Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anton Garikano

Tolosan jaio zen 1967. urtean. Hizkuntzalaria da ikasketaz. Euskal filologia ikasten hasi zen Donostian baina bi urte egin ondoren, ikasketetako programan aztertu behar zituzten euskal klasiko gehienak irakurriak zituela jabetuta, kurtso zubia egin eta ingeles filologiaren hautua egitea erabaki zuen. Deustun ingeles filologia ikasten ari zen bitartean ekin zion alemanera ikasteari, eta urte beretsuetan hasi zen Deustuko Hizkuntza Eskola Ofizialean, ofizialki matrikulatu gabe, errusiera ikasten.

Ingeles irakasle da gaur egun lanbidez.

Berak aitortzen du autodidakta dela itzulpengintzan. Horregatik akaso itzuli izan ditu garai, genero, hizkuntza edo joera oso desberdinetako lanak.

Orain arte argitaratuta dauzkan itzulpenak ondorengo hauek dira: Erns Theodor Amadeus Hoffman-en "Ipuin fantastikoak" (Ibaizabal, 1992), Fiodor Dostoievskiren "Jokalaria" (Ibaizabal, 1993), Virginia Woolfen "Farorantz" (Ibaizabal 1993), Franz Kafkaren "Prozesua" (Elkar, 1993), Johann Gottfried Herderen "Hizkuntzaren jatorriari buruzko tratatua" (Klasikoak SA, 1995), Adelbert von Chamissoren Peter Schlemihle-en "istorio miresgarria" (Ibaizabal, 1995) eta Katherine Mansfielden "Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk" (Ibaizabal, 1998) eta Alfred Döblinen "Berlin Alexanderplatz" (Ibaizabal, 2000).

Leo Perutzen "Bederatzietatik bederatzietara" itzultzeagatik Euskadi saria jaso duen honetan Toni Morrisonen "Beloved" lana itzultzen ari da Literatura Unibertsaleko bildumarako.