UPV/EHU-ren eta Osalanen arteko hitzarmena, Erizaintzako graduaren kanpoko praktika akademikoak egiteko.

Osalanek Hezkuntza-lankidetza hitzarmena sinatu du EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin, Erizaintzako graduko ikasleek Osalanen egoitzan kanpoko praktika akademikoak egin ditzaten.

Prestakuntza gisa, kanpoko praktika akademikoak egiten dituzte ikasleek, Unibertsitateak gainbegiratuta; horien xedea da lan-munduan sartzeko beharrezko trebakuntza profesionala bermatuko duten gaitasunak eskuratu ditzaten laguntzea, hau da, enplegagarritasuna erraztea eta ekintzailetzarako gaitasuna sustatzea.

Helburuetariko bat da erizaintzako gradudunei ezagutaraztea lan-erizaintzaren espezialitatearen arloan zer-nolako funtzioak egiten diren eta jarduera nagusiak zein talderi zuzentzen zaizkien (alegia, lanean diharduten herritarren osasuna babestea).

Hitzarmenaren arabera, Osalanek aukeratuko du lan-eskarmentua eta beharrezko ezagutzak dituen irakaslea, ikasle guztiei tutoretza eraginkorra eman ahal izateko. Pertsona hori arduratuko da trebakuntzari dagozkion jarduerak antolatzeaz, praktika-programako arduradunaren eta tutorearen arabera.

Osalaneko irakasleen funtzioen artean, honakoak egongo dira: ikasleari harrera egitea, horren jarduerak gainbegiratzea, orientazioa ematea eta praktikaren garapena kontrolatzea, elkarren arteko errespetuan oinarritutako eta ikaskuntzarekin konpromisoa duen harreman batez; antolakuntzaz nahiz erakundearen zein intereseko araudiaren funtzionamenduaz informatzea, batez ere segurtasunari eta lan-arriskuei dagokienez; praktikak gauzatzeko beharrezkoa duen trebakuntza gehigarria ematea, eta laguntza ematea erakundean egon bitartean, ikasleak bertan gauzatzen dituen jardueretan sortzen diren arazoei erantzuteko.

2018ko uztailaren 9an Osalanek egindako prentsa oharra (pdf, 329 KB)