Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

1997. urteko literatura sariak

portada libro

Idazlana: Xola eta basurdeak
Idazlea: Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga

Bernardo Atxaga, Joseba Irazuren (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta hainbat lanbidetan aritu izan zen (euskarako irakasle, irratiko gidoigile, liburu saltzaile, ekonomista, eta abar), harik eta, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean heldu zion arte.
1972an argitaratu zituen bere lehenengo poema eta antzerki esperimentalak euskaraz, eta 1976an ikusi zuen argia bere estreinako eleberriak: Ziutateaz izenekoak, hain zuzen.
Haren ostetik etorri ziren, besteak beste, Etiopia (1978) poema liburua, Bi anai nobela laburra, eta haur eta gazte literaturan mugarri izan diren hainbat lan (Sugeak txoriari begiratzen dionean edo Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, bi baino ez aipatzearren).
Literaturarekin konprometitutako idazlearen paradigma da Atxaga: idazlearen lana ez dela liburuan bertan agortzen jakinik, jendaurreko irakurraldiek (Henry Bengoa inventarium, Lezio berri bat ostrukari buruz) eta bere poema eta kantuak hainbat kantari eta talde arrakastatsuk abestu izanak (Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Itoiz, Jabier Muguruza...) kritikaren onespenaz gain, gero eta irakurle gehiagoren babesa eman diote.
Nekez uler daiteke euskal literatura garaikidea Atxaga gabe. Mundu fantastikotik euskal landatik adina duen Obaba lurraldearen asmazioak eman dio, bereziki, sona. 1988an Obabakoak argitaratu zuenetik (Montxo Armendarizek zinemara eraman ditu liburu honetako hainbat narrazio Obaba izenburupean), mirespena sortu eta arreta piztu du bere lan bakoitzarekin (Behi euskaldun baten memoriak, Gizona bere bakardadean, Zeru horiek, Groenlandiako lezioa, Soinujolearen semea), etxean nahiz atzerrian. Euskadi Sariaz gain, Espainiako Sari Nazionala, Kritikaren Saria eta Prix Millepages ere jasoak ditu.
Bere lana hogei hizkuntza baino gehiagora itzuli izanak euskal idazlerik ezagunena bihurtu du.