Ikerbasquek mundo osoko 20 zientzialari gazte kontratatzeko Research Fellow programaren deialdi berria ireki du

Argitalpen-data: 

IKERBASQUEk Research Fellow programaren 2018ko deialdia abian jarri du. Research Fellow programa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatu nahi du. Aurreko bi deialdi arrakastaz burutu eta gero (58 lagun kontratatu  dira jada), IKERBASQUEk deialdi berria ireki du beste 20 ikertzaile kontratatzeko, 2017ko deialdian baino bost gehiago.

 

Research Fellow programak funtzio bikoitza du: alde batetik, atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea (euren ibilbideko une batean joan ziren bertoko ikertzaileak barne), eta bestetik, Euskadin ikertzen dihardutenei beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea.

 

Deialdi honen bidez bereziki Euskaditik kanpo lanean dauden euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da. Helburu hau lortzeko, eskainitako lanpostuen %30 Euskadiko ikertzaileei zuzenduta daude. Ikerbasqueren aurreikuspena da 4 urtean goi mailako 20 ikertzaile baino gehiago itzuli ahal izatea.

 

IKERBASQUEk 7 milioi euro lortu zituen 2013.urtean, Europako Batzordetik programa honetarako, Bruselak garapen zientifikorako ekimen europar onenetariko gisa hautatu eta gero, Europa guztiko aurkeztutako 64 proposamenetatik artean. Eusko Jaurlaritzak programa kofinantzatzen du, Euskadin zientzia sustatzeko duen konpromisoaren adierazle. Honi esker, IKERBASQUE nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatzen da.

 

Ezagutza arlo guztietako eta hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten mundu osoko ikertzaileek aurkez ditzakete beren eskaerak IKERBASQUE Fundazioaren web

 

gunearen bidez (www.ikerbasque.net ) martxoaren 15 arte. Plazetara aurkezten diren ikertzaile guztien nazioarteko ebaluazio-prozesu sakona egingo da, Europako Batzordearen irizpideen araberakoa. Ekimen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskaditik kanpo lanean ari diren euskal ikertzaile gazteen itzulera bultzatu nahi du batez ere, goi mailako ikertzaile gazteen «harrobi» bat sustatzeko helburuarekin.

Informazio gehiago