Euskadin beharrezkoa da lurralde osoan hornidura eta saneamendu kudeaketa profesionala zabaltzea, etorkizunean, hiriko hondakin-uraren arazketari buruzko Europako zuzentarauaren urraketarik ez emateko

Argitalpen-data: 

Euskadin beharrezkoa da EAEko hiri-aglomerazio guztietan hornidura eta saneamendu kudeaketa profesionala zabaltzea,  etorkizunean hiriko hondakin-uraren arazketari buruzko zuzentarauaren urraketarik ez emateko. Aste honetan Espainiak isuna jaso du 15.000 biztanle baliokidetik gorako 17 aglomeraziotan zuzentaraua era errepikakorrean ez betetzeagatik; isuna: 12 milioi euro orain arte aintzat ez hartzeagatik, eta 10,9 milioi euro seihilabeteko akatsak zuzendu arte.

Euskadiko hiri-aglomerazioek oraindik zehapenik jaso ez badute ere, Europar Batasunak dagoeneko Euskadiko aglomerazioak barne hartzen dituzten bi prozedura hasi ditu saneamenduari buruzko 91/271 Zuzentaraua ez betetzeagatik; oraindik, Euskadin ere, ibilguetara tratatu gabeko isurketak ematen direlako eta informazio hori URAk jakinarazten du.

Euskadiko 2.000 biztanle baliokidetik gorako 44 hiri-aglomerazioetatik gehienak dagoeneko badute kolektore sarea eta lurralde-araztegia hondakin-urak ondo tratatu ahal izateko. Hala ere, aglomerazio batzuetan oraindik ez zaie hirietako hondakin-urei (etxekoei zein industriakoei) tratamendu egokia ematen.

Hori da, adibidez Busturialdea-Gernika, Oion edo Aguraineko aglomerazioen kasua, bertan URAk saneamendu lanak aurrera daramatza toki-administrazioa laguntzen (49, 3,8 eta 8 milio euroko inbertsioa, hurrenez hurren); eta Laudio-Amurrioko aglomerazioan Ministerioak konprometitutako kolektore eta araztegiak egingo ditu.

Kasu horietan, beharrezkoak diren azpiegiturak eraikitzeaz gain, beharrezkoa da kudeaketa ereduan ahalmen tekniko eta ekonomiko nahikoa bermatzea,  gaur eta etorkizunera begira, uraren hiri-zikloaren zerbitzu osoa eskaini ahal izateko. Zerbitzu horrek zaindu beharko ditu: kolektorera doazen isurketak, hondakin-ur guztiak era egokian jasotzea, ingurunera heltzen diren isurketak ahal bezain gehien murriztea, araztegiaren funtzionamendu eraginkorra, azpiegituraren mantentzea eta zerbitzatzen duen populazioaren aglomerazioaren gaurko eta etorkizuneko beharrei moldatzea.

Informazio gehiago