailua. Bi azpimarratu ditu: lehenik eta behin, euskaraz dago, eta hori hezkuntzaren alorrean euskararen erabilera normalizatzeko ahaleginetan aurrerapausoa da. Bigarrenez, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, tresna hau lerrokatuta dago Heziberri 2020 Planarekin eta 236/2015 Dekretuarekin, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena.
  • Garamendik gehitu du Sailaren lehentasunen artean daudela, alde batetik, zuzentasunetik abiatuta bikaintasunerantz doan hezkuntza sistema bat lortzea, eta bestetik, ikasleari laguntzea bere irteera profilean zehaztutako oinarrizko konpetentziak lor ditzan. Kontuan hartuta konpetentzia digitala eta mediatikoa, baita konpetentzia matematikoa, zientifikoa eta teknologikoa ere, ikasleen irteera profilaren oinarrizko konpetentziak direla, Garamendik garrantzitsutzat jotzen du ikasleen eta irakasleen esku jartzea elkarreragiteko aukera ematen duten tresnak eta arbel digitalarekin edota beste gailu elektronikoekin emuladoreen bidez lan egiteko aukera ematen dutenak, horiek guztiek ahalbidetuko baitute Sailak jarritako helburuak lortzea.
  • Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak azaldu du Berritzeguneetako aholkulariekin eta Matematikako irakasleekin izandako harremanei esker, jakin duela EMIE 20+11 Elkarteak (Euskadiko Matematikako Irakasleen Elkartea) kalkulagailu hau gomendatu egiten diela irakasleei eta ikasleei eta, horrez gain, bere erabilera sustatu nahi duela.

Donostia, 2016ko ekainaren 6a.- Eusko Jaurlaritzak eta Casio empresa japoniarrak gaur, Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Andia 13 kalean, euskarazko lehenengo CASIO kalkulagailua aurkeztu dute. Ekitaldian, parte hartu dutenak: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aldetik, Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Begoña Garamendi, Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria; Casio enpresaren aldetik: Koichi Danjo eta François Vilaprinyo, Casioko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkariak, eta empresa horretako Hezkuntza-kooerdinatzailea Daniel Vila.

Casio empresa multinazional japoniarrak ekimen berritzaileen garapenean emandako urrats garrantzitsu bat da hau, kasu honetan, Euskadin, teknologien bidez eleaniztasuna sustatzen jarraitzeko xedea duena, gaur egun, bizitza akademikoan zehar, rakasleentzat nahiz ikasleentzat ezinbestekoa den tresna baten bidez. Hemendik aurrera aukera izango da ClassWiz kalkulagailua euskaraz ere erabiltzeko. Irakaslekin batera garatu den kalkulagailua Espainiako eta Portugaleko gobernuek ezarritako eskola-curriculumetara egokituta dago eta bereizmen handiko pantaila du hizkuntza aukeratu ahal izateko.

ClassWiz familiak hainbat modelo ditu, eta egungo kalkulagailu zientifikoen bilakaera zuzenaren emaitza da. FX-82ESPlus delakoari dagokionez, orain ClassWiz 82SPX IBERIA bihurtu da. ClassWiz serieko kalkulagailuekin ikasleek kalkulu-orri baten oinarrizko funtzioekin praktikatu ahalko dute ikasgelan, ordenagailu baten beharrik gabe. Horien artean dira, besteak beste: batuketak egitea, biderketak, batezbesteko balioak eta maximoa eta minimoa zehaztea, baita Riemannen integralaren batuketak eta errepikapenak eta abar kalkulatzea ere. ClassWiz serieko gailuek grafikoak ikusteko aukera ere ematen dute, Interneterako sarbidea duen smartphone edo tableta baten bidez. Nola funtzionatzen du? Dagokion botoia sakatuta, ClassWiz-ek QR kode bat sortzen du smartphonearekin edo tabletarekin irakurtzeko. Edukia automatikoki bidaliko da CASIOren webgune batera eta grafikoak, taulak eta diagramak ikusteko aukera izango da.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikareko sailburuorde Patxi Baztarrikaren aburuz, “IKTak ez dira arrotzak euskararentzat, ezta euskara IKTentzat ere. Euskara bizi den eremuetako bat da IKTena. Euskararen habitataren osagaia dira IKTak. Interneten erabiltzen diren munduko hizkuntzen % 5en artean dago euskara. Twitterreko 33 hizkuntzetako bat da. Wikipediako 292 hizkuntzetako bat da, eta 245.841 artikulu daude euskaraz Wikipedian: Europako Batasuneko hainbat hizkuntza ofizialetan baino artikulu gehiago. Izan ere, 31.a da euskara, Wikipediako hizkuntzen artean. Eta orain, baita CASIOren ClasWiz kalkulagailuak ere badaki euskaraz. Lehen euskarazko kalkulagailu zientifikoa da, eta euskaraz dakar, baita ere, jarraibideen eskuliburua”.

Baztarrikak gaineratu duenez, “IKTak ez dira, honez gero, “teknologia interesgarriak”; “ezinbesteko teknologiak dira”, besterik gabe. IKTak ez dira etorkizuna, oraina baizik. IKTetan bizi gara gaur egun, eta batez ere gazteak. Teknologia horietan bizi garelako, hain zuzen ere, teknologia horiek “bai edo bai” jakin behar dute euskaraz. Bestela, bigarren mailara eta menpekotasunera kondenatuko genuke gure hizkuntza. Eskuko telefonoek, ordenagailuek, hainbat tramankulu eta tresna teknologikok… badakite euskaraz. Eta gaurtik arrera, CASIOren kalkulagailu zientifikoak ere euskaraz hitz egiten du”.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Begoña Garamendik, bere aldetik azpimarratu du bere Zuzendaritzak interes berezia duela ezagutu daitezen ikasleek eta irakasleek eskura dituzten tresnak eta baliabideak, hasieran aipatu dituen oinarrizko konpetentziak eskuratzen laguntzen baitie ikasleei. Honako esparruetan ari dira lanean:

  • Prest_Gara planean, irakasleen etengabeko prestakuntzarako dena, kalkulagailuaren bidez arazoak konpontzeko ikastaroak antolatu dira. Eskaeraren arabera, ikastaro gehiago antola daitezke irakasleek ezagutu ditzaten kalkulagailuaren onurak eta jakin dezaten nola atera diezaioketen tresna honi etekina ikasgelan.
  • Tresna honen ezaugarriak kontuan hartuta (euskaraz dagoen bakarra da eta prestazio interesgarriak ditu beste gailu batzuekin konektatzeko), bere zabalkundea egin daiteke Berritzegune Nagusiko eta eskualdeetako berritzeguneetako aholkularien bidez, Zientzietako, Matematikako, Teknologiako, Ekonomiako edo Estatistikako irakasleentzako egiten diren mintegietan.
  • Zenbait ikastetxek, ikasturtearen hasieran, kalkulagailu modelo jakin bat gomendatu ohi diete ikasleei eta familiei eskolarako material gisa. Kasu horietan, egokia litzateke ikastetxeek euskaraz merkaturatu den kalkulagailu hau gomendatzea.

Casioko ordezkariek adierazi dute, alderdi teknikoari erreparatuta, ClassWiz seriea aurreko eskolako kalkulagailuen gainetik dagoela. FX-ESPlus seriearekin alderatuta, prozesadorea lau aldiz azkarragoa da, eta barne-memoriak edukiera bikoitza du. Kalkulatzeko gaitasun handiari esker, ClassWiz modeloek matematiken munduan are gehiago sakontzeko aukera eskaintzen dute, 4 ezezaguneko ekuazio-sistemak askatzeko edo estatistika-datu gehiagorekin lan egiteko gaitasuna baitute.

Nabarmendu duten aldeetako bat da ESPlus seriearekin gertatu bezala, irakasleek software-emuladorea eskura izan ahalko dutela beren lanean laguntzeko; hala, kalkulagailu birtuala PCan edo arbel digital interaktiboetan ikusi ahalko dute eta bertan eragiketak egin. Era berean, erabilgarria izango da dokumentuak eta bestelako hezkuntza-materialak sortzeko.

Ekimen hau osatzeko, Casiok webgunea ere euskaratu du: http://wes.casio.com

CASIORI BURUZ

Casiok, multinazional japoniarrak, 59 urte bete berri ditu merkatuan. Enpresa beti nabarmendu da bere sormenagatik eta gizarteari laguntzeko gogoagatik; horixe da bere filosofia korporatiboaren muina. Horren erakusgarri da eskaintzen duen produktu-sorta original eta erabilgarria, funtzio berritzailea duena, pertsonei eguneroko bizimoduan laguntza eta asebetetzea dakarkiena. Hala, gizarteak aurrera egin dezan eragiten du.

Horrez gain, Casiok ingurumenaren defentsarekiko duen konpromisoa nabarmendu behar da, ingurumena errespetatzen duten produktuak diseinatzen eta garatzen baititu, besteak beste, ekoproiektagailuak, merkurio-lurrunezko lanpararik gabeak eta bizitza baliagarri luzea dutenak.