Eusko Jaurlaritza Viralgen terapia genetikoko zentroaren inaugurazioan izan da; zentro paregabea da Europan eta bektore birikoak garatzeko lehena

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin eta Jon Darpón Osasun sailburuarekin batera, VIRALGEN terapia genetikoko zentroaren inaugurazioan izan da. Bertan, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak “gure herrialderako etorkizuneko inbertsio handia ekarriko duten proiektuak martxan jartzea ahalbidetzeko hurbiltasuna, elkarlana eta laguntza eskaintzen jarraitzeko” duen konpromisoa nabarmendu du.

Ekitaldian, bisita egin da Viralgeneko instalazioetara eta, gero, inaugurazio-ekitaldia izan da. Bertan, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Ainhoa Aizpuru konomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatua eta Javier García Cogorro Viralgen Vector Coreko zuzendari nagusia izan dira, besteak beste.

Viralgen terapia genetikoa garatzeko eta bektore birikoak ekoizteko zentroa da, patologia genetikoei heldu eta gaixotasun arraroen kontra borrokatzeko. “Bektore” kontzeptuaren bidez, Lehendakariak terapia genetikoko zentro honen bektore ekonomikoa, ikerketaren bektorea, osasunarena eta herrialdearena nabarmendu ditu.

Bektore ekonomikoa dela eta, Lehendakariak nabarmendu du inbertsio garrantzitsua dela etorkizuneko sektorean. “Inbertsioa, Berrikuntza, Industria, Nazioartekotzea dira gure politika ekonomikoaren oinarriak, eta proiektu honen bidez, beraz, gure helburu guztiei erantzuten zaie”, esan du. Horrela, Urkullu Lehendakariak azaldu du inbertsio honek jarduera sortzen duela teknologikoki lehiakorra eta lanbide-trebakuntza handikoa den sektorean, batik bat emakumeak dituen sektorean.

Ikerketaren eremua dela eta, Lehendakariak esan du enpresa hau ezartzeak espezializazio adimendunaren RIS 3 Estrategia sendotzea dakarrela. “Viralgen sortu izanak bioteknologiaren sektorea sustatzen du eta eragile-efektua gauzatzen du”, esan du.

“Ongi etorria ematen diogu terapia genetikoari; hura gaixotasun arraroak sendatzen lagun dezaketen tratamendu berrien osasun-ikerketan oinarritzen da”, esan du Lehendakariak, osasun-eremuari dagokionez.

Era berean, herrialdearen bektorea dela eta, Lehendakariak zentroaren esklusibotasuna nabarmendu du; izan ere, zentro paregabea da Europan, eta bektore birikoak garatzeko lehena. “Gure helburua Europako enpresa farmazeutiko handiek intereseko herrialde gisa ikusaraztea da”, esan du.

Amaitzeko, Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak jarraituko duela euskal ekosistema ekonomikoa hobetzeko lan egiten. “Teknologiaren eta ikerketaren eremuetan inbertsioak eta talentua erakartzeko lanean. Gure proiektuak nazioartera zabaltzeko lanean. Elkarrekin lan egiten, kalitateko enplegu-aukera berriak sortzeko”, esan du Lehendakariak.

Informazio gehiago