Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gizon izandako mutila. Laburpena

“Pertsona, jauna, konturatu gabe zitaltzen da. Neska polit batek burua galarazten dizu, harengatik borroka egin, ezbehar bat gertatzen da, orduan mendira jo behar, eta kontrabandista zena bidelapur bihurtzen da batere pentsatu baino lehen” gaztigatzen digu liburuaren sarrerako Prosper Merimée-ren aipuak. Eta horixe da, izan, Tximino deitzen duten elbarri irakurri zaleak kontatzen digun istorioaren muina: Antonio Maria, ezkondu ostean emazteak utzi eta gizon izatetik ostera mutil izatera itzuli zen gizonaren halabeharrezko zitaltze, krudelkeria eta lapurreten berri. Kartzela ezagutuko du eta baso eta haitzuloetan bere lapur partidaren baitan pairatutako traizioetatik zaindu beharko du. Dilijentziaz dilijentzia eta zaldiz zaldi, Sevillan hasi eta Baionan amaitu, Karlistada garaiko giro iluna da kronika honetako pertsonaien ibili herrenen lekuko.
Antonio Maria ihesi dabil denbora guztian, eta ez beti bere bizitzari prezioa jarri dioten etsai eta mertzenarioengandik bakarrik, baita, eta hau da ziur aski ihes motarik lazgarriena, bere buruarengandik ere.

Gizon izandako mutila. Zatiak

Bada ni hainbesteraino hunkitu eta orain kontatzera noan historia ere, bakan horietarikoa da eta kaskezur bati estuki lotua dago, zeren, Frantziako Pirinioan, izena oroitu bai, baina aukeran isiltzea nahiago dudan hiri batean, museo bateko erakusleiho batean, historia honen protagonistari dagokion kaskezurra ageri baita, gorputzetik bereizia eta izenik ere merezi ez duela. Haren ezkerraldean beste kaskezur bat ere bada, Afrikako auskalo zein tokitatik ekarritako txinpantze batena; eskuinaldean, ostera, Ozeano Barean arrantzatutako marrazo baten masailezurra dago ikusgai.

Beti esan ohi dut Antonio Mariak bi esku zituela, berunezkoa bata, belusezkoa bestea. Lehena, gehienetan ekintzetan eta gurekin erabili ohi zuen; bigarrenaz, ostera, oso aldi bakanetan baliatzen zen, hura bezalako ezusteko egoeretan. Eta Zabaletareneko hartan, belusezko eskuaz ez ezik, belusezko ahotsaz ere zuzendu zitzaion atean zegoen emaztekiari:
–Hara, Antonio Maria naiz, bestera Gizon izandako mutila esaten dioten hori. Lapurreta egitera etorri gara, baina, otoi, ez izutu eta ez garrasirik egin. Morroia dagoeneko atxilotua dugu, eta geldirik egoten bazarete hitz ematen dizut ez zaizuela ezer gertatuko.

Antzina, lapurretak egiteko, tartaroak zaldien ordez, behorrez baliatzen ziren, baina ez nolanahiko behorrez gero; moxalak zeuzkatenak besterik ez baitzituzten zamalkatzen. Lapurretak gauez burutzen zituzten, eta beren ezkutalekura itzultzeko, behorretan ezartzen zuten beren konfidantza osoa, izan ere, lapurrak ziur baitzeuden behorrek moxalen usaina izango zutela gidari, ama sena iparrorratz, eta iluntasuna gorabehera, haien moxalenganako amodioak bide zuzenetik eramango zituela.

Altzania mendikatean hiru ezkutaleku genituen han-hemenka barreiatuak, soil-soilik guk eta mendiko basapiztiaren batek ezagutzen zituenak. Eta Abelene horietako bat zen. Berez Kaingain deritzan tokian dago, baina guk Kainen ordez Abel izena hartu eta halaxe esaten genion. Gainera, gutarra ez zen edonork, Abelene entzun eta Abilene herria aipatu genuela pentsatuko zuen, Ziudadetik hamar lekoa bidean dagoena, eta uste horrekin, seguruenik baita bilaketa kontrako norabidean jarri ere.

–Beltzarana duk, ilea mahats sorten antzekoa dik, sarria eta ikatzaren kolorekoa, eta begiak ere infernuko oliba beltzenen parekoak ditik. Ttikia duk, baina neurrikoa gero, ez geure Tximinoa bezalakoa, moztaka eta tarrapota, ez horixe! Airosa duk, eta bularrak Lauhaizetako muinoen modukoak ditik, eta haren bihurguneetan, ai!, Aierdiko Lepokoetan bezalaxe galtzen haiz, eta halako lurrin gozoa zeriok, lanaideak bezala bildu eta txorabiatu egiten hauena…

Bestela ere patuak aski zorigaitzekoa ninduen, izan ere kasik hankagabetua munduratu baininduten, bi bururekin edo bost hankarekin jaiotzen diren animalia deformatu horien gisan. Eta kondena hura bizi osorako ezarria izan zitzaidan, auskalo zein adur makurrek eraginda, eta haur denboraz gero, lau hankatan ibiltzera bortxatua izan naiz, ene besoen makulu eta ene bi hankaondoez baliatzera. Hain hanka laburrak izanik, esku baten tamainakoak doi-doia, ibilera guztiz nabarmen eta herrenbela nuen, tximinoaren parekoa, eta hortixe zetorkidan azkenerako mingarria ere egiten ez zitzaidan goitizena. Baina ez nuen hori ez goitizen, ez kondena bakarra.

Aurrena El Sapo eta Tío Trabucoren partidekin ibili zen, Somosierra eta Cerezo de Abajo aldean, eta hurrena Sierra Morena inguruan. Eta bere hastapen hartaz, batek daki, gauza asko esaten dira; noizbait ere entzun nuen, lehen ekintzan bertan, Antonio Mariak gidari bat tiroz hil eta labanaz bihotza atera ostean, hura ote-suan erre eta mazka-mazka jan zuela.
–Bihozkabea naizenik, behintzat, ez dute esango –adierazi omen zuen mokadua amaitutakoan.

Zein tokitan zen ahantzi, baina oraindik oroitzen dudan usadio bitxi baten arabera, bi gizon elkartu eta jakiten dutelarik batek alaba eta besteak semea hilak dituztela, eta hildakoak gutxi gorabehera adinkideak zirela, egoki irizten badiote, bizi izatera neska-mutilak ezkonduko ziren garaian, haien ezteiak ospatzen dituzte. Haiek dagoeneko ezkondu direla idatzirik jaso, eta hilazti edo nekromantiko batek agiria sutan erretzen du, eta su horretatik altxatutako keak, zerura igo eta ezkontzaren berri ematen bide die bi gazteei, hortik aurrera senar eta emazte direla adieraziz.

Diotenez, Erroman, Villa Borghese delako batean, marmol gorriko aulki bat dago, esertokian halako irekidura bat duena; noizbait, oharkabean emakumezko bat aita saindu izendatu zutenez geroztik, stella stercoraria hura asmatu zuten hautatu berriaren sexuari antzemateko; aita saindu berria bertan eserarazi eta bizpahiru artzapezpikuk ziurtatu egingo zuten, zulopetik begiratuz, haren gizontasuna. Baina guk halakorik ez gutarren artean nor onartu behar genuen eta nor ez jakiteko.

Segidan, lurrekoek itzelezko eztei ospakizuna burutzen dute, eta jan-edanak han eta hemen barreiatzen dituzte, senar-emazte berriengana ere iritsiko direlakoan. Bien bitartean, gurdi apaindu batean neska eta mutilaren irudi bana jarri, eta aurrera eta atzera ematen dute; bertan, altzari, soineko eta tresna askoren imajinak ere ezartzen dituzte, lasto edo paperezkoak, eta behin horiek denak erretakoan, ezkonberriak beste munduan horien guztien jabe egingo direlakoan daude. Eta dena burutu delarik, hildakoen gurasoak ere ordutik aurrera ahaide bilakatzen dira.

Aste batzuk lehenago Antonio Mariak, Zabaleta dorretxean jasotako jipoiaren ostean, luze gabe beste ekintza bat prestatuko zuen dorretxearen kontra. Haren buru keinu bortitzera, denok “Gariak, mahastiak, erre, erre; lapurrak, sorginak, gorde, gorde!” oihuka oldartuko ginen.