Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pausoa noiz luzatu . Laburpena

Jaca, 1930eko abendua, Galán kapitaina eta haren soldaduak Errepublikaren alde matxinatzen dira. Kapitainak larrutik ordainduko du pausoa garaiz aurretik luzatu izana.

Zarautz, 1960. Lanbide Eskolako sortzaile eta zuzendari den fraidea Madrila eramango duen autoaren zain dago. Francok Eskolari eman dion saria jasotzera doa, Diktadorearentzako opari susmagarri bat eskutan duela. Inguruko batzuek luzeegi irizten diote egitera doan pausoari; beste batzuek, berriz, laburregi.

Nobela hau ez da bi une historiko horien kronika soila. Baina bada hori ere. Nobelan aurrera, Zarauzko fraidea Galán kapitainaren matxinoetako bat izan zela ikasten dugu. Era berean, ez da Frai Kandidoren biografia, haren erretratu polifonikoa osatzen bada ere.

Jacako matxinoak Errepublikaren alde odola emateko prest dauden heroi tragikoak dira. Frai Kandidok, ostera, ez du heroi izan nahi. Badu bere utopia, baina utopia horren alde bizi egin nahi du, eta bizi ahal izateko lagungarri zaion edozeri eta edonori hetzen dio, ingurukoen esamesak gorabehera.

Nobela honetan, gailurreraino darama Andoni Egañak guztiz berezkoa duen distantziarako eta zehar-esanerako maisutasuna

Pausoa noiz luzatu. Zatiak

Bi urte eta erdi izan zituen pausoa noiz luze noiz labur jo ikasteko ere. Azkenerako bertakotu egin zen. Aldapan gora, sarria eta motza; aldapan behera, bakana eta luzea; zelaian, tamainan. Noiz komeni zena.
Oso kolpekoa gertatu zitzaion Zaragozako Militarren Akademian sartzearekin pausoa berdindu behar hura. Han ez zen gora-beherarik, luze-labur edo sarri-bakanik.

Mosketoiak, eskuineko besoan beti, gorputzari simetria eragozten dio, eta simetria haustearekin, askatasuna murrizten. Pausoa berdinarazten du, eta pausoa berdintzearekin, pertsonak.

Mapaminduta zegoen guztiz. (...) Emea omen zen mapak miatzeko irrika hura; emea txikikerietarako grina; emea omen zen gauza bakoitza non zegoen eta zer izen zuen papurtuta gorde nahia; emea munduari ikara izan eta munduaren errepresentazioari begiratzea. Emea erabat.

Kapitaina, erantzi arropa batzuk eta jantzi besteak, gezurra biribiltzen saiatu zen. Kuartelean hainbeste denboran erdi lizundutako gizonezkoak amari bisita egitea ez zuen aski. Bazituen premia larriak amarik amarenak ere ase ezin zitzakeenak. Ulertzen zion txoferrak. Oso gaizki ematen zuen horrelako etxe batera sartu eta uniformedunak ikusteak. Ez bera zalea zelako, baina bezeroren baten bila halakoren batean sartu behar izan zuenean, min eman omen zion begietan hainbeste izarren distirak. “Esku onetan dago aberria!”, pentsatu omen zuen. Beste gauza bat zen disimuloan joanez gero.

–Askatasun osoa irudikatzekotan, bi bularrak agertzea egokiagoa litzateke... –bota zuen azkenean.
Bakarra. Bat omen zen neurri zuzena. Bat ere ez, gutxi, eta bi, gehiegi.
–Eta emakumezkoa izan behar al du derrigorrean?
Emakumezkoa izan behar zuen. Frantziako Iraultzan ere askatasunaren irudia andrazkoa zen, Marianne marseillarra.
–Sobietarrean ez...
Berei ez zitzaien, baina, Iraultza sobietarrarekin aldera zitzaten komeni.

Platonek eta Aristotelesek ez al zuten gorputz-lana gaitzesten, jakinduria pilatzeko zereginean astia kentzen zuelako? Ez al zuten esaten makurka aritzea ziminoen ezaugarri zela, eta gizasemeen dohain, zutundu eta tente ibiltzea? Hori bai: tentean oso gizon zen Frai Kandido. Berea bakarrik hartzen zuen hark lantzat.

–Urmaeleko urak ez dio errotari eragiten –eman zion azken epaia bere etorriari, hitzen jasotasunez nire gainetik geratu nahian.
–Baina errekakoak beti goitik behera egiten du –heldu nion hari-muturrari.
–Otzan-otzan Francorengana joateak ez digula onik ekarriko. Ez frantziskotarroi, ez herriari... Inori ez! (...)
–Ez naiz bere aurrean makur-makur egingo –segitu zuen irribarrez nire hitzei entzungor. (...)
–Joatea da makurtzea –etsi zitzaidan ahotsa eztarri-zulora.
–Lehen ere izan nuen nik Franco aurrez aurre. Eta ez zorionak emateko hain zuzen!

Altabozak bai, altabozak, segitu zuen berean. Oker ez bazebilen 1957an iritsi zen lehenengoa, Olitera. Eta azken hiru urtean eliza gehienetan jarri zuten bana. Ermitak eta baselizak ziren artean gabe zeudenak. Eztarri onekoak ginelako ibili omen ginen gu hainbeste eta hainbeste urtean. (...) Gure trumoi-ahotsen ondorengo isiluneak barru-barruraino sartzen omen zitzaizkion herriari. Gure isiluneen ondoko trumoi-ahotsak ere bai. Altabozen iritsierak herriari hitz egiteko beste era bat galdegiten omen zuen, eta ez omen ginen behar bezala jabetu.

Denbora zuen giltzarri mendekuak, eta neurria. Kainek ere Abel hil zuen, baina ez mendekuz, beroaldian baizik. Jainkoak gutxietsi zuela iruditu zitzaionen, haserrearen haserrez txabolatik irten, eta han bertan egin zituen anaiarekikoak. Denbora tarterik gabe. Denborari joaten utzi eta grina txarrak uxatzen ez jakitea zen mendekua.

“Eta monarkia ez da kaltegarri bidezkoa ez delako bakarrik. Monarkiak iraganaren leizean gauzka. Monarkiaren erruz ari gara atzera geratzen. Ez gara gu berri-zale itsuak; baina etorkizunaz kezkatzea da gizakion dohaina. Piztiak lehengoari eta oraingoari begiratzen daki. Pertsonak, gu bezalako pertsona askeak, geroa du ekintzen abiapuntu. Biharkoak, etzikoak, etzidamukoak... kezkatzen gaitu. Trena ordea behin bakarrik pasatuko da. Gure esku dago hara igo ala geltokian betiko geratu, agur geza eginez”.

“Zor didak hainbeste”, bota zidan Frai Kandidok iluntze batez aroztegira sartu eta berak ere ajedrez-taula eta irudiak nahi zituela aitortu zidanean. (...)
Handiak nahi zituen irudiak, hogeita bost bat zentimetrokoak. Eta irudi bakoitzari aurpegi bat. (...) Eta tupi zerraustuaren gainera atera zidan egunkari puntta bat, txikia, denborak horitua. Bonbillarik gertukoena ere nahikoa urrun geratzen zitzaidan argi-pizar harekin egunkariko argazkian agertzen zen gizonezko hura nor zen antzemateko. Aspaldikoa behar zuen argazkiak. Sasoikoa zen gizon gaztea. Militar arropaz zegoen jantzia. (...)
–Nor da gizonezko hau? –galdetu nion, inongo susmorik egin gabe.
–Berdin duk nor den –erantzun zidan fidakaitz–. Aterako al hioke errege zuriari honen terrajerik?

Izugarri harritu ninduen Frai Kandidoren jokaerak. Frankistatzat genuen guk ordu arte. Adiskide min zen herriko alkatearekin. Adiskide min, hotsek ziotenez, Falangeko zenbait bururekin. Eta Gobernadore Zibilarekin ere konpontxo errazegi egiten ote zuen zabaldua zegoen.
–Ez dakit ba, hain ongi ezagutzen zaitudan –esan nion, zuhur...

Ez zuela inolako irrati-komunikaziorik nahi eman zuen aditzera Galán-ek. Ez berririk jaso, ez berririk eman.
–Baina orduan, nola jakin ahal izango dugu Espainiako gainerako kuartel eta herrietan zer gertatzen ari den? –azaldu zuen bere ezinegona madrildarretan batek.
–Ez daukagu zertan jakinik –erantzun zuen Galán-ek–. Haiek altxatu badira ez badira, gu altxatu gara. Geureari begiratu behar diogu, ez besteenari.

–Gainera, aldekoak badira poz hartuko dute gu bidean ikusita. Aurkakoak izatera, emango die zer pentsa gure adoreak. Eta dudamudatan badabiltza gure aldera jo dezaten arrazoia izango da zenbat eta zenbat garen frogatzea.

“Eta zalantza? Non topatu zuen zalantza?”
–Bitxilore batean –altxatu zuen ahotsa Labaka sarjentuak.
–Bitxilore batean? –harritu zen erantzunaz Galán–. Zer dela eta bitxilore batean?
–Orriak topatuz joan zelako bidean. Bai-ez, bai-ez, bai-ez... aletutakoak zirela pentsatu zuen. Eta bitxilorearen bihotzgunera iristean, han aurkitu zuen zalantza, biluzik.

“Hanka-punttetan egin behar da sermoia” entzun izan nion askotan Aita Etxalarri. “Orpoetan babarik egiteko arriskurik ez duzu zuk orduan!” erantzun nion, estreinakoz esan zidanean. Barre egin zidan nire hitzen gozoak puzturik. Esateko era omen zen hura. Ikasi behar omen nuen hitzak azalean zioena baino sakonerago jotzen, barrurago, muinerago. Hanka- punttetan aritzea nonbait zen, erne egotea, sortu ahala esanaz eta esan ahala sortuaz.

Kontuz ibiltzeko senarekin esan zidan, sena zela datu guztiak ez dituztenen nahitaezko makulu. Gezurrak ez ezik, senak ere hankak laburrak dituela eta eskarmentuak erakusten duela, eta ez senak, nondik nora ibili. Eromena aspaldian abiatu zela gainerako sentimendu, dohain, akats eta bekatuen bila. Denak topatu omen zituen. Baina ez senik. Senak nonbait eromenaren azalean sartzen zekien, eta norbere azaleko hura izaten omen zen aurkitzen zailena.