Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2009ko abenduaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
6719

620/2009 Dekretua, abenduaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudia hirugarrenez aldatzen duena.

Indarrean den Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuak onartu zuen eta otsailaren 22ko 32/2005 Dekretuak (2005eko martxoaren 7ko EHAA) eta bigarrenez aldatzen duen apirilaren 1eko 55/2008 Dekretuak (2008ko apirilaren 15eko EHAA) zati batean aldatu zuten.

Oraingo arauak, arautegietan oso oinarrituta baitaude, sektoreko egoera sozio-ekonomikora egokitu beharrak eragin ditu aldaketa horiek. Horretarako, sektorean gertatu diren aldaketak bingo-jokoaren lokalen enpresaburuek adierazitako kezkak hartu dira kontuan.

Egindako erreformak eta erreforma-proposamenen iraunkortasuna bingo-jokoaren modalitateei aplikatu beharreko kentze-ehunekoen egokitzapenaz ari dira gehienbat. Araudiak ez du denbora-egonkortasunik izan puntu horretan, baina ez bakarrik gaia aurreikusi ez delako edo horretan asmatu ez delako, baizik eta, batez ere, araututako sektoreak izan dituen aldaketengatik.

Herrizaingoko sailburuari habilitazioa eman zaio zehaztu dezan, bingo-araudiaren garapenean, zenbateko kentze-ehuneko aplikatu behar zaien bingo-jokoaren modalitateei. Horrekin, batera lortu nahi dira araudia iraunkorra izatea eta gai berezi hau joko-merkatuaren gorabeherei eta beharrizanei egokitzea, hala egin baitute beste autonomia-erkidego batzuetan.

Hori dela bide, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, Jokoaren Euskal Kontseiluak aldeko txostena eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Batzordearen 2009ko abenduaren 15eko batzarrean eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudiaren 29. artikulua aldatzea. Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onetsi zen. Hona idazketa berria:

«29. artikulua.- Sarien ordainketa.

1.- Sariak esku-dirutan ordainduko zaizkie jokalariei edo, ezin bada, txeke adostuaren bidez, jokalaria aldez aurretik ados agertzen bada.

2.- Sariak partida bakoitzaren bukaeran ordainduko dira, saridun txartelak jaso eta egiaztatu ondoren. Txartelok osorik aurkeztu behar dira, zalantza sor dezakeen manipulaziorik gabe. Txartel horiek Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak eskatu ahalko dituzte, hilabete bateko epean.

3.- Saria ordaintzen ez bada, jokalariak enpresak eginiko fidantza atxikitzeko eskatu ahalko dio Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, idatziz, saria kobratzeko.

4.- Partida bakoitzean kartoiak salduz biltzen den diruaren zati bat sariak ordaintzeko izango da. Diru hori, Herrizaingoko sailburuaren agindu batean ezarritako ehunekoa aplikatuz kalkulatuko da, eta berariazko arauetan bildutako joko-modalitateen arabera banatuko da».

Bigarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudiaren 31. artikulua aldatzea. Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onetsi zen. Hona idazketa berria:

«31. artikulua.- Sarien banaketa.

Bingo tradizionaleko partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren ehunekoak, Herrizaingoko sailburuak araudi hau garatzeko emango duen agindu bidez zehazten direnak».

Hirugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudiaren 33. artikulua aldatzea. Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onetsi zen. Hona idazketa berria:

«33. artikulua.- Sarien banaketa.

1.- Bingo pilatuaren saria, Herrizaingoko sailburuak araudi hau garatzeko emango duen agindu bidez zehazten den txartelaren ageriko balioaren ehunekoa izango da. Zenbateko hori partida bakoitzean deskontatuko da bingorako ehunekotik, eta bingo pilatuaren saria lortuko den partidara arte pilatzen joango da.

2.- Bingo pilatuaren sarirako metatzen joan den zenbatekotik, Herrizaingoko sailburuak araudi hau garatzeko emango duen agindu bidez ezartzen den ehunekoa deskontatuko da, saria ematen denean. Zenbateko hori, erreserba-bingo moduan, bingo pilatuaren hasierako kopurua izango da eta hurrengo partidan lortutakoari gehituko zaio. Herrizaingoko sailburuaren agindu bidez ezarriko da irabazle gertatzen den erabiltzaileari edo erabiltzaileei eman beharreko ehunekoa».

Laugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudiaren 37. artikulua aldatzea. Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onetsi zen. Hona idazketa berria:

«37. artikulua.- Sarien banaketa.

1.- Partida bakoitzean banatuko den saria hauxe izango da: partidan saldu diren txartelen ageriko balioaren ehunekoak, Herrizaingoko sailburuak araudi hau garatzeko emango duen agindu bidez zehazten direnak.

2.- Sari " bereziaren" zenbatekoa hauxe izango da: joko-modalitate hau duen lokal bakoitzean jokatu diren txartelen ehunekoa pilatzean lortutakoa. Herrizaingoko sailburuaren agindu bidez ezarriko da.

Interkonektatutako bingo pilatuari dagokion kopurua, bingo-joko tradizionalean aritzeko sarien ehunekotik kenduko da partida bakoitzean; gehienez ere 25.000 euro pilatuko dira.

3.- Aurreko paragrafoan aurreikusitako gehienezko kopurua lortuz gero, hor aipatzen den kentze-ehunekoa ohiko bingoaren sarirako erabiliko da.

4.- Ateratzeko ordenaren arabera, hogeita hamaseigarren bola da interkonektatutako bingo pilatua lortzeko gehieneko bola. Gehieneko kopurura heltzen denean, saria lortu arte egun bakoitzeko bola bat gehiago izango da».

Bosgarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudiaren 41. artikulua aldatzea. Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onetsi zen. Hona idazketa berria:

«41. artikulua.- Sari " berezia" .

1.- Sari " berezia" interkonektatutako bingo pilatuarekin batera jokatzen da. Joko horretan, bingo tradizionalekoaz gain, sari gehigarria lortuko da modalitate hori duten bingoan jokatzeko lokaletan, ateratzeko ordenaren arabera izan den bola-zenbakia kontuan hartuta eta artikulu honetako 5. zenbakian xedatutakoarekin bat etorriz.

2.- Sari " bereziaren" zenbatekoa hauxe izango da: joko-modalitate hau duen lokal bakoitzean jokatu diren txartelen ageriko balio osoaren ehunekoa pilatzean lortutakoa. Herrizaingoko sailburuaren agindu bidez ezarriko da.

3.- Jokalariek sari " berezia" irabazteko aukera izango dute, artikulu honetan ezartzen den eskalaren arabera, saria aipatu zenbatekora heltzen denean. Behin sari " bereziaren" kopurura iritsita, aipatutako ehunekoa kentzen jarraituko da; diru hori erreserba " berezirako" gordeko da, eta erreserba hori hasierako dotaziora eramango da, aurreko sari " berezia" ordaindu ondoren.

4.- Ateratzeko ordenaren arabera, sari " berezia" lortzeko azken bola berrogeita seigarrena izango da, berau barne. Dena den, sari " bereziaren" zenbatekora heldu baina aurreko puntuan ezarritako azken bolarekin jokalari batek ere ez badu saria lortu, egingo den partida bakoitzeko bola bat gehiago aterako da, sari " berezia" eman arte.

5.- Konbinazio irabazle bat baino gehiago badago, saria irabazle guztien artean banatuko da.

6.- Sari " bereziaren" zenbatekoa zein izango den zehazteko, bingo-aretoek Foru Aldundiei urtean egindako erosketak hartuko dira kontuan, hain zuzen, puntu honetako erosketa-eskala aplikatzen den ekitaldiaren aurreko urteko abenduaren 31n egindakoak.

Sari " bereziaren" gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak, urtean egindako erosketen arabera:

URTEKO EROSKETAK SARI " BEREZIAK"

4.000.000 eurora bitartekoak 100 euro - 1.000 euro

4.000.001 eurotik 8.000.000 eurora bitartekoak 200 euro - 1.000 euro

8.000.001 eurotik 16.000.000 eurora bitartekoak 350 euro - 1.000 euro

16.000.000 eurotik gorakoak 500 euro - 1.000 euro

Sarien eskala 50 euroko zatikitan handitu ahal izango da, salmenta-tarte bakoitzaren arabera.

7.- Bingo-areto bakoitzak, saio berean, dituen sari " berezietako" edozein eskaini ahal izango die jokalariei, baldin eta une bakoitzean ezarritako saria eman bada.

8.- Mahaiko arduradunak, egun bakoitzeko saioa hastean, sari " bereziaren" zenbatekoa eta hori lortzeko bola ateratzeko ordena zein diren jakinaraziko du. Halaber, sariaren zenbatekoa aldatuz gero, horri dagokion partida hasi baino lehen jakinaraziko du.

Era berean, sari " berezirik" dagoen eta bola ateratzeko ordena zein izango den esango du dagokion partida baino lehen eta saria eman arte».

Seigarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko bingo-jokoaren Araudiaren 42. artikulua aldatzea. Araudia otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren bidez onetsi zen. Hona idazketa berria:

«42. artikulua.- Joko-modalitaterako baimena.

1.- Joko-modalitate hau eduki nahi duten enpresek idazki bat bidali beharko dute Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzara eta, horrekin batera, aurreko ekitaldiko salmenten bolumenari buruzko dagokion Foru Aldundiaren ziurtagiria ere bidaliko dute. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan aurkeztu den dokumentazioa aztertu ondoren, Araudi honetan ezartzen diren betekizunekin bat etorriz, baimena emango da (hala badagokio). Eskabidea, gainera, enpresarien elkarteak ere aurkeztu ahal izango du berak ordezkatzen dituen bingo-areto guztien izenean.

2.- Baimenak, ematen den urte naturaleko indarraldia izango du, eta besterik gabe berritu ahal izango da.

3.- Baimendutako enpresak urtero-urtero egokitu beharko dira aurreko ekitaldiko salmenta-kopuruaren arabera dagokien eskalera, araudi honen 41.6 artikuluan ezarritakoari jarraiki. Horretarako, hala jakinarazi beharko diote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, ondorioak izatea nahi den ekitaldiko urtarrilaren 15a baino lehen. Halaber, aurreko urteko abenduaren 31n izandako salmenten bolumenaren ziurtagiria ere bidaliko dute. Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak horren gainean berariazko ebazpenik eman ez badu egutegiko hamar eguneko epean, eskala berrian sartzeko baimena ematen dela ulertuko da.

4.- Nolanahi ere, baimendutako enpresek sari bereziaren gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak aldatzeko eskatu dezakete, betiere araudi honetako 41.6 artikuluko eskalaren arabera, eta eskaera-egunaren aurreko hiruhilabetean izandako erosketak erreferentziatzat harturik.

Salmentak zehazteko, urte osoa hartuko da aintzat, eta kasuan kasuko hiruhilabeteari dagokion proportzioa kalkulatuko da.

Eskaerarekin batera, interesdunak dagokion foru aldundiaren egiaztagiriak aurkeztuko ditu. Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak horren gainean berariazko ebazpenik eman ez badu hamar egun naturaleko epean eskaera egiten den egunetik hasita, sari bereziaren gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak eskala berriaren arabera aldatzeko baimena ematen duela ulertuko da».

Zazpigarren artikulua.- Otsailaren 10eko 31/2004 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoa aldatzea eta honela idaztea:

«Lehena.- Herrizaingoko sailburuak izango du honako Dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak emateko ahalmena; eta batik bat, honako hauei dagozkiena:

a) Bingo-jokoaren modalitate ezberdinetan erabili beharreko joko-txartelen ereduak eta ageriko balioa.

b) Bingo-jokoaren modalitate ezberdinetako joko-arauak.

c) Dekretu honetan ezarritako balizko konbinazio-lote bakoitzaren joko-txartelen kopurua aldatzea, eta bingo modalitateetako sarien ordena aldatzea.

d) Bingo-jokoaren modalitate ezberdinetako sariak banatzeko ehunekoak».

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Herrizaingoko sailburuak araudiaren 29., 31., 33., 37. eta 41. artikuluetan adierazten diren kentze-ehunekoak zehazten ez dituen bitartean, aurreko araudian ezarritakoak aplikatuko dira.

Bigarrena.- Dekretu hau indarrean sartzen denetik hasita, hilabeteko apean gehienez, bingo-enpresek sari bereziaren gutxieneko eta gehieneko zenbatekoetara egokitzeko baimena eskatu beharko dute, betiere, bingo-jokoari buruzko araudiaren 41. artikuluko eskalaren arabera. Horretarako, aurreko urtean abenduaren 31 arte izandako salmenta-bolumenaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko abenduaren 15ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala